Euskerea berbagai  IV. urtea // 113. zenbakia

Erabilaldia


Xabier Paia

'Emon bostekoa' leloagaz batera, lehenengoak bezain garrantzitsua izan behar eban bigarren maila batean, Durangoko Ibilaldiak erabilaldia berbea zabaldu dau erregetza urte osoan zehar. Hizkuntzearen erabilaldia sustatu gura eben Ibaizabal eta Kurutziaga ikastoletako irakasle eta antolatzaileek eta azkenean konturatu gara egungo euskal gazteriak ez dauela ez mingainik ez bururik erabilten.

Aurreko astean, Gabriel Arestiren Bilbo ibilbide literarioa egiten nenbilela, ikastola bateko gazte batek Gaztelaniaren Erret Akademiak barkatuko ez leuken akats gramatikal bat egin eban eta bere ikaskide batek holan erantzun eutson: 'Jo tio, si parece que no vas a un colegio de pago'. Zer pentsatua emon eustan, baina gitxi izan zan gerora pentsau behar izan nebanagaz.

Akaso bazterrak harrotzea izango da, baina hain nabarmena egin jatan neuri be maiatzaren 29ko euskerearen faltea, ezinbestean neuk be gai hau jorratzea erabagi dot.

Domeka horretan bertsotan egin behar neban Iratxe Ibarra eta Xabier Amurizagaz bosgarren gunean; kotxerik ez eta kotxean joateko gogorik be ez neukanez, trenean edo sardina latan joatea erabagi neban. Metroan sartu nintzanean, Algortan, neure ondoko arpegi batzuk ezagunak egin jatazan: ikastolatik, inguruko eskoletatik, herrikideak besterik barik... eta danek erderaz egiten eben berba. 'Tira –pentsau neban–, Ipar Uribeko jentemodua zelakoa garan!' Jakin izan baneu trenaren kontuak okerrera egingo ebala! Ozta-ozta sartuta, gura zein gura ez hartu behar neban trenean, han be ez egoan euskerearen arrastorik, ez bazan bagoiko karteletan. 'Gora Euskadi' esaldiz pintautako buru bako txapelak, aurreko urteetako Ibilaldi, Herri Urrats eta abarren kamiseta eta txandalak (eta horreek jantzita be jenteak ez eban ezelako hazkurarik sentiduten). Ganera, trena geltoki batean lotzen zan aldi bakotxeko, ate ondoan gengozanoi bultza egiten euskuen kanpora urtetako. Akaburako, esan behar izan neban: 'Oye, tengo que cantar en la Ibilaldi y si pierdo este tren no llego ni de palo'. Euskeraz esatea pentsau neban, ingelesez esateak arrakasta handiagoa izango ebala pentsatuz. Beno, behintzat Durangora ailegau nintzan.

Saiora ailegau eta gazteriari aurpegira hipokrita deitzeko gogoa gorputz osotik zabaldu jatan. 'Euskal Herria orain aspaldi / ikusiko gendun aske / mingaina euskeraz erabilita / giltzurruna alkoholez beste' eta halako bertsoak kantauta be, entzuleak asago lotu jatazan.

Asteon prentsan egon dan debaterik handiena, ostera, ikastolen jaietan ikastolen euren erantzukizuna izan da. Gazteak goizetik atxurtuta ibilten dirala, ez dagoala kontrolik alkoholagaz, koma etilikoak egoten dirala... eta ganera, ez dabe euskeraz egiten. Holako gaztetxoak hazteko eregi behar al doguz ikastolak?

Zergatik ez dabe gaur egungo gazteek euskeraz egiten? Hasteko, argitu gura dot neuk gazte hizkeratzat edozelako euskerea onartuko neukela. Hau da, euskañola erdalguneko persona euskaldunen hizkera kolokiala da neure eretxiz. Halan eta guztiz be, erdalguneko gazteek hori berori be ez dabe erabilten askotan, irakasle askoren errieten ondorioz. Erderaz baino ez dabe egiten, ikastolan ezin jakelako kalean erabilteko euskerarik irakatsi. Irakatsi ezkero be, arrotza egingo jake, informazino iturri horrek normalean maila kolokialetik gorako hiztegia emoten deutselako. Orduan, mutur batetik bestera pasetan dira. 'Flipetan dot' esaldia ondo sartu da Busturialdean, baina ez da nahikoa.

Gauzek holan segidu ezkero, hobe danak kondoiaren erabilaldia bultzatzea eta gure ume eta gazteak nora, zelan eta zertan ekarri gura doguzan erabagiten dogunean, orduan ekingo deutsagu lanari buruagaz, txapelik barik.