Bidaide  IV. urtea // 113. zenbakia

Mr. Lugaz ohean


Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Mr. Lu izeneko txinatar bategaz egin dogu lo metro bat eta hogei zentimetroko ohe batean. Bederatzi ordu izan dira eta inoiz ez naz altzau horren kantsauta. Esperientzia ez da bape erotikoa izan.

Kontua Dalin hasi zan, hegoaldeko Yunnan probintziaren iparraldean, herrialdearen eraginkortasun falteak bete-betean hartu euskunean. Kunming-era joateko tren-txartelak agindu genduzan hoteleko harrera-gelan. Gure gidearen arabera, hotela maila onekoa zan, jente atseginagaz eta erropea garbitzeko dobaneko zerbitzuagaz. Itxuran, parebakoa. Baina erropea bustita eta zikin emon ostean, metro koadroko euli gehien dituan hoteleko harreragileak, berba politakaz, tren-txartelak agortuta dagozala esan deusku. Garraiobide hau erabili gura badogu, txartelak merkadu baltzean erosteko dinosku, jatorrizko prezioan baino lau biderrez karuago. Suberte txarra izan dogu eta haserre nago, ez diralako kontzertu edo partidu erraldoi baterako txartelak, tren-txartelak baino. Bitartean, harreragilea garraio publikoko mafiosoagaz dago telefonoz berbetan. Ahotsaren tonuagaitik haserre dagoala emoten dau, baina itxurakeria hutsa dala uste dot, guri adarra jo guran dabilela.

- Sentiduten dot baina prezioa bikoiztu egin dala dino. Ganera, trenez joan gura izan ezkero, bagoi desbardinetan izan beharko da -odola irakiten daukadala igarten dot-. Beste garraio bat be badago, autobusa. Baina ez da bape segurua ezta erosoa be.

‘Motxilak zaman amarrauko doguz behar izan ezkero’, esaten deusat nire buruari. Orain, erosotasuna ez da horren garrantzitsua. Kumning-era heldu behar dogu Shanghairako hegaldia, pagauta dagoana, hartzeko. Holan ba, autobus-txartelak pagau eta, minutu gitxiren ostean, aurrean daukagu. Kantsauta gagoz, zikin, eguna noiz amaituko dan itxaroten.

Gidariak txartelei ganetik begiratzen deutse eta gure lekua autobusaren atzeko aldean dagoala dinosku. Urrunean, gelatxu txikitxu bat dago, ohe antzekoa eta, han, edadeko gizon bat dago. Lekua txikia da eta bentana bakarra dago, eskumako aldean, gizona dagoan lekuan hain zuzen be.

Beste aldean jarten naz, ahal dodan moduan. Motxilek ez deuste ia lekurik ixten eta uzkurtuta egon behar dot, fetu-jarreran ia. Bitartean, Zigorrek metro erdiko leku gogor baten ganean emon beharko ditu datozan ordu itogarriak. Hankak ohetik behera joakoz eta bost minuturik bost minutura lo geratzen jakoz. Izarek usain txarra daukie eta autobuseko bidaiariek, baita guk geuk be, usain hori astunago egiten dogu.

Hasi da triki-trakea. Noiz amaituko ete da? Bidaia luzea izango dala aurreikusten dogu. Ganera, bidean sarritan geratzen gara eta horrek luzeago egiten dau. Komunera joaten garan bakotxean arimea be jausten jaku. Baina ez dot luzatu gura gehiago kronika honetan, orain arteko eskatologikoena da eta (Txinako komun publikoen inguruko atalak trilogia baterako be emoten dau). Esperientzia horretatik bizirik urten genduala esaten amaituko dot. Handik ordu gitxira, fruta freskoa eta bertako pastel txikitxuak jaten egozan Shanghaira bizirik heltzen lagundu euskun Boing hegazkinean. Hemen behintzat, edozein gizakik izan beharreko gitxieneko baldintzak daukaguz.