Markosen txarria
Markosen txarria
1
Markosek egin eban
lastozko zubidxe
bertatik pasatzeko
bera ta txarridxe.
Hasi ziran pasatzen
jausi zan zubidxe
Markosek hartu eban
kristoren ostidxe.
2
Errekatik urten zan
goraino bustirik
ganera sikatzeko
ez zan eguzkirik.
Egindakoarekin
guztiz damuturik
barriz ez dau egingo
lastozko zubirik.
3
Horrelaxe hil jako
makina bat pizti
baina aurrera doa
euri zein eguzki.
Markosi bardin jako
busti zein ez busti
errekan zehar doa
txarri eta guzti.
4
Erreka baztarrean
guardarekin kezka
lizentzi barik egin
ete dauen peska.
Eskuak gora jasoz
Markosen protesta:
“hau nire txarria da
arrankaria ez da!”.
5
Erreka pasa eban
berak ozta-ozta
gero guarda dala ta
txarri horrek ospa.
Markos beran atzetik
mekaguendioska:
“erreka pasatzea
ez jat gitxi kosta!”
6
Markosen txarria zan
artoz hasikoa
San Martinetarako
berebizikoa.
Markosi alde eginda
hor igesi doa:
agur solomo eta
urdaiazpikoa.
7
Txarria maite eban
eta ez besterik
munduan ez egoan
halako piztirik.
Pentsetan dago hilda
ala dan bizirik:
“txarria topau ezin
halako ostirik!”
8
Bere txarrian bila
behera eta gora
igesi egin deutso
ta ez daki nora.
Eta pentsamentu hau
jatorko gogora:
'gatzunaskaren baten
gordeta egongo da'.
Xabier Arriaga 'Txiplas'
'Bostak eta iluna, txarria hilteko eguna'. Halantxik dino esakereak eta honezkero sartu gara sasoian. Zemendiagaz batera ordu aldaketea, egunaren laburra bistan eta txarriari be heldu jako bere sanmartina. Baserriaren tradizinoan aparteko hitzordua da sasoi honetan egiten dan txarribodea. Urtean loditutakoa hil, erre, txorizoak egin, buzkantzak banatu, urdaiazpikoa gorde...hori bai, lehenengo eta bat txarria harrapau behar!
Trantze horretan dabil hona dakargun bertso-sortako pertsonaia, Markos, bere txarriagaz bizitako abentureari esker, bertsolaritzearen barruan fikzinozko morroirik kantatuena bihurtu dana. Xabier Arriaga 'Txiplas' errigoitiarra da sorta honen egilea. Txiplasek egin dau bere lekua Bizkaiko bertsogintzan. Bat-batean xelebrea baizen freskoa, bere abizenak eskatzen eban mailara heldu zan: Arriagan kantau eban, 90eko eta 98ko Bizkaiko Txapelketetan. Tartean lau bat urteko kartzelaldia sufridu eban, baina bertsoari ez eutson etenik emon, ezta pentsau be! Makina bat bertso jarriko zituan eta hori gitxi balitz, Espainiako epaile bati be bertsotan erantzun eutson.
Markosen txarriarenak bertso ezagunak dira. Sortako lehenengoa herrikoia da, doinu eta guzti. Txiplasek ha bertsoa nonon entzun eta sokeari tiraka bat kantau, bestea idatzi eta hurrengoak jarri, istorio ederra osotu eban. 80. hamarkadea zan eta bertso-eskolen loraldi haretan buruz ikasi genduan askok eta askok, eta afarietan erraz urtetan dauen kantuetako bat da. Umorez eta erritmo politean kontautako istorioa da, euskera fresko eta lotura naturalekoa, erraz ikastekoa eta, aitatu moduan, lagun artean kantetako aproposa. Meritu handiko sortea.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketea 2002 // Lehen finalaurrea (Igorre)
Unai Iturriagak ez eban hutsik egin eta durangarrak finalerako txartela patrikeran dauka. Fredi Paia algortarrak be saio orekatua egin eban eta puntuazinoaren arabera, finalean sartuko da.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketea 2002 // Bigarren finalaurrea (Bermeo)
Saio ederra. Onena Iratxe Ibarra izan zan 422 puntugaz, Beñat Gaztelurrutiak, barriz, 419 lortu zituan eta Igor Muniategik 412,5. Unai Iturriagagaz batera, Iratxek eta Beñatek finalerako txartela lortu dabe; ganerakoek puntuazinoaren zain egon beharko dabe. Gogoratu, azken finalaurrea Getxon izango da abenduaren 1ean, domekan, Getxo Antzokian. Final nagusia, barriz, abenduaren 8an, Euskalduna Jauregian.
Iñaki Aurrekoetxea