M.C.D. taldearen 'hileta'
Gotzon Uribe
Pasa dan zapatuan, gaueko hamarretan hasita, Bilboko Bolueta auzoko Santana 27 areto barriak M.C.D. talde bilbotarraren azken kontzertua jaso eban. Eurekaz batera, jai berezi honetan Señor No, Nuevo Catecismo Catolico, Vulpes eta Motorsex izan ziran. Esandako moduan, M.C.D talde bilbotarrak eskaini dauen azken kontzertua izan zan eta, horretarako, formazino orginala bildu zan taula ganean, lehenengo diskoa grabau ebana hain zuzen be. Holan, gaur egun Alakanten bizi dan abeslaria egon zan, aspaldidanik musikatik erretirauta dagoana.
Jaian edo, euren esanetan, ‘hiletan’ konbidadu bereziak izan ziran eta pasa dan astean pentsaurrean azaldu eben moduan, kontzertua baino lehenago eta ostean be, musikea izan zan.
Kontzertu honegaz ‘taldea sortu genduan partaideok jarten deutsagu amaierea gure historiari. Arazo ugari izan doguz gure lagun izan diran beste taldekideakaz, eurek gaur egun taldearen izena darabilte hemen eta han. Diruak jentea itsutu egiten dau, eta hori da eurei pasetan jakena. Ez dabe izan taldeagazko eta bere izen eta jarrereagazko ezelako errespeturik’.
M.C.D. taldeko benetako kideak Rockan, Neil, Niko, Joaquin eta Bernar dira. Zapatuko kontzertuaz ganera, DVD bat preparetan dagoz Durangoko Azokan plazaratzeko asmoagaz. DVD horretan, 1979tik 2004ra taldearen ibilbidearen gora beherak azalduko dira. Beste talde batzuk M.C.D. taldearen bersinoak preparetan dabiz eta lan horretan agertuko dira eurak be.