Bizkaiko eskolartekoaren finala barikuan
Iñaki Aurrekoetxea
Datorren barikuan, bagilak 3, Bizkaiko ume eta gaztetxuen bertsolari txapelketearen finala jokatuko da. Bilbon izango da, Indautxuko El Carmen aretoan, goizeko 10etatik aurrera. Kanporaketak aurreko astean izan ziran, eta badakigu zein bertsolari gaztek kantauko daben Bilbon Bizkaiko txapelaren lehian. Esan behar da azkenean antolatzaileek (Bizkaiko Ikastolen Elkartea) 15-16 eta 17-18 tarteko gaztetxuak maila bakarrean batu dabezala; kanporaketak aparte egin arren, finalean batera arituko dira. Erabagi egokia izan da, adin tarte bien arteko parekotasuna ikusita, eta Euskal Herriko Eskolarteko finalera Bizkaiko ordezkaritza onena eroateko helburuari erreparatuta. Txikien mailan (14 urtera arte) sei izango dira finalean kantauko dabenak: Imanol Uria, Irati Erkizia, Xabier Iturraspe, Nagore Beitia eta beste neskato bi. Handietan (15-18) zortzi gaztetxu lehiatuko dira: Itxaso Paia, Arrate Illaro, Jone Uria, Peru Vidal, Miren Amuriza, Eñaut Uruburu, Aitor Beitia eta Enea Pinillos. Neskak dira nagusi: seitik lau txikietan eta zortzitik bost nagusietan. Eta kuriosidaderik be bada: Uriatarrek eta Beitiatarrek ordezkari bana eukiko dabe bi finaletan. Final polita espero da. Bizkaiko txapel gazteeak ez eze, maila bakotxetik Altsasuko finalera joango diran bertsolari biak erabagiko dira.