Tapas
Izenburuak bestelakorik iradokitzen dauen arren, “Tapas” film on, atsegin eta interesgarria da. Egileak luzemetraien kontuetan hasibarriak izan arren, oso ezagunak dira telebistan egiten daben beharra dala eta. Juan Cruz-ek telebistako gidoilari modura eta laburmetraia batzuen egile modura bete dauen zeregina ez da beharbada oihartzun handikoa izan, baina ez dago gauza bera esaterik José Corbacho kirrinkari eta xelebrearen ganean. Horregaitik, ospe hori aprobetxauta, film honi pantaila txikerrean emondako laguntzinoak eta egindako propagandeak susmopean ipinten eban lanaren kalidadea; izan be, azken aldion oso ohikoak izan dira personaia baten izenean oinarritutako film oportunistak, berbarako “El penalti más largo del mundo”, “El asombroso mundo de Borjamari y Pocholo”, “Isi/Disi: Amor a lo bestia” edo “F.B.I. Frikis buscan incordiar”.
Aurreretxiak aurreretxi, film honek ikusle-entzuleen eta kritikarien onespena jaso dau aho batez. 'Tapas” komedia dramatikoa da, personaia anonimo eta arrunten ganeko eguneroko istorioen barri emoten deuskuna. Bitarteko eta asmoei jagokenez, pelikula txikerra da, baina freskoa, berezkoa eta, batez be, hurrekoa. Ganera, aktore zerrenda sendo honen antzezpen bikainek aparteko sinisgarritasuna emoten deutsie.
Argi dago “Tapas” ez dana teknika eta estiloaren ganeko irakasgaiak emoteko eredua izango; argi dago ez dauena arriskurik hartzen, ezta ezer barririk opesten be. Hortxe dago pelikula honen meritua: gitxi eukita, itxaroten genduana baino askoz gehiago eskaintzeko gauza izan dala.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoilaria: José Corbacho eta Juan Cruz.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 94 minutu.
- Antzezleak: Ángel de Andrés (Lolo), María Galiana (Conchi), Elvira Mínguez (Raquel), Rubén Ochandiano (César), Darío Paso (Opo), Rosario Pardo (Carmela), Alberto de Mendoza (Mariano), Alberto Jo Lee (Mao), Amparo Moreno (Rosalía), Anna Barrachina (Águeda).
-Argazkia: Guillermo Granillo.
- Muntia: David Gallart.