Eretxia  IV. urtea // 112. zenbakia

Frantziak ezetz esan eta Europako Batasunak laban egin dau


Iñaki Atxutegi

Frantziako herritarrek ezezkoa emon deutse Europako Konstituzinoaren egitasmoari. Europako Batasunaren sortzailea zanak mingaina atara dautso hurrengo urratsa emoteari. Kanpainearen azken egunetan argi baino argiago egoan inkestek iragarten eben ezezkoa atzera mobiduteko modurik ez egoala. Makinatxu bat faktore egozan jokoan eta gehienek ezezkoaren alde jo dabe.

Emoitzak ikusita, asko dira Frantziako gizartea gaixorik dagoala esango dabenak. Ondorengo egun honeetan, holan esango dabe eretxi-emoile askok, seguru. Halanda be, euren moduko gaixotasuna izan gura neuke gure artean zabalduta; miresteko modukoa da, nire ustez, frantziarrek izan daben parte-hartzea, ia % 80k hartu dau parte, Estadu espainiarrean ez bezela. Gure artean, kostata heldu zan %50era. Zein dago gaixorik, Espainia ala Frantziako gizartea?

Gure artean personaia ezagunak agertu ziran baiezkoaren aldeko botua eskatzen. Horreetako batek baino gehiagok onartu eben ez eukiela ezta ideia santarik be Europako Konstituzinoaren ganean. Botuaren mertzenario hutsak ziran. Hor, hemen ez bezela, eztabaida sutsuak izan dira Europaren ganean. Alderdi Sozialista eta konserbadoreak bitan zatitu dira Europako Konstituzinoaren ganean eretxia emoten. Euren eguneroko bizitzeagaz zerikusia daben gaiak mahai ganean imini dabez eta, gu alde egon ala ez, eta ni ez nago alde, erabagitakoa onartu egin beharko dogu ganerako europarrok.

Gogoan izan daigun, bestalde, egun gutxi barru Holandak be bere erreferenduma izango dauela. Hor argiago emoten dau Frantzian baino ezezko biribilagoak izango dala. Konstituzinoa hilda ez badago, larri zaurituta dagoala onartu egin behar da. Honeek emoitzak ikusita ezin da pentsau Britainia Handian erreferenduma irabaziko danik.

Hau guzti hau esan eta gero, ez daigun pentsau ezezkoaren atzetik Europagaz zerikusia daben arrazoiak bakarrik dagozanik. Alde batetik Chirac eta Raffarineri zaplaztekoa emoteko aukerea ikusi dabe frantziarrek eta gustora aprobetxau be. Boterean dagozanen kontrako sentimentua oso errotuta dago frantziarren burmuinetan. Gogoratu daigun azken urte honeetan frantziarrek boterean dagoan gobernuaren kontrako botoa emoten “ohituta” dagozala. Salbuespen bakarra Chirac – Le Penen arteko lehian izan zan, eta orduan Chiracen alde egin barik, ultraeskuindarren kontrako botoa emon eben frantziarrek.

Barruko arazoak alde batera itxita, ez daigun ahaztu Europan be badagozala arazo asko konpondu barik dagozanak. Europako herritar asko bildurrez janda dagoz ez dakielako noraino zabalduko dan Europako Batasuna. Turkia Europa ete da? Eta zergaitik ez Maroko ala Libano? Eta Israel? Zeozelako zorabioa atzemoten da Europako Batasunean bizi diran askoren artean. Orain arte ezagutu dogun bizimodua be jokoan ei dago. Inork argitu ete dau ongizate gizartea bermatuta badagoen ala ez? Estadu Batuen menpean jarraituko dabe europarrek ala euren kontura ibiltzeko gauza izango ete dira?

Galdera asko eta erantzun gutxi. Orain arte ez da komeni izan erantzun lar zehatzik emon, interes kontrajarriak dagozalako Batasunako partaideen artean eta zenbait galderei erantzun zehatzak emoteak on baino kalte egingo deutse egitasmoari. Baina zirt ala zart egiteko sasoia heldu da. Hau ez da Europako ideiaren amaierea. Badagoz horrenbeste gai hausnartu eta azaldu beharrekoak. Laban egin dau Europako Batasunaren prozesuak, baina labankadeak hurrengo urratsak sendoagoak izateko balio beharko leuke.