Sarean eta airean dabil ‘8 herrialdeak zuzenean’
Iratxe Ormatza
‘8 herrialdeak zuzenean’ diasporako euskaldunentzako programea jarri dabe martxan sarearen eta irratiaren bidez oraintsu. Programea Ipar Euskal Herriko Gure Irratiak egin eban. Benoit Etxeberrik zuzendu eta aurkeztu eban eta Noel Elorgak be hartu eban parte.
Programan Euskal Herriaren eta Euskal Etxeen ganeko informazioa emon eben. Berezia da programea; izan be, mundu osoko euskaldunek parte hartzea da helburuetariko bat. Telefonoz zein e-postaz parte hartu daiteke, eta programan erabili dabezan hizkuntzak ingelesa, frantsesa, gaztelania eta euskerea izan dira. Benoit zuzendariaren esanetan, 'programea Euskal Herriko euskaldunek egina da mundu osoko euskaldunei begira'.
Lehen programea Euskal Herrian arratsaldeko laurak ziranean egin eben; Kalifornian goizeko zazpiak ziran eta Buenos Airesen goizeko hamaikak. Sarearen bidez entzuteko, Gure Irratiaren webgunean sartu behar da.
Aurrerantzean, programea astelehenetan egingo da, hilearen lehenengo astelehenetan, hain zuzen be. Programeak hainbat atal izango ditu: Euskal Herria, kulturea, kirola, genealogia, ekonomia eta euskal alkarteak eta diasporea. Benoit Etxebarriak esan dauenez: ‘Euskal Herriko euskaldunei jakinarazo gura deutsegu gure kulturea eta hizkuntzea bizirik dagozala, gure mugatik harago, Zortzigarren Herrialdeko, diasporako, euskaldunei esker’.
‘8 herrialdeak zuzenean’ programan ‘8 Probintziak’ alkarteak, Euskal Argentina Alkarteak eta Gure Irratiak hartu dabe parte. ‘Gure sakoneko helburua Euskal Herriaren eta Disaporearen arteko zubia izatea da, egoera biak hurreratzea eta mundu osoko euskal komunidadeen arteko hartu-emonak erraztea’, esan dau Etxeberrik.