Kulturea  IV. urtea // 114. zenbakia

Eguzkiaren Uhartea, Aztarna Ekologikoari buruzko bideo jokoa


Jokoa 10-12 urtetik aurrerako edozeinentzat da, jokatzeko hainbat zailtasun maila daukaz eta. Oraingoz euskerazko bersinoa dago kalean, baina beste hizkuntza batzuetan be laster egongo da eskuragai.

Bizkaie!

Aztarna Ekologikoa neurtzeko testak (‘Earth Day’ eta ‘Redefining Progress’ erakundeek sortua), gutako bakotxak ingurumenean dauen eragina neurtzen dau. Konsumoaren, garraioaren eta etxebizitzearen inguruan doguzan ohiturei buruzko galdeketa bat eginaz, jakin nahi da zenbat hektarea eta zenbat itsas espazio behar dan testa egiten ari dan personearen kontsumo ohitureari erantzuteko, eta sortzen dauen zaborrari aurre egiteko. Horrezaz ganera, Lurreko biztanle guztiak geu lez biziko balira zenbat planeta beharko litzatekezan kalkuletan dau test horrek.

Eguzkiaren Uhartea bideo jokoak gure planeteari egiten deutsagun kalteaz ohartarazo eta kontzientziatzen lagun leikigu. Horretarako, jokoak uharte batean kokatzen gaitu, Eguzkiaren Uhartean. Jokalariak uharte horretako baliabideak erabili behar ditu, bertako orekeari eusteko. Azken batean, uharte horretan egin behar dauena planetan egin beharko geunkena da. Hau da, biztanle kopurua gora doan neurrian, orekea egon daiten beharrezkoa da energia tradizionalak nahiz berdeak erabiltea, kutsadura mota guztiei aurre egitea eta gune berdeak sortzea eta indartzea.

Eguzkiaren Uhartea bideo jokoak erakusten deusku, gaur egungo gizarteen garapenean eragiten daben aldagaiak kontuan hartuz eta behar dan moduan erabiliz, garapen iraunkorra lortzea posible dala. Horretarako, barriz, energia aurrezteko politikak martxan jarri eta energia garbien erabilerea indartu beharko litzatekez.

‘Aztarna Ekologikoa’ kontzeptuaren bitartez, jendeak kontzientzia hartu dau behar-beharrezkoa dala goitik beherako aldaketea eta, holan egiten ez badogu, egoereak ondorio pentsauezinak izango dituala. Politika egokiak abiarazota, arazoa konponbidean jar daitekela erakusten dau Eguzkiaren Uhartea jokoak.

Garapen iraunkorraren gaiari estrategia jokoaren ikuspuntutik heltzen deutson bideo joko aitzindari hau Ibaizabal eta Gestionet enpresek garatu dabe euren esperientziak buztartuz, batak kulturan eta hezkuntzan dauena eta besteak teknologia barrietan eta neurriko softwareen garapenean.