Euskal kantagintzearen lau izarrek argituko dabe udagoiena
Bizkaie!
Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Pier Paul Berzaitz eta Mikel Urdangarin. Euskal kantagintzearen oinarritzat hartu geinkez lau artistok, bakotxa beraren estiloan. Elkar disketxeak laurak alkartu gura izan ditu, baina ez danak proiektu berean, bakotxa beranagaz baino. Udagoienean ikusiko dabe argia lau diskoek.
Musikariek kantagintzan egindako lanak batzea da helburua. Tradizinoa ezaugarri nagusitzat hartuta, begiradea etorkizunera zuzentzen dabe Laboak, Lertxundik, Berzaitzek eta Urdangarinek. Proiektuen nondik-norakoak eurek erabagi dabez. Bakotxak bere estiloari eutsiko deutso eta ezaugarri barri ugari be topau ahal izango doguz. Laboak, berbarako, orain dala hamaika urte kaleratu eban estudioan grabautako hamalaugarren eta azken diskoa; Berzaitzek tradizinoa eta molde barriak buztartuko ditu lan barrian; Lertxundik, lehenengo biderrez, zuzenean grabautako diskoa kaleratuko dau; eta, azkenik, Urdangarinek ziklo bati ekingo deutso, Elkarregaz lehenengoz egingo dau lan eta.
Mikel Laboa
Mikel Laboaren disko barria zemendiaren amaieran kaleratuko da. Artistea euskeraz, frantsesez, italieraz eta gaztelaniaz abesten entzuteko aukerea izango dogu. Kolaboratzaile ugari izango ditu Laboak lan honetan, Xabier Montoia eta Ruper Ordorika berbarako. Tartean, hainbat egile be omenduko ditu eta, berezitasun legez, Jacques Brel-en Ne me quitte pas kantearen moldaketea egongo da entzungai diskoan.
Benito Lertxundi
Laboagaz batera, 60ko hamarkadan sortutako euskal kantagintzearen aitzindari garrantzitsua da Benito Lertxundi. Aurten, lehenengoz, zuzeneko diskoa plazaratuko dau urrian. Martian, Gernikan eta Tolosan eskaini ebazan kontzertuak jasoko ditu lanean, ‘Zuzenean –40 urtez ikasten egonak’ izenburupean. Proiektu honetan Olatz Zugasti eta Pello Ramirez izan ditu, besteak beste, lankide.
Pier Paul Berzaitzen
Orain dala 35 urte hasi zan Pier Paul Berzaitz kantetan. Müsküldin (Zuberoa) jaiotako kantariak zuberotar tradizinoa bizirik mantendu dau egindako lanari esker. Azken diskoa (Baratze bat) orain bost urte kaleratu eban eta, oraingoan, Lili baten kantorea izenburupean jatorku lan barria, zemendiaren hasieran aurkeztuko dabena.
Mikel Urdangarin
Zornotzarra da, lau musikarien artean gazteena. Irailaren amaierarako atara gura dau Dana diskoa eta orain arteko bide bera segiduko dau. Hori bai, aldaketaren bat egon badago, orain arteko disketxea itxi eta Elkarregaz egingo baitau lan Urdangarinek.