Euskaltzaindiak 'Euskal Gramatika: Lehen Urratsak VI' argitaratu dau Gramatika Batzordearen 25. urteurrenean
Bizkaie!
Euskaltzaindiak egunotan aurkeztu dau bere gramatika-bildumearen seigarren liburukia, 'Euskal Gramatika: Lehen Urratsak VI (Mendeko perpausak 2)' izenburukoa, hain zuzen be. Aurreko liburukian aztertu ez ziran perpausak landu dira argitalpen barrian: baldintza perpausak, denporazkoak, helburuzkoak, kausazkoak, kontzesiboak eta moduzkoak, beti be, aditz jokatua daben perpausak.
Orain arteko euskal gramatiketan nekez ikus daitekeen zehaztasunagaz deskribidu dira EGLU VI liburukiko perpaus motak. Gauza bera esan daiteke EGLU V aurreko liburukiaz be, izan be, gramatika honetan aitatzen diran kontu asko eta asko, barriak dira euskerearen gramatikagintzan.
Akademiak 1980 urtean abiarazo eban gramatika-bilduma hau, Euskaltzaindiaren Gramatika batzordea sortu zan urtean, hain zuzen.
Euskaltzaindiaren Gramatikearen lehen oinarriak finkatzea zan batzordearen lehenengo eginkizun nagusia, eta 25 urteotan lan horretan ibili da.
Gramatikearen egitasmo honetan Gramatika batzordeak 2.500 orrialdetik gora argitaratu ditu daborduko. 'Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I' (1985) eta Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I (Eranskina) (1987) izan ziran lehenengoak. Halan da be, 1985eko argitalpena, eta geroago (1987an) argitara emondako eranskina 1991n bildu ziran 'Euskal Gramatika: Lehen Urratsak I' liburuan.
Euskaltzaindiaren X. Biltzarraren arabera, lan hau aurrera pausu handia izan da eta, beraz, aurrerantzean euskal gramatikeari begira erabagiak hartzerakoan oinarritzat hartuko da. Perpaus bakunaren egiturea, osogaien berba-ordena, izen sintagmearen egiturea eta deklinabidea aztertu ziran lehenengo liburu mardul horretan.
'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II (1987) liburuan aditza aztertu eban Akademiak bere osotasunean: aditzaren inguruko kontu guztiak eta aditz-taulak batu ziran.
Hirugarren liburukia 'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak III (Lokailuak)' izan zan, 1990an plazaratua. Testu- edo diskurtso-mailako lotura-hitzak, lokailu izenekoak, landu ziran liburuki honetan. Lokailu horreek era monografikoan aztertzen ziran lehenengo aldia izan zan euskal gramatikagintzan.
'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak IV (Juntagailuak)' (1994) liburukiagaz ekin eutson Euskaltzaindiak perpaus konplexuen azterketeari.
Bildumearen bosgarren liburukian (1999), menpeko perpaus konplexuak aztertzen hasi ziran. Menderakuntzaren gainean hiru liburuki argitaratzea da Akademiaren helburua, eta hau izan zen hiruretan lehenengoa: aditz jokatua daben perpaus osogarriak, erlatiboak, konparazinozkoak eta ondoriozkoak aztertu ziran.
Gauzak holan dirala, gaur aurkeztu dan seigarren liburukiaren ondoren, liburu bakarra argitaratzea falta da bildumea osotzeko: 'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII (Mendeko perpausak 3)'. Aditz jokatubakoa daben menpeko perpaus guztiak batuko dira azken lan honetan. Gramatika batzordekideak hasita dagoz liburua ontzen, eta 2007. urtean argitaratzea aurreikusi dabe.