Bertsotan  IV. urtea // 113. zenbakia

Bizkaiko Eskolarteko Txapelketea ’05: Algortatik Lekeitiora, bertsoak Bizkaian gora!

Xabier Iturraspe lekeitiarra eta Itxaso Paya algortarra txapeldun


Akaburako, aurten biak batu ziran (igaz egiteak zentzua eukiko leuken lez) eta presinoan gordetako txanpaiak lez, bertsoen maileak gora egin eban itzel. Aitor Beitia ibili zan motelen, ezin esanda txarto ibili zanik. Enea Pinillosek bertsoak egosi egin ebazan buruan, baina itxaroteak bertso dotoreak entzuteko paradea emon euskun. Hemendik gorakoetan batetik besterako tartea sano txikia izan zan: Peru Vidalek inozko ondoen egin eban bertsotan eta azpimarratzekoa da urte betean egin dauen gorakadea. Eñaut Uruburuk bizkaiera natural-naturalean kantau eban eta noz edo noz ironiarako tarterik itxi eban. Arrate Illaro ibili zan aurreko bietatik hurren. Illarok ideia onez ganera, teknika parebakoa imini eban tabladu ganean eta saio on-ona egin eban. Jone Uriari ezin jakon igarri berbatan ala bertsotan ebilen, izan be, itzelezko erraztasuna azaldu eban bertsotan egiteko, abiadurearen kontrol ikaragarriaz ganera. Horren lekuko, Itxasogaz batera zortziko txikian kantau ebaneko ofizioa dakart. Zuriñe Iarrituri hau gaiau imini eta bost segundura kantuan hasi zan Getxoko errubia, moreneak arintasun beragaz erantzun eutsola: 'Zuek biak lagunak zarie. Zinemara joan zarie eta Jone, konturatu zara Itxaso gero eta gehiago parajetzen jatzula'

Jone:

Zurekin oraingoan
harrituz zeharo,
nire klasean egon
baitzara luzaro.
Beldurrezko filme bat
zenuen nahiago…
Ez al zaitut beldurtzen
nik askoz gehiago?

Itxaso:

Nik beldurrez pasatu
ditut hamaika gau...
Baina zuk zer dinozu?
Jone, ba, zer da hau?
Hemen egonagatik
makina bat arau,
zure usain goxoak
asko erakartzen nau.

Jone:

Pasatu behar ditut
hainbeste apuru,
nigana hurbiltzea
zenuen helburu.
Hurrengoko aukera
egin dut, seguru:
hurrengoan Doraemon
ikusiko dugu.

Itxaso:

Doraemon ikustea
liteke erreza,
baina batera egonik
ba ez, ezin kexa!
Mesedez eman zure
besoen babesa:
Jone zeu izan zaitez
gaur nire printzesa.

Mirenen bertsokerearen oinarria zuzentasuna izan zan. Bizkaiera apal-apalean, idatzizkoak emoten eben betelanak egiten ebazan. Berbarako, San Juanen inguruko gai batean hau bota eban: 'San Juan, San Juan kantatzen, altu eta ozen / sutara zenbat gauza botako neukezen!' Itxasok Bizkaiko batueraz (ez bizkaieraz) kantau eban eta nagusitasuna erakutsi eban lehenengo unetik. Ariketa danetan besteen ganetik egon zan. Amama gaixorik euken ahiztea izanda, Itxasok egunero egiten eutson bisitea ospitalera eta Eneak sekula. Payatarrak sententzia honegaz amaitu eban bere bigarren bertsoa: 'Kontzientziak ez nau behartzen, behartzen nau maitasunak / ta amamagaz pasa ditzagun bere azkeneko egunak'.

Kartzelako gaian holan kantau eben neska biek: 'Etxean lasai-lasai zagozala aita itzuli da beharretik negarrez. Bere ondoan jarri zara'

Miren:

Non dago baina bizitza hontan
bidea eta zentzuna?
Aspaldi baten gure etxean
ezebe ez da biguna.
Lanera deitu deutse aitari
eta notizi iluna:
ohe batean lotuta egoan
aspaldi gure amuma,
orain joan da eta akabo
bere biziko jarduna!
Gure aitari neuk emongotsot
falta jakon maitasuna.

Itxaso:

Egunero lez etxean nago
telebista ikusten lasai;
Etorri zara, baina ez zaude
ez irriparrez, ez alai.
Aizu, aitatxu, baina negarrik
egiterik ez nuke nahi,
izanik hainbeste dohai,
zer pasatu zaizu, ba? Ai!
Ni izango naiz zu entzuteko
kapaza eta baita gai:
Zure alaba izan naiteke,
baina laguna ere bai.

Zorionak Bizkaia!

Xabier Paia


Bagilaren 3an, Bilboko El Karmen aretoan Bizkaiko Eskolarteko 22. Bertsolari Txapelketea antolatu eban Bizkaiko Ikastolen Alkarteak. Egun horretan aurreko asteetan Bermeon, Markinan eta Ondarroan izandako kanporaketatako onenak lehiatu ziran jaurerriko ume eta gaztetxuen podiumera igoteko.

Hamalau urtera artekoetan, Xabier Iturraspek Irati Erkizia (txapeldunordea) bilbotarragaz, Nagore Beitia bermeotarragaz, Elene Lejarzegi lekeitiarragaz, Maitane Jaio mungiarragaz eta Imanol Uria algortarragaz kantau behar izan eban. Puntutan, pelotoia izan zan beste ezer baino, baina Iturraspe eta Erkiziak egin eben bigarren faseko lehiarako pausoa. Azkenean Iturraspek jaso eban txapela eta Irati Erkiziak Bizkaiko bigarren postuagaz konformau beharko dau, edadearen arabera ezin dauelako Euskal Herriko Eskolartekoan parte hartu, 14 urtera artekoetan aurkezteko 15 daukaz eta.

Txikietan aitatu leiteken gauzarik nabarmenena denporea da, edo hobeto esanda, bertsoak entzuteko denporarik itxaron behar eza. Akaburako, gure umeek ulertu dabe bat-bateko sariketea ez dala buruan egositako bertsoakaz beteteko upela. Edozelan be, upela mahats oneko txakolinez bete eben sei finalistek.

Hamazortzi urtera artekoetan, Fredi eta bion arrebeak, Itxaso Payak irabazi eban Bizkaiko txapela. Etxeko harrobiko harrokeriak alde batera itxita, Itxasogaz batera Jone Uria eta Arrate Illaro (getxotarrak), Peru Vidal leioztarra, Miren Amuriza berriztarra (txapeldunordea), Enea Pinillos Elorrioarra, Eñaut Uruburu abadiñoarra eta Aitor Beitia bermeotarra ibili ziran kantuan. Ikastolen Alkarteak igaz arte kategoria honetako bertsolariak bi taldetan banatzen baebazan be (15-16 eta 17-18 urtekoak, gaztetxuenek Euskal Herriko Txapelketara joateko eskubiderik izan barik), aurten danak kategoria bakar batean batzea erabagi eban. Lege horren indarraldiko lehenengo urtea neuk ezagutu neban; alde onak eta txarrak eukazan: batetik, Bizkaian txapel bat gehiago banatzen zan baina, bestetik, kategoria oso batek ez eukan gora joteko aukerarik.