Gestino Orokorra ikastaroa Arrasaten eta San Franciscon (AEB)
Bizkaie!
Mondragon Unibersidadeko Enpresa Zientzien Fakultateak eta San Franciscoko (AEB) School of Business and Management eskoleak, alkarlanean, Gestino Orokorra izeneko ikastaroa eskainiko dabe. Ikastaroa Arrasaten eta San Franciscon izango da uda honetan, bagilean eta garagarrilean.
Hezkuntza-programa bateratua eskaintzea da helburua, nazinoarte mailako negozioen inguruko ikuspuntua sakontzea. Horretarako, klase teorikoez gan, euren arloetan lider diran enpresa amerikarretara joateko aukerea eukiko dabe ikasleek.
Gestino Orokorra ikastaroa enpresa-zuzendariei eta lizentziadunei zuzenduta dago. Holan, ikasleek enpresa arloko ikuspuntu zabalagoa euki ahal izango dabe, merkadu barrien nondik-norakoak hobeto ezagutzeko eta aldaketei erraztasunez aurre egin ahal izateko.
Aurrerago esan bezela, Arrasaten eta San Franciscon izango dira eskolak. Arrasaten, bagilaren 17an hasiko dira lanean eta lau egunez, zortzi ordu egun bakotxean, eskola teorikoak jasoko dabez ikasleek. Globalizazinoaren eta barrikuntzearen ingurukoak izango dira eta lau oinarri izango dabez: estrategia, marketing-a, barrikuntzea eta norbanakoaren garapena.
San Franciscon
Bigarren fasea garagarrilaren 10ean hasiko da, San Franciscon. Ikasleek, Arrasaten ikasitako gauza bera landuko dabe baina, oraingoan, ikuspuntua desbardina izango da, Ipar Amerikako jokereak aginduko dau eta. Aste bi iraungo dau honek (gura izan ezkero, bakarrean be egin daiteke).
Ikastaroaren bigarren zatiko barrikuntzarik nabarmenena enpresatara egingo diran osteratxuak dira. Euren sektorean lehenengoetarikoak diran enpresen funtzionamentuaren nondik-norakoak bertatik-bertara ezagutuko dabez. Levi Strauss, Hewlett Packard eta General Electric izango dira, besteak beste, enpresa horreek. Honek, euskal enpresa-egiturea eta amerikarra konparetako balioko deutse ikasleei.
Izen-emotea eta prezioa
Ikastaroan parte hartzeko 943-718009 telefonora deitu behar da (Mireia Igarzabal, Mondragon Unibersidadeko Enpresa Zientzien Fakultatea), bagilaren 17a baino lehen. Eta, orain arte danok buruan euki dozuen galderearen erantzuna: 2.000 euro inguru.