Marije Etxebarria: 'feministok beste mundu bat posible dala sinisten dogu'
Emakumeen Mundu Martxea pasa dan martiaren 8an hasi zan Sao Paulon (Brasil) eta maiatzaren 24tik 27ra Euskal Herritik pasau ostean, Frantzian sartu zan (Marseillan Europako emakumeen hitzordua) handik Afrikara salto egin eta urriaren 17an Burkina Fasora heltzeko. Danetara, bost kontinenteetako 45 herrialde zeharkatuko ditu Emakumeen Eskubide eta Aldarrikapenen Nazinoarteko Karteagaz.
Emakumeen Mundu Martxea emakumeen kontrako indarkeria eta pobreziaren kontra lan egiten daben taldeez osotuta dago, danetara, 163 herrialde eta lurraldetan banatuta dagozan 5500 talde. Helburuak asko dira: emakume taldeen arteko hartu-emonak sendotzea, bardintasuna bultzatzea, eragile politiko eta sozialei emakumeen bizi baldintzak hobetzeko pausuak emon dagiezala eskatzea...
Euskal Herriko plataformako Marije Etxebarriak kontauko deuskuz gai honen inguruko gorabehera guztiak.
1.- 1995ean, Kanadako emakumeen ekimena izan zan Mundu Martxea abiarazotea baina ordutik hona mundu osoan milaka emakume antolatu dira. Tarte horretan, aurrerabiderik igarri dozue?
Ezer baino lehen argitu gura neuke Emakumeen Martxea ekintza feministarako sortutako nazinoarte mailako emakume talde sarea dala, 163 herrialdetako 6000 taldek osotua.
1995ean, Kanadako emakumeen federazinoari herrialdean bertan martxa bat egitea otu jakon; euren ideia hori Pekineko emakumeen nazinoarteko federazinoari aurkeztu eutsenean, asko gustau jaken eta mundu mailako martxea antolatzea erabagi eben. Hortik aurrera, 2000. urtean 17 aldarrikapenek osotutako manifestua idatzi eta emakumeakazko indarkeria eta pobreziaren kontra makinatxu bat ekintza egin ziran munduan baita Euskal Herrian be. 2000ko urrian New Yorken 7 miloe sinaduratik gora entregau jakozan Nazino Batuen Erakundeari, Munduko Bankuari, Nazinoarteko Moneta Fondoari eta Kofi Annani. 2003ko martian, barriz, New Delhin Emakume Mundu Martxearen beste hitzordu bat izan zan eta han erabagi zan Emakumeen Eskubide Gutuna egitea eta karta horren erreleboa da egunotan Euskal Herrian dabilena.
Kontuak kontu, aurrera pausuak izan dira bai, nazinoarte mailako bigarren ekintza antolatzea oso esanguratsua da guretzako; igaz Vigon Europako emakumeen konzentrazinoan 25 mila emakume alkartu ginan eta nik esango neuke, apurka-apurka baino ez bada be, gizartea gure egoerea eta ekintza honeek barruratzen, ulertzen eta onartzen dagoala.
2.- Herrialdez herrialde osotutako sarea da Emakumeen Mundu Martxaren euskarri baina zeintzuk dira helburuak?
Helburu edo ardatz nagusia emakumeok sufriduten doguzan indarkeria eta pobreziaren kontra lan egitea da. Horrezaz ganera, martxea emakumeon artean nazinoartean dogun alkartasun mobimentuari eusteko eta indartzeko tresna izatea da asmoa, guretzako feminismoa erreala dalako, munduaren ikuspegi desbardina eta alternatiboa eskaintzen dogulako. Munduko sei mila emakume talde kapaz gara gitxieneko adostasuna lortzeko eta hori eredugarria da.
3.- Beste balore batzuetan oinarritutako gizarte eredua edo mundua aldarrikatzen dozue. Posible ete da globalizazinoaren indarrari aurre egitea?
Lehen be esan deutsut, guk feministok beste mundu bat posible dala sinisten dogula eta hori lortzeko beharrean gabiz. Emakumeentzako askatasunean, bardintasunean, alkartasunean, bakean eta justizian oinarritutako mundu bat posible dala pentsetan dogu. Etorkizuna eregiteko askatasun personala eta kolektiboa; bardintasuna, barriz, menperatze patriarkal kapitalista eta arrazisteagaz amaitzeko; alkartasuna, gizon eta emakumeen artekoa, herri eta nazinoen artekoa baina, batez be, emakumeen arteko alkartasuna, on eta gaiztoen arteko bereizketa patriarkala desagertarazoteko motorra izan gaitekezalako.
