Getxoko XVII. Nazinoarteko Blues Jaialdia
Kontuak kontu, aurten be eskaintza zabala izango da Getxo&Bluesen. Kontzertuak Algortako Portu Zaharrean izango dira, gaueko 21:30etan hasita. Ez ahaztu kontzertuak doban dirala.
Bizkaie!
Bagilaren 10etik 12ra, Getxo & Bluesa, musikearen aberastasuna erakutsiko daben estilo desbardinen erakustoki izango da, aurten be. Helburu horregaz batera, bluesak berez merezi dauen garrantzia eta lekua emon gura izan jako, bestelako soinuakaz nahastau barik.
Aurtengo proposamenak maila goreneko artistak batuko ditu Algortako Portu Zaharreko karpapean: Eddie "The Chief" Clearwater, Coco Montoya, Little Axe eta Canal Blues izango doguz protagonista Getxon. Hiru egunetan zehar, publikoak soinu eta erritmo desbardinez gozau ahal izango dau Getxoko udako musika jaialdien denporaldiari hasiera emoten deutson Getxo&Bluesen.
Canal Blues taldeak zabalduko dau aurtengo jaialdia bagilaren 10ean. 2001 urtean sortu zan Bizkaian laukote hau, bluesa eta rocka buztartzeko asmoagaz. Steve Ray Vaughan, Robert Cray edo Brian Setzer lako musikarien eragina esanguratsua da Canal Bluesen kantuetan. Taldea Gorka Bringasek (gitarrea), Luis Alberto Garcíak (gitarrea), Isidoro Redondok (bateria) eta José Merodiok (baxua) osotzen dabe eta Getxon eskainiko daben kontzertuan beste bi musikarien laguntzinoa izango dabe "No nací pá trabajar" diskoaren kantuak aurkezteko.
Eddie "The Chief" Clearwater, eskarmentu handiko musikariaren txanda izango da ondoren. "The Chief" gaur egungo blues musikearen artista ezagunenetariko bat da. Maconen, Mississippin jaio zan Clearwater 1935ean eta oso gazterik hasi zan musikan inguruetako gospel taldeetan. 1950ean Chicagora joan zan musikari profesionala izateko eta 1953an bere lehenengo taldea sortu eban. Ordutik hona, jarduera arrakastatsua izan dau musikari iparamerikarrak. Country, blues eta rocka buztartzen dira bere estilo alaian. Clearwaterrek argi erakutsi dau edadea ez dala hain garrantzitsua eta 65 urtegaz heldu jakoz arrakastarik handienak: 2001ean W.C. Hand Award (blues musikearen saririk garrantzitsuena) irabazi eban eta urte bi geroago "Best Blues Entertainer" izentau eben Chicagoko "Music Awars" sari ospetsuetan.
Hilaren 11n, zapatuan, blues-soularen mito baten txandea izango da: Coco Montoya, hain zuzen be. Azken urteotako musikari handienetariko bat da Montoya kaliforniarra. Albert Collins telecasterraren maisu handiaren eskutik hasi zan 70eko hamarkadan. Urte batzuk aurrerago, benetako erronkeari heldu eutson John Mayallen Bluecasters talde ospetsuan sartu zanean. Benetako desafioa izan zan hori, Eric Clapton, Peter Green edo Mick Taylor musikari handien lekua hartu behar eban eta. Ezin hobeto bete eban bere lana eta hamar urte emon ebazan Bluecastersegaz. 90eko hamarkadearen erdian bakarka hastea erabagi eban eta 1995ean "Gotta Mind To Travel" disko arrakastatsua kaleratu eban Montoyak. "Ya Think I´d Know Better", "Just Let Go" eta "Suspicion" etorri ziran gero.
Azkenik, Little Axe (Skip McDonald) Ohioko musikariak emango deutso amaierea jaialdiari. Talentu handiko gitarra-jole, piano-jole eta abeslari honek estilo berezia garatu dau, bluesa, reggae errimoak, musika elektronikoa eta dub soinuak nahastauta.