Sarean  IV. urtea // 114. zenbakia

Lehen programatzailea andrazkoa izan zan


Augusta Ada Byron 1815an jaio zan. Aita Lord Byron poeta erromantiko ingeles ezaguna zan. Halanda guztiz be, Lord Byron eta emaztea (Anna Isabella Milbanke Byron) banandu egin ziran Adak hilebete bi eukazanean. Umea amagaz geratu zan. Antza danez, amak bere senar ohiaz eta haren lanaz (poesiaz) oroimen txarra eukan eta umea poesiatik urrunen dagozan arloetan hezitu eban: matematikak, astronomia eta zientziak. Amaren ustez, zientzien munduan sartu ezkero, poesiara hurreratu be ez zan egingo umea. Eta matematikak asko gustetan jakozan Ada Byron-eri.

1835ean William King Lovelace-ko Kondea zanagaz ezkondu zan. Ezkondukeran, Lady Ada Lovelace izena hartu eban. Ezkondu aurretik (1833an) izan ebazan lehen hartu-emonak Charles Babbage jaunagaz. Haren makinearen ganeko berbaldi batera joan ostean, interes handia sortu jakon eta eskutitzak idazten eutsozan. Bien arteko erlazinoa oso estua izan bazan be, historiak Babbage izena baino ez dau gogoratu eta Ada Lovelace laguntzaile legez geratu da.

1843an, Ada-k Babbage-n makina analitikoaren ganeko lana argitaratu eban. Bertan, makinearen deskribapena egiten eban: kalkuluak egiteko sortu zan eta, memorian, kodifikautako agindu batzuk gordeten ebazan (gaur eguneko programak). Baina bere lana izenpetzeko orduan, nahiko zuhur jokatu eban Ada-k eta horregaitik A.A.L. jarri eban. Baekien lana andrazko batena zala jakin ezkero jenteak baztertu egingo ebala.

Berea da, gainera, informatikan hain sarri erabilten dan ‘subrutina’ kontzeptua. Programa batean sarritan idatzi behar diran aginduak subrutinen bidez egiten dira: errepetiduten diran aginduak izen baten azpian metatzen dira eta, multzo hori exekutau behar danean, programa nagusiak subrutina-izen horretara deitzen dau eta aginduak beteten dira.

Bestalde, lehenengoz, Babbage-n makina analitikoa martxan iminteko behar ziran kodeak asmau ebazan, hau da, lehen programazino hizkuntzea asmau eban.

Bere lana, ia mende bat geroxeago, Turing (1936) eta Von Neumann-en eskuetatik (1946) pasau zan. Gizon honeek oinarrizkotzat joten doguz gaur egun erabilten dogun teknologia informatikoaren garapenerako.

Lady Ana Lovelace-en lana omenduz, Estadu Batuetako Defentsa Sailak 1979an programazino hizkuntza barria asmau eban (Pascal hizkuntzan oinarritua) eta ADA deitu eutsen.

Osasun eskaseko andrea izan zan Ada Lovelace. Garaiko lagun ospetsuenak ezagutzeko aukerea euki eban: Sir David Brewster fisikaria, kaleidoskopioaren asmatzailea; Charles Wheatstone fisikaria, elektrizidadearen ganean egindako lanei esker ezaguna; Charles Dickens, sasoiko idazlerik onenetarikoa; Michael Faraday, kimikari eta fisikaria, motor elektrikoaren asmatzailea...

Eskandaluz jositako biografia izan eban eta, azkenean, familiako dirutza guztia zaldi lasterketatan galdu eta oso gazterik hil zan, 36 urtegaz (aita be edade horregaz hil zan), 1852an.

Gotzon Plaza,
informatikoa

Informatikearen historiaren gainean zeozer irakurri ezkero, honako izenak topauko doguz edozein liburutan edo webgunetan: Charles Babbage, Alan M. Turing eta John von Neumann. Klasikoen artean klasikoenak, euren lanei esker informatikearen eta ordenadoreen mundua garatu zan. ‘Babbage-ren makinea’: egileak txarteltxu zulotxuak erabilten ebazan; ‘Turing-en makinea’: matematikari ospetsu honek egindako ikerketei esker oinarri sendoak sortu ziran informatikan, hain garrantzitsua izan dan sistema binarioa (0 - 1) garatuz; eta zer esanik ez Von Neumann ikertzaileak egindako lanaz. Informatika ez litzateke ulertuko euren lanak, ikerketak, garapenak eta ideiak barik.

Danak gizonezkoak, halaxe dinosku historiak. Baina egia ete da? Ez dogu inor ahaztuten? Bai, nonor ahaztuta geratu da. Baina ez berak egindako akatsei esker, andrazkoa izan dalako baino: Ada Lovelace, ezkondu aurretik Ada Byron (Ingalaterrako andrek, ezkontzean, euren abizena galdu eta senarrarena hartzen dabe).

Akaso bateren batek gogoratuko dau zelan orain dala urte asko, 80ko hamarkadan, baegoala ADA izeneko programazino hizkuntza bat, garai bateko Fortranegaz, Pascalegaz, Basic-egaz eta Cobolegaz batera. Kontau daigun istorioa.