Euskerea berbagai  IV. urtea // 114. zenbakia

Idatziozu maite dozun horri


Sariak

Gabonak udeagaz batera ailegauko dira aurten antza danez: motor bat, eskuko telefonoak, bideo jokoak, Athleticeko eta Realeko jokalarien kamisetak, CD-ROMak, MP3ak... 100 letraguneren truke!

Edozelako mezurik ez

Sariketeak arau zehatz batzuk ezarri dauz mezuak osotzeko orduan partehartzaileek baldintza batzuk argi izan dagiezan:

1.- Maite dozun horrentzako mezua izan behar dau.
2.- Mezua 100 karakterekoa izan daiteke, gehienez jota.
3.- Euskeraz idatzi behar da, euskera bizi eta askean.
4.- Ez sartu mezu xenofobo, homofobo, xfobo edo iraingarririk; ez dira onartuko.

Bota mezua!

Xabier Paia

Berez Ruper Ordorikaren kantu ezagun baten letra emoten dau eta egia esateko, esaldi honek gordeten dauen ekimenaren eta Ruperren kantuaren artean badago lotura zuzena. Izan be, Ruperrek maite doguna zaintzeko esaten deusku eta XXI. mendeko maitasunak karaktere kopuru mugatua dauka.

Asteak izango dira telebista-kate gehienek azaldu ebela gaur egungo gazteek telefonoa larregi erabilten dabela. Batzuena benetako gaixotasun izateraino ailegau leiteke, baina beste askoren artean be bada beste minbizi bat: gaztelaniarena. Berba egiteko ohitura faltea daukanari trabak baino ez jakoz iminten idatzizko mezu labur bat bota gura deutsonean lagun bati. Telefonoaren arabera, segurutik ez dau sistemea euskeraz izateko aukerarik izango (izan ezkero be, 4HE gainditu beharko dau zehazki funtzinoen esangurea ondo asmetako) eta mezuak sortzeko testuen hiztegia erderaz baino ez dau eukiko. Ohitura gitxi, gogo gitxi eta ganera traba teknologikoak?

Hain zuzen be, teknologia barriek idazteko eta komuniketako sistema barriak sortu dabezanez, hainbat gizarte zein hizkuntzatan, eskuko telefonoen SMS mezu laburren komunikazino sistemea, batez be gazteen arteko komunikazino bide labur eta azkar bihurtu da eta hortxe jo gura dau aldabea UEMAk.

Udal Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, eskuko telefonoen SMS mezuen lehiaketea antolatu dau, lehen aldiz. UEMA osotzen daben udalerriak Euskal Herriko gune euskaldunenak dira. Udalerri euskaldunenetan euskerea da nagusi eguneko hartu-emon arruntetan behintzat. Izan be, udal euskaldunetan berezko euskal sareek (familia, lagunartea, eskolea, administrazinoa, gizarte-zerbitzuak...) erreztu egiten dabe euskerearen erabilerea. Gune horreetan euskerea jator mantentzen bada be, UEMAk hau ekimenau martxan jarri dau udalerri horreetako gazteak hizkuntzeagaz olgau dagien. Baina, jakina, horrek ez dau esan gura UEMAn dagoan herriren batekoa ez bazara ezin dozunik sariketan parte hartu!

Bi modutan parte har leiteke: batetik, www.smsariketa.org webgunearen bitartez, eta, bestetik, 5649 telefono zenbakira mezua bialduz.
Mezuak bagilaren 15a baino lehen bialdu behar dira. Hortaz, epea aste honetan amaituko da eta epaimahaiak astebete geroago emongo dauz irabazleen izenak.