Bidaide  IV. urtea // 112. zenbakia

Txirritxirri jana


Ordu bi geroago, Jinghong eta inguruak ikusteko goizean kontratau doguzan gidariek gure bazkariari hegoak kentzen deutsiez, wok batean orioa berotzen daben bitartean. Janaurrekoa eroaten ixten deuskuen jatetxe batean jango dogu. Aperitiboa nik neuk eskatu dot... Ondo garbitu ostean zomorro koitaduak bizirik prijiduten diran bitartean, atzerrian atzeraka egin leikien eta nik normaltasun osoz jaten dodazan janari horreek gogora ekarten saiatzen naz: neure burua imajinetan dot otarrainxken buruak amorru handiz txupetan edo txangurru baten hankak tenaza bategaz apurtzen. Baina gidariak txirritxirrien platera nire aurrean jarten dauenean, urdaila hankaz gora jarten jat. Arnasa sakon hartzen dot; bitartean, mahaikideak insektuak jan eta jan dabiz. Danak Zigor izan ezik. Bera niri begira dago eta errukia igarten jako begiradan. Baina nire ohorea jokoan dago eta ez dot itxiko orain hile batzuk berba emondakoa apurtzea: ‘insektuak jateko aukerea badaukat, egin egingo dot’. Zotzak preparau eta, ahal dodanik eta arinen, txirritxirria ahoan sartu dot. Barruan dago. Orain, kontua kanpora ez urtetea da. Baina mamurtukeran, gustu dultzeak ahoa beteten deust. Kras-kras egiten dau ahoan eta girasol-orio prijidu gustua dauka. Arroz zuriak gusto apur bat kentzen deutso eta, horregaitik, beste bat probetea erabagi dot. Insektuaren gorputza hutsik dago eta buruak baino ez dauka benetako sustantzia. Hori dala eta, dozena bat txirritxirri jan behar dira tripea ondo betetako.

Zigor begien aurrean daukana sinistu ezinik dago eta harridura aurpegiagaz egiten dau barre. Bitartean, ni pozik nago, berbea emon eta bete egin dodalako. Hemendik aurrera insektu bat ikusten dodan bakotxean desbardin begiratuko deusat. Nire metamorfosia ez da heldu Seth Brundle-k ‘La mosca’-n daukanera, baina zeozer bai igarten dot. Nire mobimentuak geldoak dira, baina tripak zarataka hasten diranean...

Testua: Demelsa Gonzalez
Argazkiak: Zigor Aldama

Txirritxirrien ezaugarririk txarrena ez da iluntzean egiten daben zaratea. Gazte denporako garaiak etorten jatzuz burura orduan, kanpin-dendan egonaldiak, linternearen argi azpian egindako jokuak, lehenengo mosua... Txirritxirrien alderik txarrena digestinoa egitea da. Hanka oso txikiak daukiez eta oso gatxak dira mamurtzeko. Ganera, irunsteko be lan handia egin behar da. Arroz plater bat euki behar dogu aurrean laguntzeko, bestela min egiten dabe tripan.

Kontua Yunan probintziako kaleko merkadu batean hasi zan. Gizon batek txistua zelako abilidadeagaz botaten eban grabetan nengoan (milaka urteko esperientzia daukie horretan) Zigor bila etorri jatanean. Metro batzuk aurrerago txirritxirriak saltzen ebazan postua egoala esan eustan. Insektuek sortzen eben astrapaleak eroan eustan gordeta egozan zakura. Alboan, lurrean jesarrita, edadeko andra bik baskulatan pisetan dabez boltsatxuetan sartutako txirritxirriak. Animaliak danak batera isiltzen dira, baina atsoetariko batek zaku handian eskua sartu eta boltsatxura eskukada bat gehitzen dauenean, barriro be hasten da astrapalea.