Globalizazinoaren ondorioak: ‘Seacode’ eta ‘Silicon Border’
Kontua da enpresak ez eze gobernu batzuk be ideia horregaz bat datozala, Mexikokoa esate baterako.
Urteetan martxan dago Kalifornian “Silicon Valley” punta-puntako teknologia garatzen dauen gunea. Kontuak kontu, profesionalen soldatak nahiko altuak dirala konturatu da Mexiko-ko gobernua. Arazoa konpontzeko Mexiko-ko lurraldean baina Estadu Batuetako mugatik oso-oso hur dagoan lekuan euren teknologia zentrua eregitea erabagi dabe, Silicon Border (www.SiliconBorder.com) gunea hain zuzen be. Gauzak holan, beste herrialde batean (Mexikon) egon arren, AEBetako enpresek ia-ia etxean eukiko dabez langileak eta soldatak askoz be txikiagoak izango dira; behargin horreek, ganera, ez leukie lan-bisatu edo baimenik lortu behar.
Gotzon Plaza,
informatikoa
Politikari eta ekonomilari askoren ustez globalizazino prozesu honek ez dauka atzera bueltarik: mundua txiki geratu jaku eta enpresek muga hori aprobetxetan dabe euren negozioa aurrera eroateko. Enpresak hor dabilz munduko lekurik onenaren (merkeena) bila produktuak egiteko gero mundu osoan saltzeko. Lantegi asko Hirugarren Munduko herrialdeetara (berbaro, Txina edo India) euren jatorrizko lekuetatik mobidu dira, herrialde horreetan produkzino kostuak askozaz be merkeagoak diralako: soldatak eskasagoak dira baina lan egiteko ordutegia luzeagoa; beharginen eskubideen urraketea esanguratsua izaten da eta ingurumenaren babesari ez deutse jaramonik egiten.
Teknologia barrien kasuan be bardin pasau da, software enpresa askok, euren kostuak murriztu guran, programazinoko proiektu asko beste herrialde batzuetara atara dabez. Herrialde aberatsetako programatzaile eta injineruen soldatak oso altuak dirala arrazoituz edo horren atxakiagaz, batez be, Indiara joan dira. Indiako hizkuntza ofizialen artean ingelesa dago eta 200.000 informatikari, programatzaile eta injineru beharrerako prest dagoz; ganera, herrialde garatuetako soldatakaz konparauta % 15era baino ez dira heltzen.
Dana dala, programazino proiektuak Indiara eroateak badauka arazo bat, oso urrun dagoala, hain zuzen be eta bezeroakaz edo enpresako ordezkariakaz lan-bilerak egin behar diranean edo proiektuaren garapena hurragotik jarraitzeko, hegazkina hartu behar dala eta astebeteko egonaldiak egin behar dirala. Azkenean, konponbide berezia preparau dabe: AEBetako Kaliforniako kostaldean baina nazinoarteko uretan itsasontzi bat atondu eta bertan lan egiteko Indiako 600 informatikari kontratetea.
Akabo arazoa. Alde batetik, Indiako beharginek Indian bertan irabaziko ebena baino gehiago kobrauko dabe. Ganera, Indiako informatikoak ez dira ez barriak Kaliforniako enpresentzat: ikerketa batzuen arabera, enpresa askotan beharginen % 30 indiarrak dira. Beste alde batetik, nazinoarteko uretan egonda ez da ezelako papelik behar langileok Estadu Batuetan sartzeko (baimena, bisatuak, inmigrazinoko agiriak). Hirugarrenez, Estadu Batuetako legeek ez daukie indarrik nazinoarteko uretan eta berbarako, eguneroko lan ordutegia hamabi ordukoa izango da (informatikoak lau hilabetez egongo dira itsasontzian eta beste bi hilebete lurrean). Ez dago hizkuntza arazorik (ingelesa da lan hizkuntzea) eta ez dago Indiagaz ordutegi diferentziarik. Azkenik, bertako profesionalakaz bilerak egin gura edo behar izan ezkero, nahikoa da salto batean helikopteroz joatea.
‘SeaCode’ da itsasontziaren proiektu honen izena eta ideiaren asmatzaileen esanetan, orain dala hogei urte telebistan emoten eben “Love Boat” edo “Oporraldiak itsasoan” saioan egoan giroa lortzea da euren helburua. Baina baina, ze majuak eta ze onak diran oraingo itsasontziaren asmatzaileak!! ‘Esplotazinoa’ eta ‘sasi-esklabutzea’ lako berbak baztertu eta ‘giro polita’, ‘atsegina’ eta ‘maitagarria’ lako berbak aukeratzen dabez. Hau bai hau komeria.