Euskaldunen Txina
Juan Ignacio Motiloak, barriz, gurago dau garraio-publikoa eta, txinatarren antzera, albokoari bultzadak emoten deutsoz metrora sartu eta handik urteteko. Zutunik, bagoian, atentzinoa deitzen dau haren 1,95ko altuereak. Kalean trankil dabil, seguru. Askotan, musikea entzuten joaten da, mueta guztietako musikea, ‘esku artera heltzen jatan guztia’, dino. Ulea gomineagaz daroa eta kizkurrak daukaz. Dandi bat legez jasten da eta holako jokaerea dauka. Halanda be, Eusko Jaularitzeak Txinan daukan enpresa aholkularitzearen saileko bulegoan (SPRI), beti dago herrialde honetara etorritako herrikideei laguntzeko prest. Egoitzea berak diseinau dau, ‘onerako zein txarrerako’. Tradizinoaren eta modernidadearen arteko hibrido edo nahastea da. Txinako antigoaleko altzariak daukaz eta kristala dago bulegoko atal bat eta bestea banatzeko. Gu gagozan lekuan, mila etxeorratzeko uriaren bista zoragarria dago. Ikurriñearen koloreak hormea apaintzen dabe eta Euskal Herriko hainbat argazki be badagoz. Beragaz berba egin ostean, hobeto ulertzen dira Txina handiaren nondik-norakoak. Datozan urteotan onenen artean zein herrialde izango dan itauntzean, galdereari berari be aurre hartzen deutso erantzunak: ‘Euskal Herria, seguru’, dino 10.000 kilometrora lan egiten dauen gasteiztarrak.
Natxo Termenonek (ADEICOko gerentea) Juan Ignaciogaz egiten dau behar eta bera be gazteiztarra da. Euskal Herriko gune berdeen faltea dauka, Shanghain gitxi dagoz eta. Halanda be, bere bizimoduak ezaugarri berezi bat dauka, Arabako uriburuan ezinezkoa izango zana: milaka txinatar bizi diran etxebizitza batean bizi da. ‘Txinatarren artean bizi gura neban eta horregaitik erabagi dot hona etortea. Shanghain, mendebaldarrak bizi diran hainbat auzo dagoz baina nik gurago dot hau. Goizeko seietan etxetik urten eta kalean hainbat txinatar taichi egiten ikustea asko gustetan jat. Berezia da atariko gizonak ingelesez tutik be ez jakitea eta beragaz berba egin behar izatea’.
Hemendik gitxira, Iñaki Sanchez Win Goup enpresako kalidade-saileko arduradunaren neskalaguna etorriko da hona, Txinara, aldi baterako biziten, abentura legez. Bitartean, Pablo Fano, Espainiako Enbajadako merkadu-analistea pozik dago Shangain, lagunakaz. Pedro Maria Letona MCCko enpresariak be horrenbeste lan eskatzen dauen merkadua aztertzen dau. Danak daukie begiradea Asiako erraldoian eta bihotza Euskal Herrian. Apur baten baino ez bada be, hurrago sentiduten dabe euren lurra oraintsu zabaldu dan Euskal Etxean. Juan Ignacio da presidentea eta, gitxika-gitxika, leku txiki eta huts hau lagunez eta garaikurrez beteten hasiko da. Lehenengo mus txapelketea martxan dago baina txapel handia lortu gura dauenak oraindino badauka izena emoteko astia. ‘Datozela, baina beti be pazientziaz eta apaltasunez beteta’, dino Juan Ignaciok. Bidea zabalik dago. Herrikideen besarkadak, behintzat, ez jakez faltauko.
Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama
Iagoba Agirregomezkorta lur orotako ibilgailuan doa WinGroup-era. Etxean gimnasia egiteko tresnen fabrikako zuzendaria da. Orain dala urtebete hartu eban kargua. Arin gidatzen dau, arinegi, eta lantzean behin mobimentu arriskutsuren bat be egiten dau. Bestela, Txinako trafikoak jan egiten zaitu. Semaforo baten aurrean geratu behar izan dau eta alboko kamionetako gizonak harrituta begiratzen deutso. Iagoba oso ohituta dago horretara, hemen mendebaldar gitxik gidatzen dau autoa eta. Eskua altzau eta agurtu egiten dau txinatarra, beraren jaioterrian, Eibarren beti egin dauen legez. Handik segundu batzutara, ibilgailuko zortzi txinatarrak arpegia bentanearen kontra daukie. Astrapala itzela sortu dabe eta barreka dagoz. Superpopulazinoa igarten da. ‘Behinola autoa hondatu jatan eta bide ertzean geratu behar izan neban... Handik hamar segundora hogei bat txinatar neukazan inguruan, danak aldi berean berbetan. Han egon ziran ‘injineruak’, barreka, adarra joten, garabia etorri zan arte’, dino. Azentuan igarten jako euskalduna dala. Mandarinez egiten dau berba, Bizkaiko mandarinez, eta jatetxean, berbarako, oso ondo ulertzen deutse. Iagoba handia eta sendoa da eta, haren ondoan, txinatar txikiak orduan eta txikiagoak dira. ‘Hau zera baino zuhurragoa da. Guri entzunda ikasi dau ingelesez berbetan eta orain muntaia-zuzendaria da’, dinosku. Bitartean, fabrikea erakusten deusku. Txiki geratu da eta laster handiago baten hasiko dira lanean. ‘Negozioa ondo doa eta gustora nago Txinan. Oraingoz, nire lekua hemen dago’.