Birusen belanauldi barria
Bizkaie!
Danetarik ikusi dogu daborduko. Gure ekipoan sartu eta informazinoa borretan deuskuen birusak; gure IP helbidea lapurtzen deuskuenak; Sarean bertan gagozan bitartean, webguneen datuak bilatzen dabezanak; ekipoa zelan edo halan izorratzen deuskuenak, disko gogorra formateau edo sistemako fitxeroak kentzen deuskuezanak; ekipoa amatau eta biztu egiten deuskuenak; postako helbideak lapurtu eta bertako helbideetara zabaltzen diran birusak... Kolore guztietakoak, berba gitxitan esanda.
Honetan be, teknologia edo teknologiaren atzetik dagoan personearen imajinazinoa? zuhurtasuna? maltzurkeria? min egiteko gogoa? teknologian aditua izatea?
Oraintsu, birus barria topau dabe: beste birus askoren antzera, ‘Troiako zaldia’ moduan sartuko jaku ekipoan baina bere betebeharra nahiko bitxia da. Birus barri hau ‘pgpcoder’ izenaz agertzen da. Disko gogorreko informazinoa borrau beharrean, fitxeroak kodifikau egiten ditu. Holan, ezin izango dogu ordenadorea erabili. Baina hau ez da bitxiena, ondokoa baino: bertako informazinoa berreskuratu gura badogu, 200 dolar pagau behar izango doguz (hori esaten deuskue pantailan). Azken batean, bahiketa hutsa da, baina persona bat bahitu beharrean gure ordenadorean daukaguzan datuak bahitzen ditu.
Mueta honetako birusak ugaltzen badira, Sarea mafiosoen gunea bihurtuko da. Orain arteko birusak birus-sortzaileak harro sentiduteko eta kalteak sortzeko asmoz sortuta dagoz. Sortzaileek teknologia menperatzen dabela erakutsi gura dabe, ia nork egiten dauen astakeriarik handiena. Baina birus barri honegaz ezaugarri barria topau dogu: dirua. Arlo oso erakargarria da eta, horra hor arriskua. Horregaitik, hemendik aurrera kontu handiz ibili beharko dogu.
Dana dala, ondo baino hobeto dakigun moduan, antibirusen bat instalau (eta gaurkotu) behar dogu gure ekipoan. Ez da adarra jotea. Baten baino gehiagotan eskertuko dogu euren lana.