Kulturea  I. urtea // 14. zenbakia - 2002ko zemendiaren 15a

Igor Estankona (poetea): 'berba-entsaladak ebitau gura izan dodaz'

Anemometroaren (98) ondoren, Tundra


8. 'Poesiarik onena, prosaz idazten dana' entzun dogu noz edo noz. Zer dinozu honetzaz?

Horretan inflexiblea naz. Prosa poetikoarena, bueno, ulertzen dot. Julio Cortázar irakurtea baino ez dago horretarako. Baina poesia prosazkoa, hori ez jat buruan sartzen. Liburudenda batera banoa eta liburu bat zabaldukeran lerro hautsia ikusten badot, liburu hori poesia da niretzat. Pintura grabatua ez dan moduan, antolaketa berezi bat ez dauen testua prosea da, eta ez pentsau ez nazanik definizinoaren arriskuagaz jaubetzen…

9. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan zeintzuk izango dira libururik salduenak?

'Tundra' be hortik ibiliko da, kontuz. Lotsea ohostuteko bakarrik izan behar danez, ez gara behar dana baino apalagoak izango. Amesetan be egin behar da.

10. Igor Estankonari zer gustetan jako irakurteko?

Igor Estankonari 'orain' esan beharko neuke, literaturearen itsasoan gauza barriak topetea gustetan jako. Orain bitsetan nabil Italo Calvinok hurrengo milurtekorako literaturearen inguruan idatzi zituan sei proposamenakaz. Batez be hurrengo milurtekoa hemen dogulako, eta idatzi bako folio zuri bat dalako.


Orain 25 urte Artean, Arratian jaiotako olerkari gaztea. 'Anemometroa' izenburuko lehen olerki liburuagaz arrakasta polita lortu ondoren, zaleak zain egon dira eta, azkenean, Joseba Jaka III. Literatur Bekako sariari esker, kalean dago 'Tundra', Estankonaren bigarren olerki liburua: landua, sakona, gatxa...

1. Lehenengo liburuaren arrakasteagaz zu zeu be harrituko zinan beharbada, baina kontaiguzu azken lau urteotan zertan ibili zaran

Azken lau urteetakoa istorio luzeegia da labur kontetako. Noizean behin poemak idazten dodaz, eta koaderno baten gorde. Gogo itzela neukan poemok hartu eta liburu bat atontzen hasteko. Aukera hori oin dala urtebete eta erdi agertu jatan Joseba Jaka beka deialdiagaz. Hamabost poemako lagin bat eta liburuaren proiektua aurkeztu nituan. Bekea egokitu jatala jakin nebanean, lepoan harriz betetako zaku bat neukala sentidu nintzan. Baina martxan egoan, eta harek derrigortuta sano gustora eta gogotsu egin dot lan, eta gozau.

2. 'Tundra' liburu barrian gauza asko kontetan dozuz, baina alkarren arteko lotura barik, esan leiteke borborka urteten deutsuela berbek barrutik, tarrapataka: bizitako pasadizuak, gogoeta filosofiko zein sozialak, maitasuna, historiako kontuak...

Lotura ezarena erlatiboa da. Batzuetan lotureak eta dana 'sistema' konkretu baten pentzutan ipini gura izateak ez deusku errealidade askotarikoa eta kontraesankorra erakusten. Bardin deust filosofiaren, ideologiaren edo zientziaren izenean bada, ze bizimodua hori baino konplikatuagoa da, zorionez. Hainbat elementuren nahaste horrek –eta uren arteko erlazino izkutuek- dakarre 'Tundra'-ko giroa. Beste logika bategaz dago idatzita, nik askoz baliogarriagoa erixten deutsadana.

3. Zenbat denpora emon dozu 'Tundra'-ren ganean gogoeta egiten, pentsetan eta idazten?

Ez dakit, egia esan. Azkenengo hileetan asko, orain dala lau urteko 'Anemometroa'-ren aldean trinkoagoa dalako eta horrek erritmoa, egiturea eta abar ondo atondu beharra esan gura dauelako. Beste lan hori, sortzearena, ez dago ordutan neurtzerik. Batzuetan eguna ilundu egiten jat poema bat sortu guran eta hamar minutu izan dirala emoten dau.

