Sarean hain xuxen be
ELEKA ingeniaritza linguistikoko enpreseak azaldu dauenez, egoera honeek izan dabez gogoan sistemea garatzerakoan:
Erabiltzailearen ordenadoreko sistema eragile edo bulegotika-programearentzat ez dago Xuxen bertsinorik.
Xuxen arruntak eskatzen dauen instalazinoa egin gura ez izatea.
Beste inoren ordenadorean ibiltea eta han zuzentzailea eskuragarri ez egotea.
Web gune batean nabil testua idazten.
Zuzenketa-zerbitzua
Sistemeak eremu handia dauka zuzendu gura dan testua han idazteko. Informazino hori edozein dokumentutik kopiau eta testu-eremuan imini daiteke.
Bi zuzenketa-mueta eskaintzen dauz sistemeak:
‘Zuzendu’ aukerearen bidez, zuzenketa azkarra egiten da. Testua aztertu ostean, Xuxenek ezagutzen ez dauzen berba guztiak nabarmenduko dauz.
Erabiltzaileak berbaz berba begiratu behar dau testua. Sistemeak ezagutzen ez dauen berba bakotxean, proposamen-zerrenda bat edegiteko aukerea emongo da. Proposamen bat aukeratuz, testua zuzentzen joango gara.
Berbak barrikusi ostean, ‘Onartu’ botoia sakatuz, testu zuzendua hasierako eremura bueltetan da.
‘Zuzenketa aurreratuan’, barriz, berbaz berbako zuzenketea egiten da. Bulegotika-aplikazinoetan erabilten dan metodoa da hau.
Xuxenek berba bat ezagutzen ez dauenean, leiho bat edegiko dau eta aukera honeek emongo dauz:
Itxi: berbea dagoan moduan itxi eta aurrera jarraitzen dau.
Danak itxi: berbea bere horretan itxiko dau testu osoan.
Aldatu: proposamen bat aukeratu eta testuan aldatuko da.
Aldatu guztiak: aukeratzen dan proposamena testu osoan ordezkatuko da.
Hiztegiratu: erabiltzaile erregistratuek hiztegi personala kudeatzeko aukerea izango dabe.
Edozelan be, sareko Xuxenek eukiko dauen oztoporik handiena testuen berba kopurua lar mugatua izatea da. Izan be, mila berbako testuak baino ez dauz zuzenduko.
Halan eta guztiz be, euskerearen zuzentasunerako aurrerapauso itzela da, gauza ona baita ahalik eta baliabide kopuru handiena eukitea hizkuntzearen normalizazinorako. Gauza bakar bat baino ez da falta: erabiltea!
Xabier Paia
Andu Lertxundiri testu bat baino gehiago bat-batean aldarazo deutso; ez jako gustetan ezelako jarduerarik jotagaz idatzita ikustea; ortografia aztertzen dau, baina egitura sintaktiko edo semantikorik ez; bizkaitarrok erabilten dogu, baina bizkaierea gorriz azpimarratzeko afizino itzela dauka. Nor da? Xuxen, hain zuzen be.
Orain artean internetik bajatu behar izaten gendun edo disko baten bitartez ordenadorean instalau. Hemendik aurrera, ostera, bai Shangaiko Euskal Etxean edo Xuxenen diskorik bako edozein euskal etxetan, euskal ‘idaztunok’ Xuxen sarean topetako aukerea izango dogu. Izan be, Xuxenek zuzentasunaren txokoa sortu dau http://www.xuxen.com helbide elektronikoan.
Ordenadore askotan egongo da honezkero Xuxen programea, baina sarean egonda, munduko edozein lekutatik, gagozan lekuan gagozala, euskeraz idatzitako edozein idazkiren ortografia txukun eta xuxen idatziko dogu pauso sinple pare bategaz.
Orokorrean, esan geinke zuzentzaile ortografikoen helburua idatzitako testuen akats ortografikoak detektatu eta zuzentzea dala, ahalik eta era eroso zein eraginkorrenean. Eta horretan be, Xuxen euskerazko zuzentzaile ortografikoa daborduko sistema eragile eta bulegotika-programa askotarako dago eskuragarri, baina ez da aukera guztietara heltzen. Zabalkunde horretan beste pauso bat emoteko, Xuxen Interneteko orrialde batetik erabilteko aukerea gauzatzea apustu serioa izan da.