Galiziako hauteskundeak eta PPren oposizino pankarteruak Euskadin eraginik izango ete dabe?
Iñaki Atxutegi
Galizian bertako Parlamentua aukeratzeko hauteskunde kanpainian dagoz. Gutako askok esaten dogu arinkeri handiz honeek hauteskundeok galiziarren kontua baino ez dirala. Baina hobeto pentsauta, nik esango neuke hauteskunde honeek guk uste baino zerikusi handiagoa daukala gure kontuekaz.
Galizia Alderdi Popularraren gotorlekua izan da beti. Gehiengo osoa atara izan dau beti, batez be Manuel Fraga ministro frankista ohiak presidentzia eskuratu izan ebanetik. Lau biderrez atara dau gehiengo osoa Fragak Galizian. Espainiak emon ez eutson estatusa Galiziak emon deutso Fragari. Eta beste faktore bat: ez daigun ahaztu Raxoi bera be galiziarra dala.
Orain aldaketea ei dator. Badirudi Sozialistak eta Bloke Nazionalista Galegoko abertzaleak alkarlanean gehiengoa ataratzeko gauza izan leitekezala. Batek jakin!. Fragasaurio zaharrak laurogei urte pasatxo daukaz eta bizitza osoa emon dau boterearen ondoan. Haren ospea eta, batez be, Galiziako kazike zaharren eragina ez dira nahiko izango presidentziari eusteko. Edo hori esaten deuskue, behintzat. Ikusi arte ez dogu sinistuko.
Kontuak kontu, ez dot uste nik Galiziako parlamenturako hauteskunde honeek Galizian bakarrik eragina izango dabenik. Madrileko parlamentura begira be irakurriko dira emoitzak. Popularrek behin ta barriro errepetidu dabe Sozialistek igaz lortutako garaipenea faltsua izan zala, Atotxako atentaduak aprobetxau ebezalako. Baina Fragak gehiengoa lortzen ez badau, popularren makaltasuna nabarmena izango litzateke. Urte ta erdi honeetan zehar esandako guztia jan egin beharko leukie popularrek.
Hori dala eta, ez da harritzekoa popularrek antolatu daben manifestazino-sortea. ETAgaz negoziazinorik ez dala egin behar alde batetik, Salamancako papelak mobidu behar ez dirala bestetik, homosexualen ezkontzeen kontrakoa… Bere sasoian salatzen edo gitxiesten eben oposizino pankarterua dabilz egiten popularrak. Galtzeko asko dauka Alderdi Popularrak. Horrexegaitik dabilz hareen jarraitzaileak mobilizau guran, Galizian eta Espainian.
Hauteskundeetatik ondo urten ezkero, oposizino beroarena bide egokia izan leitekela frogatuta geratuko litzake, Acebesek eta Aznarrek proposatzen dabena, hain zuzen. Fragak Gobernua galtzen badau krisi larrian sartuko litzateke Alderdi Popularra. Raxoiren lidergoa be kolokan geratuko litzateke. Joan dan astean Rodrigo Ratok Madrilen egindako bisitan jaso dauen harrerea onak frogatuko leuke botere ekonomikoek ez dabela begi txarrez ikusten aldaketaren bat Alderdi Popularreko ejekutiban.
Hauteskundeek Euskadiko bizitza politikoan be eragina izango dabela uste dot. Sozialistak indartuta urteten badira arrazoi bat gehiago izango leukie euskal gatazkearen ganeko politika ausarta egiteko. Popularren indarra sentiduten badabe, ostera, gatxagoa izango litzateke keinu gehiago ikustea Espainiako gobernuaren aldetik. Erne egon gaitezan Galiziako emoitzak inportanteak izango dira eta.