Jon Kortazar: 'Lauaxetaren euskereak ez dauka grazia handirik'
Aurten, abuztuaren 3an, Lauaxeta laukiztarraren jaiotzearen mendeurrena beteko dala gogoan hartuta, gehiago jakin guran haren bizitza eta obraz asko dakien Jon Kortazarrengana jo dogu.
Jon Kortazar Uriarte (Mundaka, 1955) EHUko Euskal Literaturako katedraduna da. Lauaxeta olerkariaren obra aztertuz doktorego tesia aurkeztu eban 1985ean eta ordutik makinatxu bat lan argitaratu ditu, besteak beste, ‘Mikel Zarateren prosa’, ‘Teoría y práctica poética de Esteban Urkiaga, Lauaxeta’, ‘Laberintoaren oroimena’, Euskal Literaturaren historia txikia’ eta ‘Luma eta Lurra’
1.- Abuztuaren 3an beteko dira 100 urte Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’ jaio zanetik eta egun batzuk barru, bagilaren 25ean, Gasteizen fusilau ebenetik 68 urte. Behar dan moduan ezagutzen dogu Laukizko poetea?
Oraintsu Kirmen Uribegaz egon nintzan eta berak esan eustan ez dogula behar bezela ezagutzen baina bestelako eretxiak be badagoz. Ni neu sarritan harrituta geratzen naz ikasleakaz benetan ez dabelako Lauaxetaren obra ezagutzen. Dana dala, jenteak entzunda behintzat badaukala esango neuke; Lauaxeta, Lizardi... gitxi-asko danok ezagutzen doguz, besterik ez bada, eskolan ikasita. Hori bai, sentsazino eta bolada kontuak izaten dira, batzuetan behar dan moduan ezagutzen dala pentsetan dot eta beste batzuetan, barriz, ezkorra izaten naz.
Gaur egun, olerkigintzan zeozelako loraldia bizi ete dogun entzuten dan arren, ni ez nator bat horregaz; egia da gazteak euskeraz idazten hasten diranean, poesiagaz hasten dirala baina gure sistema literarioan narratibeak agintzen dau.
2.- Olerkari legez ezagutzen da gehien bat baina beste hainbat arlotan be ibili zan, kazetaritzan eta itzulpengintzan berbarako. Zeintzuk izan ziran bere iturriak? Nondik edan eban?
Lauaxetaren hezkuntza literarioaren aitak eta iturriak ondokoak izan ziran: Jesuitakaz ikasi eban lez, batez be, literatura klasikoa eta Espainiko literaturea; bestetik, Jesuiten barruan, Aita Estefaniak erakutsitakoa be ez da ahaztu behar: Europako literatura sinbolistea eta Espainiko literaturako alde modernistea. Lauaxetak Frantziako (Baudelaire eta Verlaine) eta Espainiako (J.R. Jimenez, Villaespesa) sinbolistak maite ebazan. Horrezaz ganera, 27ko belaunaldiko lehen sasoikoak (Garcia Lorca, Alberti, Gerardo Diego).
Kazetaritzarako, barriz, Lauaxetaren iturriak gehiago dira aldizkariak eta egunkariak.
3.- Orixe, Lizardi, Lauaxeta...olerkari handiak hirurak. Zergaitik zan berezia Lauaxeta?
Lauaxetak teorizazino poetiko argia ekarri eban Euskal Herrira. Laukiztarrak barrura, herri literaturara begirako poesiaren alde egin eban baina kanpora, Europara begirakoa ahaztu barik. Lauaxetaren teorizazinoen arabera, poesia modernoak hiru hanka izan behar ditu: Greziako tragedia, Europako poesia modernoa, sinbolismoa eta Euskal Herriko eta Espainiako herri literaturea.
Orixe, barriz, askosaz klasikoagoa da eta Lizardirena, beharbada, poesia helduagoa da.
4.- Persona jantzia zan, teologia ikasketak Zaitegigaz, Ibiñagabeitiagaz eta Plazido Mujikagaz egin ebazan. Zelakoa zan erabilten eban euskerea?
Bateren batek esan dau Lauxetak ez ekiala euskerarik eta ez pentsau urrun ebilanik. Lauaxetaren euskerea, batzuetan behartua dala esango neuke, batez be, kazetaritza egiten dauenean; ez dauka grazia handirik, neurri batean behartuta dago irakurle arrunt batentzat idazteko eta nik esango neuke ez eukala horretarako gogo handirik; uste dot teorian hobeto moldatzen zala.
