Eretxia  IV. urtea // 113. zenbakia

Saharako herriaren intifadea, etsipenaren seinalea


IƱaki Atxutegi

Informazinoa tantaka jatorku. Ez dakigu seguru zer pasetan dan, barriak oso nahasiak dira eta. Ez dakigu zenbat matxinatu diran edo Marokoko poliziak zer egin deutsen atxilotuei. Hori bai, zoroek be badakie saharako biztanleen 'intifada barriak' ez daukala etorkizunik.

Lur jota itxi deust Sahararen ganeko informazinoak. Orain dala askotik bagenkian sahararrak gogaituta egozala. Urteetako promesak ezerezean geratu dira. Euren etorkizuna erabagiteko erreferenduma ez dala egingo jakin dogu. Beraz, Marokoko errejimenaren hankapean egotera kondenauta dagoz.

Ez dagoz sahararrak egoerea gozoan. Ia 30 urte emon dabez basamortuan, kanpamentuetan, eguzki kupidabakoari eusten, Marokoko ejerzitoari aurre egiten eta nazinoarteko komunidadearen amnesiaren kontra burrukan. Dana alperrik izan da.

Orain urte batzuk Baker, Estadu Batuetako Estadu Idazkaria izandakoa zeozelako akordioa lortzen ahalegindu zan. Baina akordioa ezinezkoa izan zan. Marokok ez dau gura Saharako subiranotasuna bertako biztanleen eskuetan laga. Harrapakina ez dau askatzen errege alauiteak. Badaki, ondo baino hobeto, denporeak bere alde jokatzen dauela. Badaki Estadu Batuen aliaturik baliotsuena Marokoko errejimena dala eta geopolitikea personen eskubideen ganean dagoala. Badaki, lau zoro kenduta, Europan ahaztu egin dabela Saharan badagoela burujaubetzearen alde burrukan dagoan herri bat. Erabat ahaztuta dagoz.

Mingarria da Espainiako Gobernuak ez-ikusiarena egitea. Ahaztu egin dabela emoten dau eta era lotsagarrian laga eben Sahara Maroko eta Mauritaniaren eskuetan. Emondako berbea jan egin eban Espainiak, autodeterminazino promesak ezerezean geratu ziran eta. Ustez aurrerakoiak diranek, personen eskubideak bermatzeko pasinoa agertzen dabenek be ez-ikusiarena egiten dabe.

Saharan etsita dagoz. Halanda be, Mohamed Abdelaziz, Saharako liderrak esan dau gerrara bueltetako arrazoirik ez dagoala. Baina sahararrek ez dabe ikusten euren sufrikarioaren amaierea. Azken finean, herriek ez daukie eskubiderik, gogoratzen dozue? Personei zor jakez eskubide zibilak. Hain zuzen be, Marokoko errejimen sasidemokratikoak Saharako biztanleei eskaintzen deutsiezan berberak, geuk geuretzat gurako ez gendukezanak.