EAEko biztanleen erdia pisu idealaren ganetik
Bizkaian, obesidade kopuru handiagoa
Lurraldeka aztertuz gero, bizkaitarren % 53k larregizko pisua dauka, bai eta arabarren, % 46k eta gipuzkoarren % 48k be.
EAEko biztanleei egindako inkestek erakusten dabe 18 urtetik gorako biztanleen % 74k ez dauzala bost otordu egiten egunero-egunero. Horrezaz ganera, ez dogu gomendatzen dan arrain eta fruta kantidadea hartzen; edozelan be, inkesta horrek argi adierazoten dau okela gehiegi jaten dogula.
Guztiagaz be, alarmea biztuta dago; izan be, Vital Kutxako txosten honetako datuak osasun eta elikadurearen ganean egindako beste lan batzuetako emoitzakaz konparau ezkero, egoerea ez da pozteko modukoa. Jokaereak argi erakusten dau loditasunak aurrera egiten diharduala edade talde guztietan, sexua albo batera itxita.
Indize honeek elikadurearen usadioak aldatzeko premina erakutsiagaitik be, datuak ez dira estaduko beste leku batzuetakoak baino txarragoak. Izan be, Andaluziak eta Kanariek Bizkaiko arazoa gainditzen dabe eta Gipuzkoa eta Araba Galizia, Valentzia eta Balear Ugarteak baino hobeto dagoz.
Jatorduen desegokitasuna
Egunean-egunean egiten doguzan jatorduen hurrenkera kronologikoa kontuan hartuta, argi ikusi daiteke arazo hau zuztarretan dagoala. Ez dogu behar beste armozetan, ohetik jagi eta gero bape jaten ez dogulako (% 12) edo egunaren lehenengo ‘tramitea’ kafe huts batez konpontzen dogulako (% 27). Biztanleen % 11k baino ez dino behar dan moduan gosaltzen dauela.
Bestalde, afalorduan be azterlanak salatzen dauzan hutsuneak ikusten dira. Bostetik batek ia-ia ez dau ezer jaten afaltzeko. Bien bitartean, bazkalorduan gehiegi jaten dogu eta, beste alde batetik, okelarenak ez eze koipe saturatu eta azukreen konsumoak be gora egin dau agiriko moduan. Ganera, behar baino fruta, barazki eta arrain gitxiago jaten dogu.
Begiluzea
EAEko biztanleen erdiek pisu ideala gainditzen dabe, batez be elikadura-ohitura kaskarrakaitik. ‘Agurtu bizitza’ deritxon egitarauaren barruan, Vital Kutxak EAEko biztanleen loditasuna aztertzeko ikerketa bat egin dau.
Egindako 4.200 inkesten arabera, 18 urtetik gorako biztanleen % 50,1ak larregizko pisua (% 35,5) edo obesidadea (% 14,6) dauka, eta % 4,5 lar argal dago. Gauzak holan dirala, Teresa Crespol Vital Kutxako presidenteordeak eta Susana Liberal psikologoak azaldu daben lez, herritarren erdia baino gehiago medikuek ‘normopisua’ izenekotik (edadearen, sexuaren eta altuerearen arabera norberari jagokon pisua) kanpo dago.
EAEko datuak estadukoakaz konparauta, batez bestekotik hurren edo apur bat beherago dagoz. Izan be, estaduan obesidadea ikertzeko daukien erakundearen arabera, batez bestekoa % 53 eta % 55 artean dago. Erakunde horrek jakinarazo dauenez, obesidadea handitzen doa edadeagaz batera. Edade aldetik zenbat eta nagusiagoa izan, loditasun tasak orduan eta handiagoak dira, batez be 41 urtetik aurrera. Arazo honek 18 eta 40 urte artean, gizonezkoen % 7,3ri eragiten deutse eta emakumezkoen % 4,7ri. Dana dala, 40 urtetik aurrera, obesidadeak andrazkoei eragiten deutse batez be.