Musikea  IV. urtea // 113. zenbakia

Bob Geldofen 'Live Aid' barriro Afrikaren alde


Bizkaie!

Bob Geldof musikari irlandarrak 'Live Aid' kontzertuen edizino barria iragarri dau egunotan (lehenengoa 1985ean izan zan) Afrikan bizi dan goseteari aurre egiteko helburuagaz. Ekitaldia garagarrilaren 2an izango da Londresko Hyde Parken (Elton John, U2, REM, Joss Stone, Velvet Revolver, Snow Patrol), AEBtako Filadelfian (Bon Jovi, 50 Cent, P Diddy, Stevie Wonder, Maroon 5, Will Smith, Sarah MacLachlan), Parisen (Jamiroquai, Toussou N'Dour, Placebo, Manu Chao, Johnny Halliday, Renaud), Erroman (Duran Duran, Faith Hill, Jovanotti, Nek, Vasco Rossi, Zuchero. Laura Pausini) eta Berlinen (A-ga, Crosby Still and Nash, Brian Wilson, Lauryn Hil, Bap, Die Toten Hosen) aldi berean egingo diran beste kontzertu batzukaz batera, G8 taldea Eskozian alkartu baino egun batzuk lehenago.

'Gosetea historia bihurtzea' da kontzertuen helburua, bai eta herrialde aberatsenek zorra indarrik barik ixtea eta garapen bidean dagozan herrialdeei laguntzinoa areagotzea be. G8 taldearen goi-bilerea garagrrilaren 6tik 8ra bitartean izango da Gleneaglesen (Eskozia).

Geldofen esanetan, 'orain 20 urte hasi zana, orain aste gitxi ari da heltzen politikearen esparrura'.

Harvey Goldsmith kontzertuaren eragileak azaldu dau 'Live 8' egun batzuk geroago bilduko diran munduko buruei presinoa sortzeko modua izango dala. 'Egia esan oraingo kontzertuak eta orain urte batzuetakoak desbardinak dira (...), orain buruzagiak batzeko eta aldeak marketako aukera bat dagoalako. Oso pozgarria izan da da ikustea zelan artisten komunidadea berriro mobilizau dan', azaldu dau.

The Rolling Stones, U2, Paul McCartney, Coldplay, Madonna, Sting eta Robbie Williams taula gainean ikustea espero da; zurrumurruen arabera, Spice Girls taldeak be parte hartu leike, izan be, neska pikanteak barriro alkartu daitekezala zabaldu da. Kontuak kontu, Harvey Goldsmithek aukera hori baztertu arren, Victoria Beckhamen ordezkari batek esan dau taldea antolatzaileakaz negoziazinoetan dabilela egunotan eta laster zirt edo zart egingo dabela.

1985eko garagarrilaren 13an egin ziran 'Live Aid' kontzertuak eta 40 miloe libra esterlina batu ebezan (62 miloe dolar inguru) Afrikan goseteari aurre egiteko.