Kulturea  IV. urtea // 112. zenbakia

Julian Peñaren 'Apologia'

'Danok barruan daroagun terroristea edo piztia atarateko saioa'

Bizkaie!

Ondarroako Augustin Zubikarai nobela laburrentzako saria irabazi dauen liburua da 'Apologia', Julian Peña bilbotar donostiartuarena. Kritika soziala eta karikatura barregarria buztartzen dituan idazle bitxi eta originala da, aurreko lanak Julian Garikanopeña ezizenez sinatu dituana. 'Sokratesen defentsa' liburua itzuli dau eta 'Sosak, koplak eta rock and rolla' eta Zura eta harra' liburuak plazaratu ditu.

'Apologia' liburu barriak iakurleari denporapasa ederra ez eze, zer pentsatua be eskainiko deutso.

Nobela labur saritu honetako gaia berezia da: automobilgintzaren kontra ekiten dauen Ramon Merchan terrorista nihilistaren kontua, hain zuzen be. Guztiz arrazionala izanagaitik zoramenaren muga arriskutsurainoko diskurtso apokaliptikoa darabile eleberri honetako personaiek: industriako korporazinoak saboteau gura dituan gaztea, nere ikasle astakirtenei pentsetan irakatsi gura deutsen irakasle ziniko erdi etsitu bat...

Alkarregaz lotzen diran hiru istorioz osotu dau Julin peñak gure gizartearen kontrako kritika garratza eta parodia jostalaria buztartzen dituan kontakizun hau eta atarikoa Markos Zapiainek ipini deutso, liburuaren atxakiagaz hezkuntzeari buruz gogoeta egiten dauen berbaurre jakingarrian.

Kontuak kontu, Apologia nobelan ez dago mezurik, holako asmorik ez dauka behintzat egileak. 'Literaturan mezuak gorrotatzen ditut. Rap estiloa, berbarako edo himnoak edo mezu aurrerakoiak zabaltzeko letrak gorroto ditut. Ideologia asko hartu ditutbizitzan eta baditut gauza guztietarako eretxiak, tertulianoek bezela. Baina idazterakoan, mezuek ez dabe balio. Kritiko handi batek esan ebanez, literaturan mezu bakarra dago: gizakien bizitza alperrekoa eta zentzunik bakoa da'.

Umorearen aldarrikapena egiten dau Julian Peñak. 'Apologia nahiz komedia baltz baten moduan irakur daiteken liburu honetako txantxa batzuk ez dira txantxa, oharrak baino, izan be, gaur txantxetan hartzen diranak (aktoreak abogaduen ordez, irakasleei ikasleen delituen erantzukizuna leporatzea), biharko aurrerapenak dira akaso'.