4. Olerkietan berbak ez dira kasualidadez bata bestearen ondoan josten eta, alde horretatik, jostun zereginetan ordu asko egingo zenduzan seguru. Sarritan, olerkietan esan gura izan dozuna barruntetako behin eta barriro irakurri behar dira olerkiak.

Hizkuntzea da guk darabilgun zementua eta nahastea ezin da edozelan egin. Halan da be, jolaserako eta askatasunerako tartea erreibindikau behar da beti, nahiz eta marra batzuk ezin diran zeharkatu. Andolin Eguzkitzak ondo definiduten dau zer dan marrok gainditzea: berba-entsaladak sortzen doguzala. Hori ebitau gura izan dot.

Besteari jagokonez be, poemak behin eta barriz irakurtearena, neurrian egin behar dan kontua da. Asko fidatzen naz belarriaz, eta harek esaten badeust erritmo ona dauela, aurrera jarraitzen dot. Egon dira, baina, neke asko eragin deustienak be.

5. 'Tundra', etenik bako jarioa da; baina eten batzuk bai markau dozuz: zuk zeuk pentsetako astia izateko ala irakurleak arnas apur bat hartu daian?

Bigarren horrexetarako hain zuzen be. 'Tundra' gelditu bako erreka baten antzera imajinetan neban nik, eta halan islatu neban bekarako proiektuan. Gero hiru pausaldi egitea otu jatan, Gorka Arrese argitaratzailearen aholkuz. Besterik ez bada be, jenteak badaki orain esaldi labur horreetariko batera heldukeran 'hainbatera' heldu dala. Beharbada ez da atal bat, baina bai geldiune bat aurrera segidu edo hurrengo baterako ixteko aukerea emoten dauena.

6. Olerkiotan bizkaierazko berba batzuk erabili dozuz, besteak beste, galapan, berba, azunbre, trabes...; apropos sartu dozuz ala jario horretan berez etorri jatzuz?

Horreek ez dira bizkaierazko berbak. Korrika, hitz egin, zeharka,… gipuzkerarenak ez diran moduan. Bizkaieraz idatzitako liburu bat balitz, beste zeozer erantzungo neuskizu, baina nik 'Tundra'-n erabili dodazan berba guztiak euskara batuarenak dira. Pasetan dana da oraindino bizkaitarrok zera itauntzen dogula: Zelan esaten da 'barik' batuaz? Eta erantzuna erraza da: barik.

7. Euskal olerkigintzan, Aresti, Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga edo Sarrionaindia izen handiak dira, baina belaunaldi barria be hor zagoze: Gaizka Amondarain, Karlos Santisteban, Kirmen Uribe, Urtzi Urrutikoetxea, zu zeu...; edozelan be, gure artean ez dago poesia irakurteko jokera handiegirik. Egia esan, orobat behintzat, gurean ez dago irakurteko jokera handirik. Zer uste dozu?

Itaun horren inguruan kafe asko hartu geinkez eta erantzun zehatzik emon ez. Edo beharbada, zatikako erantzunakaz argituko geunke zeozertxu gai zabal eta agortu ezinezko hau. Betiko topikoak errepetidu baino gurago neuke pista bat emon irakurlearen hausnarketarako: Euskal Herriko zifrak –azken baten zifrek agintzen dabe-eta– beste herrialde eta hizkuntza batzuekaz proportzinoan alderatuta, zer ondorio atarako geunke?

Eta bigarren ideia bat, edo ez dakit sentipen bat dan: literaturan gure editoreek urtero aurreratzen daben apurra ez al da, euren bitartekoak kontuan hartuta, txapela kentzekoa? Horrek zer pentsau emon beharko leuskie kulturgintzan dabilzan erakunde publikoei, komunikabideak barruan dirala. Inork ezer txartzat hartu ez daian esango dogu alkarren beharrizana daben mundu bi horreen arteko zubiak sendotu behar dirala.