Langille eraildu bati
Iñaki Aurrekoetxea
Ene Bizkai’ko miatze gorri
zauri zarae mendi ezian!
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ator pikotxa lepo-ganian.
1905eko abuztuaren 3an jaio zan Laukizen. Aurton izango dogu mendeurrena. Bizkaiko poeta handia, ofizioz kazetaria, eta gerran komisario politiko moduan ibilia. Bonbardaketearen osteko egunetan Gernika erraustua kazetari italiar bati erakusten ari zala atxilotu eben eta handik gitxira fusilau eben Gasteizen. Estepan Urkiaga, Lauaxetaz ari gara, bai. Mendeurrenak gure poetea gogararazoteko atxakia polita izan leiteke. Izango da Bizkaie-n horretarako nahikoa tarte. Guk, hemen, Lauaxetaren poesia ikutu gura dogu, bertsogintzatik hur dagoan poesia.
Susa argitaletxearen XX. mendeko poesia kaieretara jo dogu Lauaxetaren poesiaren bila. Poeta mungiarrak neurri zehatzeko poesia asko landu eban, eta neurri zein errima aldetik kopla egiturak erabili ebazan. Langille eraildu bati poema hau, berbarako, estrofa bitan banatua badago be, laukoakaz edo koplakaz dago osotuta, lerro guztiak hamar silabakoak dira eta oinak binaka errimatuta dagoz. Ezagun dau bertsogintzearen barri baeukana eta neurri eta errimearen jokoa gustetan jakola. 1935ean idatzi eban Lauaxetak poema hau eta Antton Valverdek musikatuta be entzun leiteke.
I
Ene Bizkai'ko miatze gorri
zauri zarae mendi ezian!
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ator pikotxa lepo-ganian.
Lepo-ganian pikotx zorrotza
eguzki-diz-diz ta mendiz bera.
Ator bideskaz, —goxa sorbaldan—,
kezko zeruba yaukon olera.
Opor-otsa dok txaide zabalan,
—ukabil sendo, soñanzki urdin—.
Jaubiak, barriz, nasai etzunda,
laguntzat auke, i, urrutizkin.
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ari bittartez deyak yabiltzak.
Bideskan zelan dirdir-yagijek
txapel-okerren kapela baltzak!
Orreik yaukoen gaizkin-itxura
sispa luziak lepo-ganian!
Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!
II
Mendiz bera lau txapel-okerrez
aurpegi balzdun miatzarija.
Begi baltz orreik sastakai dozak
baña zatittu ezin esija.
Noruntz aroe esku-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
Sendua ba'intz, etsai-odolez
bustiko eunkek pikotx zorrotzoi!
Nerbion-ertzok, —tranbi-dardara—,
azkatu-nayez, zenbat alegin!
Baña olaen zarata-artian
aren ayotsik adittu-ezin!
Sispa luziak sutan yagozak,
—opor-zaratak txaide zabalan—.
Aurpegi balzdun miatzarijoi
igeri adi eure odolan...!
Txapel-okerrak edango yabek
ardao onena Gomez-etxian.
Ene Bizkai'ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!