4.- Sare horretan alkarte feministak dagoz ugari baina feministak ez diran alkarteak be badagoz. Asmoetan eta aldarrikapenetan bat zatoze?
Mundu Martxearen Euskal Herriko Plataforman emakume taldeak, erakunde feministak, emakume taldeak, norberaren izenean parte hartzen daben emakumeak eta sindikatu gehienak dagoz eta oinarrizko aldarrikapenean, hau da, emakumeen kontrako indarkeria eta pobreziari aurre egiteko aldarrikapenean bat gatoz. Ez da gitxi...
5.- Bakea, alkartasuna, emakumeen kontrako indarkeria, gizon eta emakumeen arteko bardintasuna lako gaiak gurean danon ahotan dagoz baina munduko beste herrialde batzuetan egoerea askosaz larriagoa da...
Bai, egia da baina kultureak herrien izaerea errespetetea nahitaezkoa da ze gure mundutik, gure ikuspegitik ez dakit nongo herrialdeko emakumeen egoerea guretzako larria izan daiteke eta eurentzat, akaso, ez da hain larria eta alderantziz; ganera, behar egiteko eta burrukarako metodoak ez dira unibersalak, esan gura dot gure metodoek ez dabela balio kasu eta egoera guztietan; horregaitik, nazinoarteko zita guztietan nabarmentzen dogu lekuan lekuko emakumeek askatasun osoa daukiela euren kultur izakereari eutsiz, beharrizanen arabera, lan estrategiak eta helburuak zehazteko. Leku batzuetan egoerea beste batzuetan baino baltzagoa izan arren, pobreziaren eta biolentziaren arpegia bardin antzekoa da leku danatan. Gurean, gizarte moderno neoliberalak zapaltzen gaitu, beste leku batzuetan gerran dagoz baina oinarrizko eskubideen urraketea leku danatan dago.
6.- Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herrian ibili da egunotan. Zer nabarmenduko zeunke?
Lau egunetan ibili da gurean eta egun bakotxerako gai edo aldarrikapen bat aukeratu genduan;maiatzaren 24rako gerrearen kontrako eguna (Karrantza, Bilbo, Zornotza, Durango); 25erako ekologiak eta lurrak emakumeakan daukan eragina (Laudio, Amurrio, Gasteiz, Sakana eta Iruñea); 26rako indarkeriaren kontrako gogoetea (Beasain, Martutene, Zarautz, Pasaia eta Orereta) eta, azkenik, 27rako pobreziaren eta prekariedadearen kontrako eguna (Donostia, Irun, Hendaia Hazparne eta Baiona). Baionatik Marsellarako bidea hartu eban martxeak. Marsellan, hilaren 28an jai giroan alkartu ginan baina lana eta prekariedadea, sexualidadea, abortoa eta osasuna lako gaiak jorratzeko astia be izan genduan Europa osoko emakumeen bilgunean.
7.- Lau egunetan ibili da martxa Euskal Herrian. Zelako balorazinoa egin zeinke?
Ezer baino lehen, eskerrik asko geugaz era batera edo bestera egon zarien Euskal Herriko emakume guztioi. Eskerrik asko edonon jaio edo edonondik etorritakoak, lanbakoak, esplotatuak, lesbianak, dispertsatu eta kartzelaratuak, txiroak, sexu langileak, etxekoandreak, nekazari eta abeltzainak, erasotuak, pentsinodunak, sindikalistak, intsumisoak, artisauak, ekologistak, euskaltzaleak, FEMINISTAK…Eskerrik asko.
Emakumeen Mundu Martxak, Euskal Herrian barrena izan dauen arrakastea begi-bistakoa eta ukaezinezkoa da. Mundu Martxa hau, emakume askoren lanari, esfortzuari eta ilusinoari esker egin da. Martitzeneko ondo etorria Karrantzan, erabat hunkigarria izan zan, Karrantzako emakumeen parte-hartzea ikaragarria izan zalako beste gauza askoren artean. Bilboko Areatza goizeko bederatzietatik aurrera kolorez jantzi zan eta dana prest egoan Emakumeen Mundu Martxako sinboloa dogun Manta eta Emakumeen Munduko Gutun erraldoiari ondo etorria emoteko. Bertan egindako ekintza politikoa eta egitaraua anitza eta primerakoa otu jakun, emakume gazteek antzerkia be eskaini eben. Bilboko emakume asko, edade guztietakoak hurreratu eta parte hartu eben arratsalde osoan zehar, bazkarian 200 bildu ginala be esan behar deutsut.
