Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 113. zenbakia

Azken euskal balearen bila


Begiluzea

Álex Aguilar-ek, itsas ugaztunak babesteko Bartzelonako Unibersidadeko zuzendariak, ameseta bat dauka: euskal baleen azken taldea salbetea. Espezie hau desagertutzat emoten da Atlantikoaren alderdi honetan, baina biologo katalanak bale mueta honeen aztarnak topau dauz Saharako itsasertzaren aurrean.

'Lurralde honetan ez da inor bizi; Sahararen erdian dago eta gerreak eten barik zigortutako eremua izan da' adierazo dau Aguilar-ek. Isolamendu horrek mirakurua eragin dau, antza danez.

Iparraldeko Balea Frankoa (edo euskal balea) 18 metro luze izan daiteke; ganera, heldua izatean, 80.000 kiloko pisua hartu leike. Gizaldietan barrena eten barik harrapatua izan dan ezkero, Iparraldeko hemisferioan ehundaka ale batzuk baino ez dira geratzen. Talde bat AEBetako eta Kanadako Sortaldeko itsasertzean bizi da eta beste bat Alaskan, Bering itsasoan, hatan be. Edozelan be, 1978an eta 1988an birritan ikusi dabe Galiziako itsasoko uretan. Era berean, balea frankoaren hainbat aleri argazkiak atara deutseez Portugal hegoaldearen aurrean eta Kanariar Ugarteetan be.

1901eko maiatzaren 14an, Orioko arrantzaleek azken euskal balea atrapau eben. Historiak gomutan eukiko dauen jazokizun zehatza besterik ez da izango; izan be, Joseba A. Botingui ikertzailearen esanetan, merkataritzearen ikuspuntutik Sortaldeko Ipar Atlantikoan 1650ean emon zan desagertutzat balea frankoa.

'Eubalaena glacialis' izeneko balea itsasertzetik desagertu zan, berori arrantzatzea nahiko erreza zalako. Martitik abuztura bitartean, emeek kumeak eukiten dabez itsaso zabalean. Horren ostean, udagoien eta neguan Bizkaiko itsasoko badietako ur epeletara hurreratzen ziran kumeakaz batera.

Ur ganean lotzen diran gorpuak

Horrezaz ganera, balea honeek koipe kopuru handia daukien ezkero, hil eta gero gorpua ez da hondoratzen. Lurruna behar honetan erabilten hasi zan arte, balezaleek ez eben euki animalien barruan airea sartzeko konprimagailurik eta, ondorioz, balea frankoak baino ezin ebezan harrapatu, beste guztiak hondoratzen ziralako.

Animalion gantza argietarako erregairik onena izan zan mende luzeetan. Dana dala, balearen atal guztiak aprobetxetan ziran: okelea, hazurrak (gelatinak egiteko) eta bizar luzeak (guardasolak eta kortseak egiteko hagatxuak egiten ziran). Odolagaz Prusiako urdina egiteko osogai bat ataraten zan; azala narrua egiteko erabilten zan eta hesteak erabiliz arrantzaleentzako jantziak egiten ziran.

Balea atrapetan ebanak altxor bat eukan. Horrexegaitik atrapetan jarraitu eben, ia-ia desagertuarazo arte. Guztiagaz be, 1937an espezie babestutzat jo zan. Gaur egun, adituen esanetan, planeta osoan mueta honetako 300 eta 600 balea inguru dagoz. 'Baleak ezin dira bizi euren kumeak hazteko erabilten ebezan lekuetan. Badiak gizakiaren menpe dagoz' zehaztu dau Álex Aguilar-ek.

Saharako kostaldean, zibilizazinotik asago, balea honen azken aleak geratzen dira Atlantikoaren alderdi honetan. Biologoak dinoari jarraituz, beren beregi jagon beharreko azken taldea. 'Zintran kumeak daukiezala egiaztatzen badogu, Marokoko agintariakaz egin beharko da berba, baleak modu egokian jagon daiezan. Zoritxarrez, itsasoaren kasuan oraindino ez dago eremuak babestu eta salbetako kontzientziarik; lehorrean, ostera, parke naturalak nahiko arruntak dira'.