Urtzi Urrutikoetxea: ‘istorioak sinisgarri egiteko morrontzea sentidu dot’
Liburuaren prozesuan sartuta, hasieratik jakin zenduan emoitza honen bila zengozala?
Ez, ez. Bilboren gaineko zeozer idatziko nebala, hori banekian. Gero, konturatzen zara idazten dituzun gauzek badaukiela loturaren bat; edo ikusten dozu uriaren gainean idazten zagozanean gaztetako kontuek urtetan dabela, baina ez dakizu ez ete dan uri imajinario bat. Errealidadetik jasoten dozu, baina gero saiatzen zara errealidade hori tapetan, ez daiten igarri non dagoan kokatuta. Gero, ‘Berlin, hiriaren sinfonia’ pelikulea ikusi, eta hortik egiturea hartu neban: denporeagaz batera joanda, egun oso baten, uriaren jarraipena egitea zan nire asmoa. Horrek mobimentu sensazinoa emoten dau, eta horri eutsi gura neutsan. Personaien galeria be sortu behar neban, neure joeretako personaiakaz eta neureak ez diran esparruetakoakaz be bai.
Txatalok lotzeko lanean, ze zailtasun eta ze gozamen topau dozu bidean?
Zailtasunak, esate baterako, buruan ideia bat argi euki eta hori dana idatzi beharra. Edo puntu batera heldu eta zelan segidu ez jakitea, edo orri zuriaren bertigoa. Bestetik, idazten dozuna kontroletako ahalmen hori gozamena da.
Alde horretatik, sorpresak hartu dituzu, espero ez zenduzan gauzakaz topo egiterakoan?
Ez da izan etenbarik gozau dodan liburua. Batzuetan asko kostau jat. Baina badago alde ona be, eta beharbada gero horregaz gogoratzen zara gehien. Esate baterako, afrikar baten biografia egitean: interneten begiratzen dozu senegaldar baten bizitza eta lotzen dozu beste baten bizitzagaz; gero zeuk emongo deutsazu ezaugarri bat, ames bat... askatasun horregaz jokatzea sano gauza polita da.
Baina bizitza horreek ez jatzuzan hurbilekoak egingo.
Alde batetik, personaia horreen larruan kokatzeko eta sinisgarri egiteko zailtasuna neukan, baina, bestetik, idazlearen askatasuna egoan, personaia horregaz gura neban moduan jokatzeko. Hor arriskua dago: gauza lar naifa egitea edo exotismoan galtzea, esate baterako. Sinisgarritasuna be jokoan dago...
Sinisgarritasuna berbea klabea da liburu honetan. Idazten zengozala, zure kezketako bat zan etorkinak eta, batez be, hemengoak, zelan ipini euskeraz berbetan.
Etorkinak euskeraz imintea ez da inongo arazoa. Gatxagoa da euskaldunon erregistroak jasotea. Hori da arazoa, hain zuzen be hurbilen daukaguzan ereduak: sinisgarri egitea, hau da, egiatik hur egotea, baina era berean liburu baterako maileagaz... hori gatxagoa da.
Baina iruditzen jat sinisgarritasunaren kezkeagaz segitzen dozula, liburua amaituta be...
Bai... Norberak askatasuna dauka gura dauena egiteko: istorioak, fikzinoa diranez, sinisgarriak izan behar dabe? Edo kontrajarria da? Fikzinoa guzurra bada, zertan ibili hori sinistarazo guran? Liburu batek ez dau zertan sinisgarria izan, ez dau premisa horren menpe egon behar. Baina gauza bat bai: kontautakoa guzurra edo fikzinoa izan arren, istorioa irakurlearengan sartu behar da. Denpora eta espazio baten kokatu ezkero, jazo ahal izan dan zeozer kontetan dozu, jazo dan edo ez alde batera itxita. Eta nik baneukan morrontza moduko bat, istorioak sinisgarri egiteko.
Hikaren erregistroa aukeratu dozu alkarrizketetarako.
Hemen apenas existiduten dan errealidadea da, baina kezkea neukan, zelan jaso liburuan hizkuntza bizia. Askotan erderakadaz jositako hizkuntzea, baina hizkuntza bizia, hori dalako erabilten dana. Horra hurbiltzeko modu zuzenik ez egoanez eta sortu egin behar nebanez erregistro hori, pentsau neban hika izan eitekeala ikutu informala emoteko modua.
Julen Gabiria
Santutxuko idazle gazteak ointsu argitaratu ‘Auzoak’ liburua, prosan egiten dauen lehenengo lana. Bilbon kokatutako ipuinek osotzen dabe ‘Auzoak’, eta beragaz egon gara berbetan.
Poesiatik etorrita, prosara egin dozu salto. Eroso sentidu zara jauzi hori emoterakoan?
Poesian ibilita, prosa inoz ez dot bazterrean euki, eta, izatekotan, denpora falteagaitik baztertu dot. Gogoa baneukan, eta iruditzen jatan zer kontau be baneukala. Eroso sentidu nazan... poesiak beste askatasun bat dauka, gura dozun lurraldean ibiltearena. Ez neukan lar argi nondik nenbilen, eta, batzutan, ez nekian asmatzen ete nenbilen. Hasibarriaren sentsazinoa euki dot. Eta kontuan hartuta, gainera, aspaldion idazteko ohitura handia euki dodala: kazetaritzatik batez be, errutinea hartuta neukan, baina hau beste gauza bat izan da. Mina-zelai baten egotearen sentsazinoa zan.
Kazetaria zara, izan. Liburu hau sartuko zeunke kazetaritza muetaren baten?
Kazetaritza lez hartzekotan, kazetaritzaren eremu libreren baten sartuko neuke: kronika personalean edo. Izan be, kazetaritzan ondo definiduta eukiten da zer idatzi behar dan, baina liburu honetan neuk asmau behar nebazan personaiak, egoerak, giroak... Baegoan errealidade bat eta errealidade horretan kokatu gura neban, baina hortik aurrera dana zan librea.
Joseba Jaka bekea nobelea idazteko lortu zenduan, baina honeek ipuinak dira.
Oinarrietan, aukerea dago nobelea edo ipuin bildumea idazteko, eta ni bigarrenari lotu nintxakon. Ipuin bilduma lez aurkeztu neban proiektua, eta azken emoitzea ez da erreza sailkatzeko: ipuin bildumea da, baina ipuin solteen bildumatik aparte, beste zeozer be bada: espazioan eta denporan lotutako ipuinak dira. Badagoz beste adibide batzuk, Gasteizko hondartzak, Dubliners eta beste asko, ipuin bilduma argiak diranak.