Antxina-barri  IV. urtea // 113. zenbakia

Arrantzaleen sindikatua

Euzko Tostarteko Bazkunaren sorrerea


Domeka haretan, euskal kostaldeko ia herri guztietako arrantzaleak hurreratu ziran Ondarrura: Pasaia, Irun, Motriku, Lekeitio, Santurtzi... Eurez ganera, barruko herrietako (Lemoa, Bergara, Alonsotegi...) ordezkariak be joan ziran Bizkaiko kostaldeko herrira, arrantzaleei euren alkartasuna erakusteko asmoz.

Eguna hasteko, eta sasoian ohiturea zanez, mezatara joan ziran ordezkari guztiak. Mezan Policarpo Larrañagak abadeak, ELA sindikatuaren sortzaileetariko batek egin eban berba, Eleiza Katolikoak orduan bultzatzen eban Giza Irakasbidearen ezaugarri nagusien azalpenak emonez. Meza ostean, frontoira joan ziran, Eibarko dantzari txikien erakustaldia ikusteko.

Dantza erakustaldiaren ostean hasi zan mitina. Bertan, lehenengo Ondarruko semea eta bertoko tostartekoen lehendakaria zan Ander Lertxundik egin eban berba, euskeraz, egun horretako ekitaldiaren garrantziaren barri emonaz. Honen ostean, Donato Ugartxeak Gipuzkoan ELAkideek egindakoen barri emon eban, tostartekoak ELA sindikatura batzeak eukan garrantzia erakutsiz. Gipuzkoarrak amaitu eta gero Zenarruzabeitia andreak hartu eban berbea. Bere esanetan, garrantzitsua zan emakumeak lan mundura zabaltzea eta horretara animau ebazan bertan egozanak eta Euskadiko beste emakume guztiak. Azkenik, langileen eskubideen aldarrikapena danen, emakume zein gizonen, ardurea zala esanez amaitu eban bere berbaldia. Mitinean azkena Manu Robles Arangiz ELA sindikatuko burua izan zan. ELAko buruzagiak ELAk bere sorreratik egindako lanaren laburpena egin eban, jentea txaloka egoan bitartean. Behin eta barriro argi itxi eban euskal sindikatua ez egoala inoren menpe eta gitxiago orduko lantegi-jaube eta aberatsen menpe. Ganera, sindikatuak sozialistakandik jasaten ebazan erasoen argumentuak ezeztatu ebazan.

Eguneko ekitaldia 150 lagunen arteko bazkariagaz amaitu zan. Hori bai, berbaldi labur batzuk be izan ziran eta kartzelan egozan Larrinagako presoei alkartasun telegramea bialdu ostean emon jakon amaierea egunari.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria


Egunotan egunkari eta komunikabideetan doguz gure arrantzaleak. Aurten ia ez dabe antxoarik hartu eta batzuen esanetan inoizko arrantzarik eskasena izan da. Benetan arduratzeko moduko egoerea da gure arrantzaleentzat antxoaren kanpaineak daukan garrantzia ezagututa.

Egunotan arrantzaleen egoerea eskasa dala ikusten badogu be, gure arrantzaleek beti jakin dabe eurena arrisku handiko lana dala: arrainak hartzeaz ganera, kontuan izan behar dogu zein egoera larrietan egiten daben lan, etxetik urrun, itsasoan, olatuen eta eguraldiaren menpe...

Hori dala eta, arrantzaleek beti izan dabe argi euren arteko batasuna ezinbestekoa dala eskubideak eta etorkizuna bermatzeko: zentzu honetan, aspaldikoak dira gure portuetan kofradiak. Barriagoak dira arrantzaleen sindikatuak eta, gaur egun holakorik ez badago be, atzerantz begiradatxua egin ezkero, XX. mendeko 30eko hamarkadan euskal arrantzaleek sortutako sindikatu edo 'Bazkuna' topauko dogu. Gaurko artikuluan 'Eusko Tostartekoen Bazkuna' arrantzaleen sindikatu edo alkartearen barri emongo dogu.

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dogu 1930eko hamarkadan Hego Euskal Herriak bizi eban egoerea: Errepublika sasoia zan eta abertzaletasunaren ideiak, EAJ eta EAE alderdi politikoen bitartez, gizarteko esparru guztietan zabaltzen joiazan. Esparru edo arlo guztietan esaterakoan, bardin esan geinke irakaskuntzan, kulturgintzan zein langileen artean. 1911n sortutako ELA euskal sindikatuak be gorakada itzela izan eban urte horreetan. Baina lantegietan behar egiten eben langileez aparte, euskal gizartean garrantzitsuak ziran, zelan ez, baserritarrak eta arrantzaleak. Euren lan- eta bizi-baldintzak negargarriak ziran, benetan. Aitatutako egoera politiko honi Ameriketako Estadu Batuetan 1929an izandako porrotaren ondorioz Europa guztian bizi zan krisialdi ekonomikoa gehitu behar deutsagu. Errealidade hau hobetzeko asmoz, eta gero eta indar gehiago hartzen joian sozioalismoari aurre egiteko, Eleiza Katolikoak Giza Irakasbideko doktrinea zabaldu eban. Jentearen egoerea sozial eta ekonomikoa hobetzeko helburuagaz, kapitalismo huts eta gogorraren eta sozialismo erasotzaile eta burrukalariaren tarteko konponbidea jorratu eben.

Arrantzaleen sindikatura bueltatuz, 1932ko irailaren 11an batu ziran hainbat arrantzale Eusko Tostarteko Bazkuna sortzeko asmoz. Ordurako antzeko alkarte bat martxan egoan eta 600 bat arrantzale batzen ebazan. Baina talde honek ez eukan behar zan moduko egiturea eta etorkizunean taldearen lanari etekinak atarateko, derrigorrezkoa zan ondo osotutako taldea izatea. Irailaren 11n Ondarrun egindako adierazpenetan argi adierazo eben sindikatu barriaren betebeharra: arrantzaleen arteko batasuna lortuz langile honeen lan egoerea aldarrikatu eta hobetzea.

Egun batzuk arinago, egunkari eta aldizkari abertzaleak ahalegindu ziran Tostartekoen Bazkunaren sorrerearen barri emoten, arrantzale abertzaleak Ondarrura joatera animatuz. Lan honetan garrantzitsuak izan ziran, batez be, ‘Euzkadi’ egunkarian Alberto Onaindiak ‘Egizale’ ezizena erabiliz argitaratutako idatziak.

Baina kontuan hartu behar dogu Tostartekoen Bazkuna ez zala aparteko sindikatu modura sortu, ordurako zabaltzen egoan ELA sindikatu abertzalearen zati modura baino.