Musikea  IV. urtea // 112. zenbakia

Kuraia: Piztu da Piztia


Bizkaie!

Diskoaz gan, barrikuntza ugarigaz dator Kuraia taldea. ‘Piztu da Piztia’ lana kaleratu dabe eta, ezaugarrien artean, ohiko CDan, biniloan (10’’) eta Interneten MP3an salgai topau geinkela nabarmendu behar da.

Zurrumurruak isiltzeko diskoa dala dinoe askok, taldea banatu egin zala esaten eben zurrumurruak isiltzeko. Horitik dator lanaren izenburua.

Orain lau urte lehenengo diskoa plazaratu eben, taldearen izen beragaz. Urte bi geroago, ‘Iluntasunaren barre’ lana atara eta kontzertuz betetako birearen ostean, deskantsua hartu eben. Metak disketxearen eskutik bueltau dira edizino berezi honetaz. Sei kantak osotzen dabe diskoa eta lehenago aitatutako formatoetan topau geinke. Binilozko 500 ale atara dabez, (CDaz gan), eta leku gitxi batzuetan egongo dira salgai. Interneten be topau daitekez.

Fer ahotsa, Joseba gitarrea, Galder bateria eta Mikel bajua indarrez beteta datoz eta, ironia puntu bategaz, taldearen desagerpenaren inguruan berba egin daben jentea isilarazo gura dabe. Mikel Anestesiaren etxean grabautako diskoan aurreko lanetan erakutsitako estiloari eutsi deutse, rock gogorrari, hardcoreari eta punkari hain zuzen be.

Udea amaitu arte Kuraiak ez dau kontzerturik eskainiko. Areto txikietan eta gaztetxeetan jotea gustetan jakela dinoe eta, euren esanetan, udan ez dago horretarako aukera handirik. Halanda be, badagoz diskoa entzuteko hainbat arrazoi eta formatoa aukeratzeko hainbat bide be.