Seve Calleja: 'bilbotarren izakerea da idatzietan nabarmentzen dana'
Bilboko ipuin eta leiendak / Cuentos y leyendas de Bilbao. Euskadiko Kutxa-Elea Argitaletxea, Bilbo, 2005
Bilboren ganeko literaturea batzeko asmoa da liburu honen jatorria. Hasieran, Unamuno, Luis de Castresana, ‘Klin-Klon’ edo Zamarriparen ohitura-pasarteez jositako kontu laburrak eta Euzkadi, Vida Vasca eta sasoiko beste argitalpen batzuetako anekdota barregarriak baino ez nebazan topau. Edozelan be, berehala jaubetu nintzan nahikoa material egoala bilduma eder bat osotzeko. Liburutegietara ipuin horreen bila joatea Bilbo hobeto ezagutzeko bidea be bazan eta gustora ekin neutson beharrari, izan be, edozer edo edonor ezagutzea maitatzeko modua be badala pentsetan dot eta, geldiro-geldiro orain urteak besoak zabalik hartu ninduan uriaz maitemintzen joan naz; liburua idazteko arrazoiak eta gogoa, beraz, argiak ziran.
Ahalegina sano ederra izan da ze, sarritan, asmo jakinik barik antolatzen diran ibilaldietan gauza asko deskubriduten edo ikasten dira. Antxinako oroitzapen eta kontuen kutxetan bila ibili eta benetako historiaren txatalak topetan dozuz. Esperientzia ederra izan da. Ganera, literaturea Historiara, gauza txiki eta egunerokoetara zein Unamunok aitatzen eban intrahistoriara hurreratzeko modu erakargarrienetakoa dala esango neuke. Asmo zehatzik barik hasitakoa uritar giroko bidaia kronologikoaren etxurea hartzen joian. Bilboko Alde Zaharrean abiatu eta ahalik eta urrunen joan gura neban, errekan behera egin, itsasora heldu eta inguruetako mendiak igon; lehenago be paseoan emondako orduetan edo argazkietan ikusi eta bila joanez ezagututako Bilbo (Iturrigorri, meatza zaharrak...). Kontu horreetako batzuk uribilduaren alderik ilunenen erakusgarri dira baina ez da ahaztu behar Bilboren historia, kasu gehienetan lez argi eta itzalez osotuta dagoala. Industriaren indarra eta gaur egungo distirea handinahi isilen eta baldintza gogorretan egindako lanaren frutu dira (horretan, literatureak benetako historia islatzen dau). Momentu on eta txar horreek biltzen dabezan kontu edo nobelek samurtasun etxurearen eta persona maitagarrien barri eskaintzen deuskue eta irakurketa horreei esker orainaldia hobeto ulertu geinke, baita azken urteotako aldaketa eta gorabeheren barri izan ez dabenek be.
Bilboko ipuin eta idatzietan gehien azaltzen dan gaietako bat kaletar eta baserritarren arteko tirabiren ganekoa da; aspaldi esaten zan ‘gure aparteko nortasuna huri honetara lehenago etorririko baserritar langileen fintasun, zuhurtasun, maltzurkeria.., hau da, huritar, kaletar bihurtu garen baserritarrak garela bilbotarrak’. Izan be, gurea lako zerbitzu-uria inguruetako kontu eta jenteez horniduten da; egia da auzotarren arteko tirabirena topiko literarioa be badala, uriburuaren eta probintziaren arteko gorabeherena lez. Literaturan ohitura-pasarteak, umorea, ironia eta karikaturea erabilten dira hori guztiori adierazoteko eta adibideak aitatzearen, Aranaz Castellanosen ‘Cuadros’ eta Kirikiñoren ‘Egunerokoak’ nabarmenduko neukez. Kostunbrismoa bitasun horretaz elikatzen da eta asmo txarra baino gehiago irribarrerako gogoa dagoala uste dot.
