Barriketan  IV. urtea // 113. zenbakia

Alex Sardui: 'jaiak egiteko estiloa aldatu gura dogu'

‘Zoramena’ diskoagaz 20.000 ale inguru saldu ostean, indarrez beteta dator Gatiburen bigarren lana: ‘Disko infernu’. Oraintsu atara dabe eta Alex Sardui abeslariaren ahots ezaguna Euskal Herri luze zabaleko edozein tabernatan entzun daiteke daborduko. Kontzertuak be eskaini dabez eta hor dago, hain zuzen be, Gatiburen erronkea. Jai-giroa krisian dagoala ikusita, plazak animau gura dabez gernikarrek. Kontzertu-eredu barria diseinau dabe, lerro honeetan Sarduik, beste gauza askoren artean, azalduko deuskun eredua.

1.- Kaleratutako disko barria taldearen lehenengo lana baino gogorragoa, gitarreroagoa da. Halanda be, Gatiburen betiko estiloari eutsi deutsazue. Zer nabarmenduko zeunke ‘Disko infernu’ lanean?

Bai, gogorra da, lehenengo diskoa lakoa. Base bera daukie, edo antzerakoa behintzat, baina oraingo kantak gitarra birentzako eginda dagoz eta lehenengo lanean bakarra erabili genduan. Halanda be, esango neuke bigarren diskoko hainbat abesti estilo horretatik kanpo geratu dirala. Hiru-lau kanta beste estilo baten eginda dagoz, probetako eta abestiek eurek holan urten deuskuelako. Ahotsagaz be jolasean ibili gara, esperimentetan, oso gustora geratu gara, beste estilo batzuekaz lan egitea beti dalako aberasgarria.

Erabilten doguzan musika-tresnek zabaldu deuskue estilo horreekaz lan egiteko bidea. Tresnok abestiei tratamentu desbardina emotea ekarri dabe, oinarri-oinarritik. Geu ibili gara horretan beharrean, estilo desbardin hori topau guran, eta gustora geratu gara.

2.- ‘Zoramena’ lanagaz makinatxu bat ale saldu ostean, disko honegaz ale gehiago saltzea da helburua?

Ez. Aleen gai hori disketxeen kontua izaten da gehienbat. Beti egiten dau ilusinoa saltzeak edo arinagoko diskoagaz baino ale gehiago saltzeak. Oraingoan, ahalik eta gehien saltzen saiatuko gara eta urtea amaitzen danean, izan daitela izan behar dana.

Oinarri moduan, saldutako ale kopurua garrantzitsua da komunikabideei edo jenteari begira, baina Euskal Herri mailan ez da horren garrantzitsua, salmenta horreekaz ez dalako dirurik irabazten. Inor ez da aberastu horreekaz salmentakaz.

3.- Kolaborazino ugari izan dozuez. Batzuk aurrerago be zuokaz ibilitakoak dira eta badagoz barri batzuk be.

Lehenengo diskoan Robe Extremoduro taldekoak kolaborau eban eta oraingoan be geugaz izan da. Luis Camino, Christian errumaniarra eta Madrileko teklista bat. Batizek be (Fito&Fitipaldis taldeko gitarrea) kolaborazinoak egin ditu eta lagun moduan hartu dau parte disko barri honetan. Ganera, zuzenekoetan be geugaz dabil. Lehenengo biderrez egiten dogu beragaz lan eta oso pozik gagoz.

Kolaboratzaile horreek aberastasuna ekarri deutsie diskoari, kolore apurtxu bat edo apur bat baino gehiago. Danak dira onak, bakotxa beraren arloan, perkusinoa, ahotsa, gitarrea... Aproposak dira.

4.- Gatiburen ezaugarrietako bat bizkaieraz kantetea da. Mendebaldeko euskalkiak batuak baino musikalidade handiagoa ete dauka?

Nik esango neuke bizkaierea oso polita dala eta nik neuk errazago abesten dot bizkaieraz. Berbak eta esakerak naturaltasunez urtetan jataz eta normaltasun horrek adierazgarriago egiten dau kantea, hobea.

Lehenengo diskoagaz, harrituta geratu ginan Gipuzkoara joan eta jentea bizkaieraz kantetan ikustea. Zeozelako ‘hito’ bat izan da eta hori ona da. Bizkaierea beti egon da batuerearen azpitik eta gogotxua geunkan horri aurre egiteko, geurea zabaltzeko. Azken baten, bizkaitarrak asko gara, gipuzkoarrak baino gehiago.

5.- Daborduko kontzertuakaz be hasita zagoze. Hor dago, ganera, zuen erronka barria. Ze falta igarten dozu gaur egungo kontzertu ‘klasikoetan’?

Laguntzinoa, kontzertuak egiten dabezanentzako laguntzinoa. Udaletan laguntzinoa dago, bai, baina jai garaietan baino ez. Gero, urteko ganerako sasoietan, ahaztu egiten dabe kontua.

Ohiturak aldatzen dagoz eta horrek min egin deutso musikeari. Musikea eta, batez be, zuzeneko emonaldiak beherantz doaz. Musikearen egoerea negargarria da. Ez dago ia non jo eta diskoak be... Merkadua geldi dago, ez dago idea barririk. Berbenen kontua galtzen dago eta lehenago berbenak antolatzen ebezanek gaur egun ez dabez antolatu gura. Arazoa dago, nabarmena. Egin gurea falta da. Jenteak ez dauka lehengo pasinorik, ez bakarrik musika arloan, danatan baino. Plazan ez dago jenterik, kalean ez dago jenterik eta supermerkaduan be ez dago jenterik. Ekonomia txarto dago eta horrek eragin zuzena dauka bizimoduan.

