Xabaltxek 'Sms galduak' izeneko lan barria kaleratu dau
Bizkaie!
Hiru urteko isilunearen ostean, Lapurdin jaio baina azken urteotan Nafarroako Urdazubin bizi dan Pantxoa Bergara, Xabaltx musikaria gogor dator barriro. Garai batean Baionako badil beharrean, euskal kultureari buruzko saioa egiten. Orain, ostera, disko barria kaleratu dau, 'Sms galduak' izenekoa hain zuzen be. Hamaika kanta barri eta bideo bat jarri ditu elektro-pop sailean koka daiteken lan honetan.
Pop elektronikoan oinarrituta, Niko Etxarten Kilikas estudioan egin dabez nahasketak. Bi urteko lana izan da, bakardadean osotua, bai kantuetako hitzen aldetik, bai eta musikeari dagokionean be. Berak egin eta grabau ditu gitarrea, tekladua, pianoa, koroak eta ahotsak.
Laurogeigarreneko hamarkadan Ipar Haize taldea sortu eban Sustraia taldeko Mixugaz, eta berehala pop-folk sailean oinarritu zan. Berrogei bat kontzertu eskaini ebezan urtero Euskal Herriko bazter guztietan eta Oskorri, Niko Etxart, Anje Duhalde, Itoiz, Hertzainak, Su Ta Gar eta Minxoriak taldeakaz ibili ziran ziran zuzenean.
Handik urte batzuetara bakarkako ibilbideari ekin eutson eta, ordutik beste hiru disko kaleratu ditu bere ibilbidean zehar: Xabaltx & H20, Zalantzak eta Gau erdi pasa eta.
Hasita dago daborduko aurkezpen kontzertuakaz; lehenengo kontzertua bagilaren 4an eskaini eban Baigorrin. Bagilaren 10ean Ziburun joko dau eta 12an, barriz, Donibane Garazin Niko Etxartegaz batera. Hilaren 18an, Zugarramurdiko Sorgin Gaueko ekitaldien barruan parte hartuko dau, eta amaitzeko, 21ean Baionan eta 22an Itxasun emongo ditu kontzertuak.