2001: odisea Asiako hego-ekialdean (I)
Anekdota eta pasadizo ahaztezinez betetako bidaia ederra
Kuala Lumpur, Malaysiako uriburuagaz, bertako kulturen aniztasunagaz eta Petronas torreen edertasunagaz liluratuta geratu ginan. Gau baten, egun osoa torreetan eta bestelako leku batzuetan argazkiak ataraten egon ondoren, ohean sartzeko gogo handia geunkala, tenplu hindu baten aurrealdean jente pilo handia ikusi genduan, eta neka-neka eginda egon arren, hurreratu egin ginan. Gure harridurea sekulakoa izan zan Fortunearen eta Diruaren Jainkoari dedikautako errituala egiten egozala ikusi genduanean; han egozan gizon, emakume eta umeak dotore-dotore jantzita egozan, eta ikuskizuna ederra zan; ausardia askogaz, oinetakoak kendu, argazki kamerak preparau eta barruan sartu ginan. Ez euskun inork ezer esan, eta argazki asko atara genduzan. Ospakizunaren ondoren, bazkaria egin eben tenpluan bertan; gehienbat arroz klase desbardinak jan zituen platano orrietan eta eskuak erabiliz; jaten hasi ziranean, kanpora joateko momentua zalakoan, oinetakoak janzten hasi eta orduantxe hurreratu jakun ospakizunean parte hartzen egoan persona bat. Gizalegez, eurakaz batera arroza jateko gonbitea egin euskun eta gogo handirik ez geunkan arren, arroza eskuakaz jaten hasi ginan, motxilak bazter baten itxita. Arroz ale guztiak iruntsi ondorik, tenplutik alde egiteko baimena emon euskun lagun berezi harek eta, galtzerdiak arroz aleez beteta, hanka egin genduan; Kuala Lumpurreko edukiontzi baten bota genduzan. Esperientzia eta irakasgai polita gizon harek emon euskuna; ez daukagu, ez, ahaztuteko.
Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Singapur, Malaysia, Thailandia, Laos, Vietnam eta Kanputxea. Bidaiariak paisaje ederrak eta herritar jatorrak topauko ditu aitatutako herrialdeotan. Hauxe dozue momentu gozo eta gogorrez betetako bidaia ahaztezinaren kontakizuna, hiru kapitulutan.
Txina eta Marokoko kontuen ganeko erreportajeak egin ondoren, urrunago, leku exotikoagoetara joateko gogoa neukan, arrisku handiagoak hartzeko gogoa eta geureagaz zerikusirik ez daben kulturak ezagutzeko gogoa, berbarako, Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako kulturak. Nire buruan arin hasi ziran ideiak eta aukerak bueltaka; bidaia luzea izango zan seguru planetako lekurik ezezagunenetatik eta, ahal dala, bidaiari lagunagaz, Edorta Odriozolagaz batera. Jira eta bira askoren ondoren, aurrekontu errealista eta merke-merkea preparau genduan: danetara, 2.400 euro.
2001eko urria
Bidaiari ekin aurreko egunak bereziak izaten dira, eta nerbioak eta egonezina nagusitzen dira. Bisitauko doguzan herrialdeen ganeko informazinoa metatu egiten jaku buruan, eta hegazkina ahalik eta arinen hartu eta informazino hori guztia baliozkoa dan ala ez konprobetako gogo itzela izaten dogu normalean. Urtekerearen bezperan ez genduan lo askorik egin, baina gure familiakoak eta lagunek be ez eben askorik egin behintzat, ze danak be bete-betean identifiketan ziran gure bidaiagaz; izan be, hileetan zehar bidaiaren ganeko makinatxu bat kontu entzun behar izan zituen gizajoek. Singapurren ekin geuntson ibilbideari, eta Malaysian gora eginaz, Thailandiara heltzea zan asmoa; gero Laos, Vietnam eta Kanputxean behera egin eta barriro Singapurrera heltzeko; handik etxera, hiru hilebete kanpoan egin ostean.
Azkenean, urriaren 13an, zapatuan, goizaldeko 6:30etan aireportuan pozik eta triste gengozan, abiatzeko gogoz, baina triste be bai, lagunak eta familiakoak ez genduzalako luzaroan ikusiko; edozelan be, gure 21 urteotako abenturarik hunkigarriena zan eta ez egoan atzera egiterik.
Singapur
Burua garbi-garbi moztuta geunkan arrotz desatseginak ebitetako, eta hegaldiko ordu luzeak ahaztuta, gogo biziagaz heldu ginan Singapur uri ultramodernora. Zain topau genduzan Hui Ling eta Sharon gure edadeko cyberlagunak; holako abentureari ekiten deutsen 21 urteko zoro biak ezagutzeko gogoz egozan eurak be. Hasikera horretan igarri genduzan kulturen arteko aldeak. Dana dala, kulturen alkarjotea ez da inondik inora negatiboa; izan be, kulturen alkarjote guztiak ez dira shock gogorra izaten, ze, kasurik gehienetan, ñabardura txikien kontua baino ez da izaten. Singapurreko lagun biakaz sano onak izan ziran hartu-emonak kasu batzuetan komunikazino arazo txiki batzuk izan arren. Egia esan, tirabirak sortzen ziran laurok erabili genduan taxia edo laurok egindako bazkaria pagetako orduan; kontua da gurea baino abegikortasun kontzeptu zabalagoa dabela bertan, eta gastu guztiak pagau gura zituen. Askotan, lotsatuta, gorri-gorri jarten ginan; gorabehera edo alde txikiak baino ez dira, baina batzuetan haserraaldiak be sortu daitekez, guretzat huskeria dana hareentzat garrantzia handikoa izan daitekelako.
Malaysia
Singapurren emondako egunak konturatu barik pasau jakuzan, eta gogorra izan zan gure lagunak agurtzea. Hemendik aurrera, ezelako laguntzino barik, bakar-bakarrik ekin geuntson bidaiari.
Malaysia eta Laos gure bidaiako ezustekorik ederrena izan ziran. 2001eko irailaren 11n, musulman amorratuek gidatutako hegazkin komertzial bahituak torre bikien kontra jaurti eta eragindako sarraskia eta Afganistango gerra hasibarria fresko egozan oraindino, eta musulmanen munduan ezinikusia eta gorrotoa ziran nagusi baita Malaysian be. Horregaitik, bildur ginan, ze ez genkian zelan hartuko ginduezan eta ziur gure begiradan be igarriko zana gure bildurra. Halan da be, Malaysiak besoak zabalik hartu ginduzan, eta itxaroten genduana baino gizarte askozaz aurreratuagoa ezagutu genduan. Hori bai, ipar amerikarrakanako gorrotoa begi bistakoa zan malaysiar batzuen jarrera eta ekintzetan. Askotan, gugaz berbetan hasi aurretik nongoak ginan itauntzen euskuen bekozkoa jarrita, eta barra eta izartxuen herrialdea gogoko ez geunkala erantzuten geuntsenean, irribarretxua eskaini eta berehala hasten ziran berbak bata besteagaz lotzen. Batzuetan, alkarrizketea amaitu ondorik, 'man of the world' inskripzinoa eta irribarretxuagaz Bin Ladenen arpegia serigrafiatuta eukan kamisetea eskaintzen euskuen; holakorik ez genduala gura erantzuten geuntsenean, arpegi arraroa ipinten euskuen.