Eñaut Elorrieta: ‘Gelditu denbora’ soinu eta tinbre barrien bila egindako akustiko elektrikoa da'
Bizkaie!
2001eko ‘Atzo da bihar’ eta urte bi geroago ‘Bidean’ diskoaren 18 mila ale saldu ostean, disko akustikoa grabau dau Ken Zazpi taldeak ‘publikoagandik hartzen dan lez emoten be jakin behar dala’ pentsaurik. Lagunartean eta zuzenean, Andoaingo Garate Studioseko ganbaran grabautako diskoa da, akustikoa izan arren, intensoa, indartsua, dinamikoa, mimo handiz landutakoa.
‘Atzera begirakoa da diskoa baina etorkizunari keinu eginaz’, izan be, sei kantu barri eta zazpi zahar aukeratu dabez. Esperantza da, oro har, diskoaren gaia. Kantu barriak dira oinarria eta bateren batek estilo aldaketea igarri leiken arren, taldekideek argi itxi gura izan dabe talde rockerua dala Ken Zazpi.
Musika eta berba guztiak Ken Zazpi taldearenak dira Joseba Sarrionaindiaren ‘Talaieroaren gogoetak’ kenduta. Lehen singlea dan ‘Zapalduen olerkia’ kantuaren bideoklip bat be badago diskoan.
2005eko apirilaren 9an, grabazino egunean, teknikari lanetan Haritz Harreguy eta Kaki Arkarazo ibili ziran eta nahasketak, barriz, Ken Zazpiren eta Marino Goñiren ardurea izan dira. Kolaborazino musikaleen artean, ondokoak nabarmendu behar dira: Arkaitz Miner (mandolina), Alos korda laukotea, Xabier Zeberio (arregloak) eta Iñigo Egia (perkusinoa).
Taldeak Katalunyagaz daukan konplizidadearen atxakiagaz, ‘Gelditu denbora’ disko originalaz ganera, GOR diskoetxeak diskoaren beste edizino bat kaleratuko dau Katalunyarako beren beregi. Bertan, Ken Zazpikoek katalanera hutsezko kantu bi sartu dabez: ‘Zapalduen olerkia’ eta ‘Ilargia’ kantuen bersinoak, hain zuzen be, ‘Poema dels oprimits’ eta ‘La lluna’. Itzulpenak Pomada taldeko Carles Beldak egin ditu.
‘Gelditu denbora’ diskoaren zuzeneko aurkezpen kontzertu batzuk diskoa argitaratu aurretik eskaini dabez jentearen harrera beroagaz. Hurrengoa, bagilaren 19an emongo dabe Amurrion Araba Euskaraz jaialdian. Azkenik, gogoratu Arabako ikastolen aldeko jairako kantua be Ken Zazpi taldeak egindauela.
Ken Zazpi taldearen laugarren diskoa, akustikoa baino rockeruagoa, gitarreruagoa izango dala aurreratu dabe taldekideek eta lehenengo bien nortasuna eta akustikoaren eragina be eukiko dauela.