Zinea  IV. urtea // 112. zenbakia

Aurreko astean ‘El Sol’ publizidade jaialdia izan zan Kursaalen


Joseba Terreros

Aurreko asteko eguenean hasi eta domekan amaitu zan Donostian ‘El Sol’ Iberoamerikako XX. Publizidade Jaialdia. Bertan, zineko, telebistako, grafikoko, euskarri interaktiboetako eta 15 herrialdetako komunikabidetako 2.300 pieza baino gehiago jardun ziran lehian.

Klixeen, umeen irudien edo iragarkietako andrazkoen emakumeen hainbat estereotiporen gehiegizko erabilkerearen ganean 20. edizio honek hausnarketea egin dau.

Luis Cuesta ‘El Sol’ jaialdi horretako zuzendariak Carlos Rubio gerenteagaz batera Donostian egindako prentsaurrekoan azaldu ebanez, ekitaldi hau nazinoarteko bihurtzeko helburua lortu dabe. Aurtengo edizinoa ‘20 urtean publizidadeko estereotipoen aurka burrukan eginez’ lelopean eratu dabe eta 1.500 parte-hartzaile alkartzea lortu dabe, igaz baino 200 gehiago.

Cuestaren esanetan, jaialdi honetan hamabost herrialde izan dira; Espainiako 1.430 pieza aurkeztu dira eta Brasileko 254, Argentinako 224, Mexikoko 148 eta Portugaleko 86. Horrenbestez, Iberoamerikako sortze-lanen pisuak % 30etik % 40ra egin dau gora 2004 eta 2005 urteen artean eta hurrengo edizinoetan holan jarraitzea itxaroten dabe.