No sos vos, soy yo
Andreak Javier laga eta Miamira alde egin dau bere aitaren lagun bategaz. Gauzak holan dirala, filmeko protagonistea, Javier, etxe, behar eta andra barik geratu da Buenos Airesen, porrot eginda. Etxetik kanpo egonaldi luzeak egin ohi dabezan gurasoakaz bizi beharko dau ostera be eta lantzean-lantzean psikoanalistearenera joango da tristezia arindu eta bizipoza topau guran.
Juan Taraturo zuzendariak komedia dibertigarria egitea lortu dau. Bilbea ez da lar ikusgarria eta unekada batzuetan ez dago ondo josita, baina pelikula honetan azaltzen jakuzan egoerek benetan merezidu dabe, komedia guztiek jadetsi beharreko helburua beteten dabelako: barre eragitea, hatan be.
Ganera, alkarrizketak ironia finez eta gusto handiz atondu dauz, mueta honetako argumentuetan ohikoak diran topiko matxistetan eta arrunkerietan sartu barik. Egia da narrazinoaren alderdi dramatikoa nahiko indargea dana eta desamodioaren ganeko hainbat eszena sobran dagozana. Edozelan be, umorea bideratzeko preparautako sekuentziek erritmoaren ibilbidea jorratu eta ikus-entzuleen interesari eusten deutsie arazo barik. Bestalde, Diego Paretti protagonista nagusiaren antzezpen-lana zoragarria da eta musikeak be laguntzen deutso filmaren osotasunari.
Laburbilduz, 'No sos vos, soy yo' pelikula argentinarra komedia onargarria ez eze gomendagarria be bada. Barre egingo dozue.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoilaria: Juan Taratuto.
- Herrialdea: Argentina.
- Iraupena: 105 minutu.
- Antzezleak: Diego Peretti (Javier), Soledad Villamil (María), Cecilia Dopazo (Julia), Marcos Mundstock (Psikologoa), Luis Brandoni (Maríaren aita), María Eugenia Tobal (Lola), Mariana Brisky (Laura), Hernán Jiménez (Martín), Roly Serrano (Etxepare).
- Argazkia: Marcelo Iaccarino.
- Muntaia: César Custodio.