'Bost kontinenteak musikearen bitartez'
Bizkaie!
Jose E. Santacara euskal irakaslea mundu osoko musika folklorikoa eta etnikoa aztertzen dabil azken urteotan. Orain arte Turkian, Pakistanen, Indian, Australian, Japonian, Argentinan, Brasilen eta Txilen egon da, bertako musika eta folklorearen gorabeherak jaso eta aztertzen eta, bide batez, euskal musikea eta ohiturak ezagutarazoten.
Jose E. Santacarak 2003an hasi eban 'Bost kontinenteak musikearen bitartez' izeneko bidaia, mundu osoko musika folklorikoa eta etnikoa ezagutu eta ikertzeko.
Esandako moduan, 2003tik honako tartean makinatxu bat herrialdetan egon da lekuan lekuko musikea, folklorea eta ohiturak jasoten eta, era berean, euskal gaien ganeko materialagaz aurkezpen saioak egiten ditu interesa erakusten daben lekuetan, izan be, gure ondarea mundu zabalean erakusteko helburua be badauka Santacara jn.ak.
Oraintsu Txilen izan da baina hortik iparraldera jo eta AEBetan sartzeko asmoa dauka. Edozelan be, Santacararen ibilerak zehatzago jarraitu gura izan ezkero, www.munduatamusika.com webgunean kontetan ditu bizipenak, musikea eta bidaiak gogoko dabezanek be haren bidaiagaz gozau dagien.