Sintaxi edo joskera arraroa darabil eta euskera aldetik garbizalea zala esan geinke. Garbizalekeriz beteriko euskerea da Lauaxetarena, euskaldun barri baten etxurako euskerea.
5.- Danetariko gaiak topau geinkez Lauaxetaren obra zabalean. Edozelan be, olerkari erromantikotzat hartu geinke?
Ez. ‘Arrats Beran’ idazten dauenerako, berak argi dauka modernismoan kokatutako poetea dala. Lauaxeta poeta sinbolistea eta modernoa da eta abangoardiaren ukutu batzuk be badaukaz.
6.- Emakumea eta feminismoa lako gaiak jorratzen, aitzindarietako bat izan zan?
Bueno, ez dakit, feminismoaren kontua baino gehiago feminidadea zan Lauaxetak landu ebana. Emakume Abertzale Batzagaz lan handia egin eban eta sasoi haretan Ortegak emakumeari buruz eukan eretxiaren jarraitzailea zan. Eretxi hori ez egoan feminismotik hur, gehiago zan emakumearen misterioaren aurrean gizonezkoek euken harridurearen adierazpidea. Egia da Lauaxetaren liburutegian badagoala ‘El feminismo’ izenburuko liburu bat baina ez dot uste gai horretan abangoardian dagoan idazle bat danik. Lauaxeta bere sasoiko ildo nagusi batean kokatuko neuke, talde intelektual baten bidearen barruan; liberalismoaren barruan kokatuta egon arren, tradizionala zan.
7.- Lauaxeta kazetari beharrean ibili zan luzaroan. Gaur egungo euskal kazetaritzan ze leku izango leuke?
Ez dakit. Euskal kazetari aitzindaritzat hartu geinke baina ze leku izango leuken zehaztea ez da erreza. Lauaxetak eretxi artikuluak idazten ebazan gehienbat eta noz edo noz ipuinak be bai. Akaso, eretxi artikuluak eta zutabeak idatziko leukez gaur egun.
8.- Irakurle amorratua zan eta ez eban poesia bakarrik irakurten. Gaur egun zergaitik ez dogu horrenbeste irakurten?
Egia da, danetarik irakurten eban Lauaxetak, ez poesia bakarrik. Literatura klasikoa, literatura ingelesa eta frantsesa, modernismoa, sinbolismoa, euskal gaiak, euskal nazionalismoa, biografiak, folklorea, arte liburuak, sasoiko gizarte mobimentuak, best-sellerrak... esan dozun lez, irakurle amorratua zan.
Galderearen bigarren zatiari erantzunez, nahiago geunke askosaz gehiago irakurtea baina nik uste dot gaur egun asko irakurten dala; zorionez, irakurketea demokratizau egin da. Galderan, barriz, uste dot sasoi haretako intelektual edo poeta bat gaur egun arruntak garan irakurleakaz konparetan dozula baina orduko eta gaurko intelektualen artean ez dagoala horrenbesteko alderik esango neuke.
9.- Lauaxetaren liburutegia altxor handia da (650 bat liburu) eta zorionez, Luis Arregiren inbentarioari esker, ia osorik dago eskuragai...
Ez, eskuragai ez dago ze, egia esan, liburuak galdu egin ziran. Edozelan be, informazino asko dago Lauaxetak irakurten ebanari buruz. Literatura aldetik, nahiko argi egoan zer irakurten eban baina bitxikerien artean, nobela poliziakorik ez dago eta erlijino eta teologia liburuak be oso gitxi. Filosofia, idealismoaz eta gizarte mobimentuez Marx eta Adam Smithen obrak be agiri dira. Psikoanalisiaren arloan, Sigmund Freuden ikasle Joungen liburuak be badagoz.
Bestetik, harrigarria izan arren, Lizardi lagun minaren, Aitzol eta Unamunoren obrarik ez dago Lauaxetaren liburutegian eta Juan Ramon Jimenezen liburuak be gitxi.
Lauaxetaren liburutegia bost bat urtetan egindakoa da eta, beraz, gitxi gorabehera, Lauaxetak urtean 150 liburu inguru erosiko ebazan; asko, ganera, ez dira liburuak, liburuxkak eta txostenak be badagoz. Aitatu dozun inbentarioan 650 liburu agiri dira baina gehiago be baziran, segurutik 800-900 izango ziran baina gaur egun ez dira horrenbeste; bitxikeria lez, lehengoan aproba bat egin neban amaginarrebearen etxean eta 800 inguru kontau nebazan. Gauzak asko aldatu dira eta irakurketa sistemak be bai; akaso, sasoi haretan liburutegi publikoek eta herriko etxeek askosaz indar handiago eukiko eben eta beharbada liburutegi pribatua ez zan horrenbeste erabilten etxe normaletan.
