Euskal Herriko artistak, euskerearen zerbitzura IbilArten
Aurten, gainera, IbilArte erakusketeak webgunea be estreinau dau (http://www.ibilarte.net). Bertara sartuta, erakusketan parte hartzen daben artista guztien zerrenda topauko dogu, bakotxak aurkeztu dauen lanaren argazkiagaz eta bere curriculumagaz batera.
Julen Gabiria
Atzo ospatu zan 2005eko Ibilaldia, Durangon. Aldizkari honetako irakurle asko egongo zan han, baina nonork pentsau badau Ibilaldiaren ekitaldiak atzo amaitu zirala, oker dago, arteari jagokonez behintzat. Izan be, bagilaren 4ra arte, Euskal Herrian sortu edo bertan bizi diran 67 artistaren lanak ikusi ahal izango dira IbilArte erakusketearen barruan, Bilboko Foru Agiritegian (Maria Diaz de Haro 11). Laugarren aldia da erakusketa kolektibo hau egiten dana, eta, aurtengoan, 74 artelan bildu dira, beti be Bizkaiko ikastolen alde. Donostiako Emy/Art kolektiboak antolatu dau erakusketea, Rekalde Aretoaren eta Artelekuren laguntzeagaz.
Erakusketa honetan nazinoartean sano ezagunak diran artistak dagoz, esate baterako Nestor Basterretxea, Juan Luis Goenaga eta Jose Luis Zumeta. Baina ezin dira albo baten itxi, besteak beste, Xabi Otero, Jesus Mari Lazkano, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Erramun Landa eta abar, izen handiko artistak. Argi dagoanez, erakusketak ondo baino hobeto islatzen dau Euskal Herrian gaur egun egiten dan artea, eta, duda barik, holako maila itzeleko erakusketa kolektibo gitxi ikusteko aukerea eukiko dogu, Bilboko hau nazinoartean be inongo arazo barik lehiatzeko modukoa da eta.
Ibilbide luzea eginda daukien artista handi horreekaz batera, sortzaile gazteagoak be badagoz, curriculum ez hain handiakaz baina daborduko nabarmentzen hasiak diranak.
Antolatzaileek adierazo dabenez, 64 parte-hartzaileen izakereak eta artea ulertzeko moduak sano desbardinak dira, eta horrek aberastasuna dakar: ‘Alde horretatik, IbilArtek euskal artisten lanetara hurreratu gura ditu bisitariak, Euskal Herria osotzen dogunon sensibilidadea, aberastasuna eta aniztasuna zenbaterainokoa dan ikusi dagien’, azaldu dabe.
Erakusketara sartu eta, bertan, Durangoko ikasle gaztetxoek egindako marrazkiak topauko ditugu. Nork daki, beharbada etorkizunean eurak izango dira izen eta ibilbide handia daukien artista horreetako batzuk, beti itxi behar jako-eta atetxo bat zabalik esperantzeari.
Horreen alboan, eta jada umeak baino ospetsuagoak diran artisten atalean sartuta, Fernando de Vicenteren olio bat, Xabi Oteroren argazki bat eta Jesus Mari Lazkanok egindako Adrianoren lau busto dagoz zintzilik. Barrurago, menua potoloagoa da: Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga, Nestor Basterretxea, Koldobika Jauregi, Juan Chillida, Dora Salazar, Alberto Rementeria, Juan Jose Altuna, Jose Angel Uberuaga, Jose Zaugasti, Naia del Castillo, Erramun Landa, José Angel Lasa eta Ismael Iglesias artisten lanak topauko ditugu, esate baterako.
Hainbeste artista egonda eta artearen munduan egin daben bidea eta euki dituen jatorri ugariak kontuan eukita, ondo ulertzen da erakusketa honen batasuna ez dagoala erakusten dan arte motan. Batasunik egotekotan, lehen esan dogunez, Euskal Herria da batasun hori, eta artistok euskereagaz daukien konpromisoa. Baina aurkezten jakun arteari jagokonez, teknikak eta materialak ugariak dira: margoa, eskulturea, argazkia, serigrafia, grabadua eta obra digitala ikusteko aukerea dago. Antolatzaileek taldeka banatu ditue artelanak, erabilitako teknika eta kolorea kontuan hartuta.
Dana dala, oin arte erakusketan ikusgai dagozan artelanak aitatu badoguz be, ez dogu berbarik egin erakusketa honek euskereari eta, zehatzago esateko, Ibilaldiari egiten deutsan ekarpenaren gainean. Hain zuzen be, erakusketako obrak salgai dagoz, artistek eurek zehaztutako prezioan. Ikusleek obrak erosi eta, gero, artista bakotxak jasotako diru hori edo diruaren zati bat emoten deutso Ibilaldiari. Hortxe, ba, atzoko Ibilaldia amaitu ez dala erakusten dauen froga bat. Artearen bitartez, euskerea irabazle.