6.- Sarritan esan dozu jentea gaur egun ez dala lehen beste hurreratzen plazara. Zerk eragin dau hori? Tabernek zeresana edo erantzukizuna euki leikiela uste dozu?

Tabernak beti existidu izan dira eta ez dot uste trabarik egiten dabenik. Ekonomiak eragin dau arazoa eta hori asko igarten da. Jenteak ez deutso lehen beste garrantzi emoten disko bateri edo liburu bateri. Orain, garrantzitsuena aurrera egitea da, bizimodua ataratea. Lehentasunak aldatu egin dira, biziotik beharrizanera. Lehen tabernak jentez ganezka egozan, baina gaur egun ez. Gaur egun, lehengo 1.000 pezetagaz ez zoaz inora, ezta 5.000gaz be! Hori plazan be igarten da.

7.- Zeozelako arazotxu horri aurre egiteko, Gatibuk kontzertu dinamika barria diseinau edo sortu dau. Azaldu eiguzu zer bultzatu gura dozuen.

Jaiak egiteko estiloa gura dogu aldatu, apurtxu bat behintzat. Komisinoetako dinamikea beherantz doa eta rock&rolla jo daben taldeek beti eskaini izan dabez kontzertu laburrak. Hori da aldatu gura doguna. Kontzertuari zeozelako iraupena emon gura deutsagu, lau ordukoa edo. Behin gauzak montau ezkero, gaua luzatzea errazagoa da eta jenteak plazan egoteko aukera gehiago dauka. Horretarako, aurretik talde teloneroa jarriko dogu; gero DJ bat eta, azkenean, gu.

8.- Saiakera bat be egin dozue Durangon eredu horregaz, disko barriaren aurkezpen ekitaldian hain zuzen be. Zelan joan zan dana? Zelakoa izan zan jentearen erantzuna?

Oso ona. Jentea bete-betean egon zan kontzertuan sartuta eta kontzertu-eredu barria oso dinamikoa dala ikusi ahal izan genduan. Jaia martxan dago eta musikea beti dago jarrita. Talde baten eta bestearen artean DJa dago eta horrek bizitasuna emoten deutso jaiari.

Erantzuna itzela izan zan. Pentsau, Durangoko zerbeza guztia amaitu eben! Geu be oso gustora egon ginan.

9.- Ez ete dago arriskurik jentea, jaialdira joan beharrean, zuen kontzertura bakarrik joateko?

Edozein aukera iminita be, jenteak gura dauena egingo dau. Talde teloneroa ikusi gura dauenak, talde teloneroa ikusiko dau; DJa ikusi gura dauenak, DJa ikusiko dau eta Gatibu ikusi gura dauenak, Gatibu ikusiko dau. Hori ez da arazoa guretzat, jai guztia plaza berean dalako.

10.- Plazako giroa, erromeria, kalean txozna batetik bestera ibiltea... Euskal parrandearen azkena biziten gagozala uste dozu?

Baietz esango neuke. Gazteek ez daukie tabernatara joateko zaletasunik edo... ezin dabe, ekonomia kontuak dirala eta. Orain ‘txokoetan’ egoteko joerea dago. Erakundeek zeozer egin beharko leukie horretan, gazteak kalera atarateko planak egin beharko leukiez, parte-hartzea handiagoa izan daiten. Bihar-etzi, ez da egongo inor jaiak antolatzeko.

11.- Oro har, ze balantze egingo zeunke euskal musikagintzearen ganean?

Negargarria. Ez da ia ezer joten eta disko eskasak egiten dira. Txarrago ezin leiteke egon. Gehien saltzen dauenak 15.000 ale saltzen ditu. Ganera, euskaldunok asko eskatzen dogu: disko onak gura doguz, eta urtean behin. Hori ezinezkoa da. Kalidadea eta kantidadea ez datoz bat mundu honetan.

Hemen, diskoa erre egiten dogu. Kanpoan, taldeek bost edo sei urte inguru egiten dabez disko bategaz eta guk sei hilabetetan erre egiten dogu. Gero, jenteak beste bat eskatzen deutsu.

12.- Udea hortxe dator eta kontzertu ugari eskainiko dozuez han eta hemen, Euskal Herri luze zabalean. Edadean aurrera egin ahala eta semetxu txiki bategaz, gatxago egingo jatzu etxetik urten eta gau osoa jaia animetan egon behar izatea?

Ez, kontrakoa dala esango neuke. Gogotsu nabil, indarbarrituta. Orain hamalau urte hasi nintzen honetan eta ohituta nago asteburuetako dinamika horretara. Taula ganera igoten dozunean, kontu horreek guztiak ahaztu egiten dira.

Umeak beste sentsazino batzuk eta beste emozino batzuk sortuarazo deustaz.

13.- Kirola egiteko astia be eukiten dozu. Sasoian egon behar da kontzertuak eskaintzeko?

Orain ez daukat horretarako astirik, baina bai, niri sasoian egotea gustetan jat. Izerdi asko botaten da kontzertuetan eta kontu handiz ibili behar da, birikietan airerik barik geratzea arriskutsua da eta. Asko kantsetan zara eta sasoian egon ezkero, hobeto etorten zara zure onera. Beti izan naz burugogorra eta beharrak beti bota nau aurrera. Inoiz be ez dot arazorik jarri behar egiteko eta ez deutsat bildurrik behar egiteari. Ohituta nago dinamika honetara.

15.- Non ikusten dozu zeure burua hamar urte barru?

Muxikako kanposantuan! (...) Disko pare bat gehiagogaz eta hainbat ames beteta. Talde bat sortzeko ilusinoa beteta daukat daborduko eta, orain, erronkea beste hainbat kontu egia bihurtzea da. Ilusinoak egin egiten dira eta ilusino barik ez dago indarrik.

Saioa Torre Gereketa