Euskaldunara begira
Bizkaiko Bertsolari Txapelketea 2002
Finalaurreetan beste zazpi bertsolari iznago dabez zain, 2000ko finalean izandakoak. Igor Elortza txapeldunagaz batera, Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Oihane Enbeita eta Juanjo Respaldiza. Zemendiaren 17an hasita aurrekoakaz lehiatuko dira finalaurreetan. Holan geratu dira banatuta:
Zemendiaren 17an, Igorreko frontoian, 17:30etan:
Unai Iturriaga
Fredi Paia
Gorka Ostolaza
Arkaitz Ugartetxea
Eñaut Intxaurraga
Onintza Enbeita
Zemendiaren 24an, Bermeoko frontoian, 17,30etan:
Arkaitz Estiballes
Iratxe Ibarra
Etxahun Lekue
Beñat Gaztelurrutia
Igor Muniategi
Peru Aranburu
Abenduaren 1ean, Getxoko Getxo Aretoan, 17,30etan:
Igor Elorza
Oihane Enbeita
Juanjo Respaldiza
Beñat Ugartetxea
Oihana Bartra
Joseba Artza
Aurreko edizinoko txapeldunek esperientziarik ez dabe falta eta atzetik datozenakaz lehia polita iragarten deuskue Euskalduna Jauregiko finalerako txartelak lortzeko. Nik neuk izen batzuk fijotzat ditut finalerako: Igor, Unai, Arkaitz, Fredi eta Iratxe. Oihane eta Juanjogandik ez dakit zer espero geinkean, baina ez nintzake harrituko finalean sartzea. Iratxe Ibarra bizkaieraz kantetan ikusteko be gogoa daukat (autortu behar dot entzun dodala honezkero eta detaile atsegina izango da). Kanporaketetatik datozenak izango dabe aukerarik, lehenago be finalean jardundakoak eta ateetan geratutakoak badagoz-eta tartean: Gaztelurrutia, Arkaitz Ugartetxea, Beñat anaia, Etxahun, Gorka, Onintza... finalisten izenak izan leitekez trankil-trankil. Sekretutxu bategaz amaituko dot: barriro be emakume bi finalean ikusiko doguzana badakit.
Oharra
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2002ko finala abenduaren 8an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta gogoratu sarrerak salgai izango dozuezala BBKren orotarako kutxazainetan, 944 310 310 telefonoan eta finalaurreetako saioetan. Jarlekuen araberako prezio bi dagoz: 12 euro eta 15 euro.
Testua: Iñaki Aurrekoetxea.
Argazkiak: www.bertsozale.com
Halantxe gagoz Bizkaiko bertsolari eta bertsozaleak. Kanporaketak amaituta, Bizkaiko Bertsolari Txapelketeak atseden laburra hartu dau eta finalaurreetan arnasbarrituta sartzeko preparetan dago. Udabarrian Eskualdeetako Txapelketak jokatu ziran, eta orain Bizkaikoaren kanporaketak izan doguz, baina esan geinke hemendik aurrerakoa dala benetako txapelketea. Esan gura dodana ondokoa da: Bizkaiko bertsogintzea ezagututa, lehenagoko faseetan bertsotan badakien gazte askok jardun arren eta askok bertsotan polito be egiten dauen arren, bertsolari moduan jentaurrean benetako mailea emon leikienak finalaurreetatik aurrera ikusi eta entzungo doguzala. Eta ez da aurtengo kontua, aurreko hamarkadatik datorren Bizkaiko errealidadea baino.
Hogeita hamar bertsolarik kantau dabe kanporaketetan eta batzuentzako honaino heltzeak bakarrik urrats polita suposatu dau, eskolartekotik etorri eta helduen mailako txapelketan burua agertzeak horizonte barria, errealidadea, erakusten deutsielako. Hamaika izan dira baina zerua gertuago sentiduteko aukerea irabazi dabenak. Batetik, bost kanporaketetako irabazleak, finalaurreetarako txartela zuzenean lortu ebenak: Gorka Ostolaza (Arrigorriagako kanporaketea), Etxahun Lekue (Mallabia), Beñat Gaztelurrutia (Ondarroa), Beñat Ugartetxea (Amoroto) eta Arkaitz Ugartetxea anaia nagusia (Gernika); bestetik, puntuetara sailkatu diran beste seiak: Oihana Bartra, Igor Muniategi, Eñaut Intxaurraga, Peru Aranburu, Onintza Enbeita eta Joseba Artza. Kanpoan geratu diranen artean izen bi aitatuko neukez: Joseba Gojenola eta Jon Eizmendi. Biak ala biak bertsolari petoak, ez dabe lehenago erakutsitakotik emon eta honeen freskotasuna finalaurreetan be estimauko geunke, neuk bai sikeran.
Kanporaketetako mailea gorabeheratsua izan da eta goitik baino behetik jo dau gehiago. Arrigorriagakoa entzun genduanean, hurrengo kanporaketak gitxienez maila horretan ibiliko zirala aurreikusi bagenduan be, azkenean berau izan da puntuazinorik oparoena banatu dauen saioa, eta irabazleaz ganera beste hiru bertsolari sailkatzea ekarri dauena. Bertsozale askoren eretxian Mallabiko saioa hobea izan da, nahiz eta Etxahun irabazleaz ganera Onintza bakarrik sailkatu. Ondarroako eta Amorotoko saioak izan dira epelenak, eta irabazleek baino ez dabe aurrera egin. Azkenik, Gernikan gauza politak entzun ziran, eta seitik hiruk aurrera egin dabe. Sailkatuen artean ohiko izenak eta barriren bat be badago. Etxahunek, Beñat biek, Arkaitzek, Onintzak, Gorkak, eta Muniategik lehenago be erakutsi izan dabe bertsolari plantea eta ofizioa, eta ez dabe ezelako sorpresarik emon. Ganera, Gorka Ostolazak puntuazinorik altuena lortu dau, eta nabaria da progresinoan datorrena. Joseba Artza eta Peru Aranburu barriro engantxau dira finalaurreei begira eta pozgarria izango da eurentzat. Sorpresa atsegin biak, neure ustean, Eñaut Intxaurraga zeaniztarrak eta Oihana Bartra bilbotarrak emon dabe. Eñautek Intxaustiren errelebua hartu dau, eta Arratiak behar dau ordezkariren bat Bizkaiko bertso-panoraman. Oihanari chapeau! Eskolartekoan erakutsitako jarrerea eta bertsotarako gustu ona helduen artean be sobran ez dagoala agirian itxi dau, eta bere bertso-ibilbidearen hastapenetan sari polita da finalaurreetan kantetea.