Kulturea  IV. urtea // 113. zenbakia

Mundumira, Munduko Kulturen Lehen Jaialdia Arrasaten


Kontzertuak Arrasateko Monterron parkean egingo dira eta ganerako ekitaldiak herri osoan, baita inguruko mendietan be. Edozelan be, gehienbat Arrasateko alde zaharra hartuko dau jaialdiak. Karpa bi egongo dira eta lau agertoki. Danetara, kilometro bateko ibilbidea preparauko dabe, jentea batetik bestera erraz joan daiten. Kontuan hartu, Mundumirako ekitaldi danak doban izango dirala.

Bizkaie!

Euskal Herria aldizkariak antolatuta, lehenengoz bost kontinenteetako artisauak, gastronomia, perkusio eta soinu tailerrak, antzerkia, kale-musikariak, haur-gunea, mendi-igoerak, ipuin maratoiak, erakusketak, zirkua, txotxongiloak, alkartasunaren merkataritza, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak izango dira Arrasaten.

Arrasaten, bagilaren 10etik 12ra egingo da Mundumira, munduko kulturen jaialdiaren lehenengo edizinoa eta astegoien horretan, munduko bost kontinenteetako kulturen berezitasunakaz gozetako aukerea egongo da Gipuzkoako herrian. Domekan, berbarako, munduko kulturen artisautza azokea, alkartasunezko merkataritza gunea eta senderismo azokea zabalik egongo dira egun osoan.

Barikuan, arratsaldeko 18:00etan Mundumira Informazino Puntuak ateak zabalduko ditu eta hortik aurrera makinatxu bat ekitaldi izango dira: 'Euskal aztarna Argentinan' argazki erakusketea, Euskal Herria ezagutzeko ibilbideak, diapositibba emonaldia, zein kaljirea. Gau partean, barriz, musikea izango da nagusi.

Kontzertuak bariku eta zapatu gauean egingo dira eta bost lurralde desberdinetako artistek eskainiko dabez.

- Barikuan (bagilaren 10ean), Garik eta Babacar & Diengozek joko dabe. Gari euskal musikariak ibilbide oparoa daroa musika munduan, eta behin eta barriro bide barriak jorratu ditu, etenik bako eboluzinoan. O-tik lanagaz barriro arrakasta handia lortu dau Euskal Herrian (Kontzertua, gaueko 22:30etan hasiko da). Babacar & Diengoz, barriz, Senegaleko taldea izan arren 1994tik Madrilen bizi dira eta, halan da guztiz be, jatorrizko lurraldeko indar guztia jasoten dabe perkusinoetan oinarritutako euren musikeagaz. Yossou N’dour abeslari afrikarragaz be ibilitakoak dira (kontzertua gauerdian hasiko da).

- Zapatuan (bagilaren 11n), Phil Cunningham eta Aly Bainen musika zeltiarrak emongo deutse hasierea kontzertuei. Philek akordeoia joten dau eta Alyk, barriz, biolina, eta biek bakarka egindako lanakaitik ospe handia dabe Eskozian (22:30). Ondoren, Marcio Faracoren txandea izango da eta pop eta hip-hop doinuz jantziko dau bere musikea; brasildarrak bizitza osoa emon dau bidaiak egiten, hasieran Brasiletik eta geroago Frantziatik, baina 1999tik Parisen bizi da. Hiru disko kaleratu ditu, eta oso harrera ona lortu dau hirurekaz; Faracoren musikea baikorra, bizia, kolorez eta erritmoz beterikoa da (23:35).

Emonaldia Raul Paz kubatarrak zarratuko dau goizaldeko 01:00tik aurrera, Revolucion azken diskoaren aurkezpenagaz. Pazek son kubatarra, salsa, pop, rock, reggae eta musika elektronikoa buztartzen ditu beste erritmo askogaz batera, eta ospe handia hartu da mundu osoan, Amerikatik hasi eta Europaraino.