Horrezaz ganera, nabarmendu gura neuke, orain arte plataformeagaz lan egin ez daben emakume talde asko inpliketan hasi dirala Euskal Herrian barrena eta hori sano garrantzitsua da, Zornotzan, Durangon, Laudion, Amurrion, Gazteizen, Lizarran, Sakanan, Iruñean, Beasainen, Martutenen, Zarautzen, Donostian, Pasai-Donibane, Oreretan…
Brasiletik datorren manta eta aldarrikapenez betetako gutun erraldoia erakusteak zirrara handia sortzen dau. Erreleboa geratzen dan herri guztietan plataformearen iskribua irakurten da, eta deialdia zabaldu emakume guztion artean idatzi behar dogula Euskal Herriko Emakumeen Eskubide eta Aldarrikapen Gutuna. Euskal Herrian bizi garan emakumeak anitzak eta kolore askotakoak gara eta hori da gure aberastasunaren isla. Pozarren gagoz, emakumeentzako askatasunean, bardintasunean, alkartasunean, bakean eta justizian oinarritutako Euskal Herria posiblea dala sinisten dugunok zenbat eta gehiago garalako.
Gora emakumeon burruka!
8.- Emakumeen presentzia gero eta handiagoa da politikan, kulturan eta gizartean oro har. Euskal Herriaren bakegintza eta normalizazino prozesuan emakumeen ekarpena handiago izan beharko litzatekela uste dozu?
Nik uste dot geldiro-geldiro pausuak emoten gagozala baina denporea beharko da egindako lanaren emoitzak ikusteko. Esan dozun lez, emakumeen presentzia gero eta handiagoa da erakundeetan eta gizartean baina kasu bat aitatzearren, ongizatearen eta osasunaren alorrean, Osakidetzak kendu egin dura dau mamografiak seguridade sozialetik egitea. Bardintasunaren Legea be hor dago baina Alardea dala eta ez dala be badakizu zelako saltsea dagoan. Beraz, asko dago oraindino egiteko, izan be, emakumeon berbea beti da azkena.
Euskal Herriaren normalizazino prozesuari dagokionean, egia da emakumeok beharrezkoak garala bakegintzan eta gatazkak konpontzeko prozesuetan, batez be, mundua ikusteko beste era bat daukagulako eta gatazken konponbiderako gure metodoa beti dalako adiskidetasuna eta alkartasuna, jakina indarra baztertuz eta alkarrizketea bultzatuz; nik uste dot feminismoa eta emakumeen parte hartzea ezinbestekoa dala.
9.- Martxaz aparte, urtean zehar zelako hartu-emonak daukazuez emakume taldeen artean?
Oso ondo konpontzen gara emakume taldeen artean. Mundu Martxaren harian, plataforma bat sortu dogu Euskal Herrian eta talde pilo bat batu gara; Emakumeen Nazinoarteko Egunerako be beste koordinadora bat sortzen da eta, oro har, edozein gai jorratzeko alkartu eta ekarpenak trukatzen doguz.
10.- Euskal Herriko emakumeen eskubide eta aldarrikapenen gutuna eztabaidatzen eta idazten zagoze gaur egun eta datorren urteko martiaren 8rako kaleratzea da asmoa. Zeozer aurreratu zeinke?
Egunotan jaso dogu guk galiziarren eskutik, Karrantzan hain zuzen be, Emakume Mundu Martxako gutunaren erreleboa. Hor etorri jaku nazinoarte mailarako egindako kartea eta gu egunotan hasi gara emakumeen eskubide eta aldarrikapenen gutuna eztabaidatzen eta idazten. Aldarrikapenen zerrendea luzea izango da baina oinarrian, justizia eta bakea eta emakumeen kontrako indarkeria eta pobrezia nabarmenduko neukez; horrezaz ganera, bakea, errespetua, aniztasuna, osasun integrala...
Aldarrikapen horreen artean, emakumeen kontrako indarkeriarena eta pobrezia azpimarratuko neukez; indarkeria zentzu zabalean, jotea, eraso fisikoa ez eze indarkeria estrukturala be bada eta; indarkeriatzat hartzen doguz Osakidetzaren murrizketea, lanik txarrenak emakumeentzat izatea, emakumeen langabezia...; pobrezia be zentzu zabalean, izan be, pobrezia ez da eukitea ala ez eukitea, hori baino zabalagoa da, bizitza kalidadea, lana, bazterkeria...
Koldo Isusi Zuazo