Beste alde batetik, oinarri historikoa ge gogoan hartzekoa da. Ezinbestekoa da literatureak historia islatzea eta, jakina, Bilboren ganeko literaturan ugari topau daitekez historiako kontuak (setioa, gerra zibila, langileen mobimentua...), izan be, XIX eta XX. mendeen arteko Bilbon ugari ziran jazoera eta tensino soziopolitiko eta ekonomikoak; literaturearen arloan, barriz, Errealismoa zan nagusi. Edozelan be, era guztietako ipuin piloa batu ostean, aro eta lekuen arabera sailkatzeko beharra hartu neban, batez be, Bilbo ez dala Alde Zaharra bakarrik eta uriaren historia Gerra Karlistea baino zeozer gehiago dala ezagutarazoteko. Jakina, onartu behar dot gaiaren ganeko idatzi danak jaso ez arren, gure uriak espainiar literatura klasikoan izan dauen eraginaz jaubetu nazala: Galdos eta Blasco Ibañezen obran, Espinelen pikareskan, bidaia erromantikoen ganeko liburuetan eta opera liburuxketan. Horrezaz ganera, Bilbon sortu dira bertoko eta kanpoko literaturan izen handia lortu daben narrazino zein poesiagileak eta, jakina, euren idatzietan sarri agiri da uria, kasu batzuetan uria hankaz gora iminteko baino ez bada be: Aresti, Blas de Otero, Unamuno, Larrea, Basterra...
Gauzak holan dirala, ez dogu ahaztu behar urietan uritarrak dirala giltza nahiz eta paisajeak eta monumentuek be asko lagundu. Ez dago ukatzerik Guggenheimenen indarra onuragarria izan dala bilbotarrentzat, azpiegitura eta zerbitzu barriak sortu dira eta haren inguruan. Dana dala, industriaren sasoiko Bilbo lanbrotsuaren enkantua be ez daigun ahaztu. Salaberria eta Bilbo euren obran aitatzen daben beste idazle batzuk gogoratzea baino ez dago; gastronomia, eguraldia, paisajea aitatzen dira... baina, batez be, bilbotarren izakerea da idatzietan nabarmentzen dana: bilbotarren barriketarako gogoa, hurreko lagunen seriotasuna, eskuzabaltasuna. Hori guztiori, Aranaz Castellanosen kostunbrismoan edota Mikel Zarateren trufa giroan atzemoten zan eta, nire eretxiz, horixe da Bilboren erakargarritasun handiena.
Seve Calleja
Oraintsu argitaratu dabe Bilboko Ipuin eta Leiendak liburua, Seve Callejak atondutako ipuinen aukeraketea; danetara, 22 ipuin dira eta Bilbo da ardatz nagusia; bidebatez Bizkaiko uriburuaren historia jorratzen da erdi arotik Guggenheimen sasoira eta Alde Zaharretik Abrara bitartean. Mikel Alonsoren argazki ederrakaz eta Bilbo idazlanetan sartu daben egileen aitamenakaz horniduta dago liburua, Euskadiko Kutxak Ametsak-Bilbao bildumeari hasierea emoteko aukeratu dauen edizino ederra. Bildumearen egilea, aukeratutako ipuinen egileak eta liburuaren berbaurrea egin dauen Bilboko Alkate Iñaki Azkuna bera be bat datoz Gaztenpresa edo Coopera lako gizarte proiektuetan Caritasegaz kolaboretan dauen eta bilduma lan honen babesle nagusia dan Euskadiko Kutxaren asmoagaz. Beraz, liburu honegaz ataraten dan dirua Caritasek jasoko dau gizarte proiektuak gauzatu ahal izateko.
Bilboko Ipuin eta Leiendak liburua nobedade edo barrikuntzen artean topauko dozu bagilaren 2tik 12ra bitartean, Bilboko Arenalean zabalik egongo dan Liburu Azokan.
Bizkaie!