10.- 1937ko bagilaren 25ean fusilau eben Gasteizen. Lauaxetaren bizitzako ze pasarte nabarmenduko zeunke?
Ez da erreza. Normalean poetek ez dabe biografia zabalik izaten baina, zorionez, Lauaxetaren bizitzearen ganeko informazino asko dago Euzkadi egunkarian. Hiru garai bereiztuko neukez: lehenengoa, hezkuntza garaia izango litzateke (Mungian, Durangon, Loiolan eta Oñan egin ebazan ikasketak; gero, nobiziatua itxi eta etxera bueltau zanean, egunkarietan eta idazten jarraitu eban...); bigarrena Bilbon bizi zanekoa da, 1930etik 1936ra gerrea biztu arte (1930ean, ‘Maitale kuttuna’ poemeagaz Lehen Olerki Eguneko saria irabazi eban, gizoan ezaguna zan, euskal idazleen alkartea sortu guran ebilen, Euzkadi egunkariaren barruan, literatura aldizkaria sartu gura eban, mitinlaria zan, kazetaria, Euskal Herrian zehar asko ibilten zan, Madrilera eta Bartzelonara bidaiak egiten ebazan, antzerki lanak itzultzen ebazan...); hirugarren zatia, barriz, gerrea sortzen danetik, 1936tik 1937ra doa eta tarte honetako informazino gitxi dago. Gudari talde baten komandante ibili zan eta, etxetik hur, Eskolapioen ikastetxean izan eban koartela. 1937an, barriz, Gernika suntsitu ostean, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati hauts eginda egoan uria erakusten egoala, atxilotu eta Gasteizen kartzelan sartu eben. Hile biren buruan, Gasteizeko kanposantuko horman fusilau eben bagilaren 25ean.
Beste alde batetik, bizitza arruntaren barriak be jaso nebazan Lauaxetaren lagunakandik. Berbarako, 1931n, Lauaxetak bere lehen olerki bildumea ‘Bide barriyak’ argitaratu ebanean, lagunek omenaldia egin eutsen Gatikan. Lau urte geroago, 'Arrats Bera'n argitaratu ebanean, lagunek beste omenaldi bat egin eutsien Artxandako jatetxe baten eta egun horretako bazkariko menua Euzkadik argitaratu eban. Buruz ez dot gogoratzen baina bapo bazkaldu ebela badakit.
11.- Lauaxetaren jaiotzearen mendeurrenaren harian, Lauaxeta Herri Antzerkia antzezlan musikala preparau dabe Mungialdeko 150 bat lagunek eta tartean zure senitarteko batzuk be badagoz...
Bai. Emaztea eta lobeak parte hartuko dabe. Emazteak mitin bat bota behar dauela pentsetan dot eta lobearena gauza polita, hunkigarria izango da. Santurtziko portuan kanpora igesi doazanen artean, ume baten papela egin behar dau eta berezia izango da ze nire amaginarrebearen 3-4 ahiztakjoan ziran barkuan Donibane Lohitzunera. Etxean, anekdota lez esaten dogu orain gure lobeak egingo dauela izeko nagusiaren papela. Fikzinoan zeozelan historia errepetidu egingo da.
Koldo Isusi Zuazo
Lauxeta Herri Antzerkija
-Zuzendaritzea: Carlos Panera.
- Koordinazinoa: Mila Goikoetxea.
- Aholkularitzea eta dokumetazinoa: B. Atxaga, J. Erostegi, J. Kortazar, E. Jimenez, K. Izagirre. J. Penades...
- Aktoreak: Mungialdeko 150 bat herritar.
- Testua: C. Panera, A.I. Morales, K.J. Garai eta Luaxetaren jatorrizko testuak.
- Musika zuzendaritzea: Rafa Rueda. Musikea: R. Rueda, E. Iruri., A. Valverde... + JM Arregi Mungiako Abesbatza.
- Jantziak eta atrezzo: Y. Iriondo.
- Argiak: J. Ulla.
- Eszenografia: G. Minguez.
- Makillajea: A. Arrizabalaga.
- Ikusentzunezkoak: E. Lorente.
'Lauaxeta Herri Antzerkija' obrearen estrainaldia Mungian izango da bagilaren 17, 18 eta 19an. Arriaga Antzokian, barriz, bagilaren 26an antzeztuko da.