Bertsotan  IV. urtea // 112. zenbakia

Gipuzkoako Bertso Eskolen lehenengo Eguna, sano arrakastatsua


Gipuzkoako bertso eskolen sarea

Gipuzkoako 30 bertso eskoletako umeak batu ziran zapatuan Billabonan. Bertso Eskolen Eguna pauso bat gehiago izan da bertso eskolak bultzatu eta indartzeko abiatutako alkarlan bidean.

Gipuzkoako Bertso Eskolen lehenengo Eguna izan zan pasa dan zapatuan Billabonan, benetan egun birobila. Bertso eskolek antolatu eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bultzatuta, 30 bertso eskoletako ume, irakasle eta gurasoak batu ziran Billabonako ekitaldian. Parte-hartzeari dagokionean, goizean 150 ume inguru alkartu ziran eta arratsaldean 200 inguru, 8-18 urte bitartekoak. Helburua egun hori Gipuzkoako bertso eskola guztien bilgune eta jai ederra izatea zan, Gipuzkoako bertso eskolak alkar hobetu ezagutu, dinamika barriak martxan jarri, eta aurrera begirako alkarlanaren oinarria izatea. Alde horretatik, eta egunak izan dauen erantzuna ikusita, helburua erabat bete da. Bertso eskoletako arduradunak oso pozik dagoz Egunak itxi dauen emoitzeagaz eta dagoeneko datorren urteko Egunari begira jarri dira.

Umeek saio bizia

Goizeko 10:30etan hasi zan eguna Billabonako plazan eta lehenengo eta behin alkar ezagutzeko jokoak egin ebezan. Goizeko 11:30etan, bertso eskolen saio bereziak izan ziran Gurea zinean: Legazpiarrek hasi eben saioa eta Bergarako bertso es-kola sortu barriak jarraitu eutson, hango hizkeran kantetan. Ondoren etorri ziran: Oiartzun, Arrasate, Zumarraga, Urretxu, Goierri, Hernani, Billabona, Errezil, Soraluze, Zestoa, Azkoitia eta Asteasuko taldeak. Saio biziak eta politak egin ebezan bertsolari gaztetxoek: Oiartzundik neska koadrila aritu zan kantuan trikitixa eta panderoa lagun ebela, eta mutilei aritu ziran kantuan; baita larrutu polita emon be. Errezildarrek Heidin inspirautako saio berezia egin eben, mozorro eta guzti. Hernaniarrek bertso eskolako aurrekontu eskasia izan eben bertso gai, eta bertso eskolako elementuekaz umorezko saio polita egin eben. Billabonako umeei anfitrioi lana egokitu jaken, eta soinu eta dantzeagaz lagunduta egin eben saio berezia. Bertsolari helduenek libreko saioa be egin eben: Unai Gaztelumendi aƱorgarra, Oier Iruretagoiena, Oier Aizpurua eta Aitor Urkola zarauztarrak, Aritz Garin billabonarra eta Jokin Sudupe azkoitiarra aritu ziran bapatean kantari, aurretik besteek botatakoei erantzuten.

Bazkalondoan, umeek barriro jokoak izan ebezan, hasteko. Gero, arratsaldeko ekitaldi nagusian Anjel Mari PeƱagarikanok, Nerea Elustondok eta Unai Gaztelumendik bertso-komiki saioa egin eben, umeen gozagarri.

Gipuzkoako Bertso eskolen arteko sarearen frutua eta hazia Gipuzkoako Bertso Eskolen lehenengo Egun hau, alkarlanaren emoitzea izan da, eta aurrera begira bertso eskolei emon beharreko bultzadearen hazi. Gogoan izatekoa da, Gipuzkoako bertso eskolek urtebete pasatxo daroela bertso eskolen iraunkortasuna ziurtatu eta kalidadea hobetzeko prozesuan. Diagnosi orokorra da Gipuzkoan bertso eskolek bultzada serioa behar dabela benetan bertsolaritzearen oinarri izaten jarraitzeko, bai antolaketan, bai pedagogia aldetik eta baita baliabideetan be. Bertso eskola guztiak bilduko dituan sarea sortzeko lehenengo pausoak emon dira eta datorren ikasturterako egitasmo orokorra zein epe luzerako proiektuak lantzen ari dira: irakasleen formazinoa, materiala, umeentzako bertso zirkuituak, bertso eskola barriak sortzeko aukerea... .