Eretxia  I. urtea // 13. zenbakia - 2002ko zemendiaren 1a

Boteretsu eta aberatsen hilezkortasuna


Edozelan be, Patarroyok bereari eusten deutso laborategi barrian. Bitartean, 900 miloe lagun desnutrizino kronikoa jasan beharrean dagoz, bitamina eta proteina falteagaitik. Ez daukie oinarrizko botikarik, suerorik edo txertorik. Munduan ehunka mila persona katarro arrunt baten ondorioz hilten dira eta 50 herrialde preminarik gorrienean dagoz. Eta hau guztia, zoritxarrez, ez da demagogia merkea, errealidade gordina baino.

Joseba Terreros

Mapa genetikoa egiteko erabilitako 3.000 miloe euroak nahiko ziran Hirugarren Munduko izurrite guztiak osatzeko. Genomeak bere 'aurkitzaileetariko' bat, Craig Venter iparramerikarra aberastu dau. Bien bitartean, medikuntzearen beste talentu batek, Patarroyo kolonbiarrak, malariaren kontrako txertoa dohaintzan emon deutso gizateriari. 2001ean laborategia bahitu eutsien. Osasun negozioaren alde biak dira.

Eboluzinoaren teoriaren perbersinoa

Manuel Elkin Patarroyok orain dala 20 urte baino gehiago malariari aurre egitea erabagi ebanetik, arerioak baino ez ditu lortu. Gaixotasun larri honi galgea emoteko erabili leiteken txerto bakarrari boikota egin deutsie medikuntzearen goi erakunde guztietan; eta ez da bromea, ze malariak urtean-urtean miloe bi persona hil eta 300 miloe kutsatzen ditu.

Patarroyo zientzialariak malariaren kontrako txertoaren patentea Osasunaren Mundu Erakundeari emon eutson dohaintzan, planetako txoko eta bazter guztietara helduko zalako itxaropenagaz. Ondino be oso gogoan ditu Ingalaterra eta AEBko laborategi boteretsuenek 1990ean Sahararen azpiko Afrikako herrialdeetan txertaketa orokorra ebitetako egindako ahaleginak. Ez ahaztu hamar segundorik behin malariak biktima bat gehiago eragiten dauena.

Horregaitik, giza genomearen inguruan zer pentsetan dauen itauntzen deutsienean, argi eta zuzen erantzuten dau: 'Egin beharrekoa zan, baina ez preminazkoa. Askoz be presazkoagoa da Hirugarren Munduan pneumoniak edo beheranzkoak urtero hilten dituen lau miloe persona bizirik ataratea. Baina, zoritxarrez, hori ez da sartzen osasunaren multinazionalen planen barruan'.

Craig Venter zientzialaria, ostera, aberatsa, eukitsua eta ospetsua da. 'Time aldizkariak 2000. urteko pertsonaiatzat hartzeko zorian egon zan; haren kontu korrontean zeroen errenkada luzea ikusi geinke. Gitxi gorabehera 64 miloe euro eskuratu ditu, 'Celera Genomics' bere enpresa genetikoan dituan akzinoei esker.

Patarroyo eta Venterren artean alde handia dago. Venterren aurkakoek geneen merkataritzat hartzen dabe mesprezuz, baina harek kritikei muzin egin eta mundutik zehar ibilten da bere belaontzian, giza geneen materialak salerosiz jadetsitako dirutzeari esker. Venterrek ez dau ezer be erregaletan eta edozein generen jaube egiten ahalegintzen da patenteen bitartez. Geneek asko saltzen dabe, malariak, meningitisak edo sukar horiak bapez. Genomea topetako inbertidu diran 83.200 euroakaz Hirugarren Munduko biztanleria akabetan daben izurri guztiak osatuko litzatekez. Eboluzinoaren teoriaren perbersinoa gauzatu da. Honezkero ez dabe bizirik irauten sendoenek edo gogorrenek, ezpada aberatsenek.


Medikuntzearen multinazionalen jokabidea

Patarroyo kolonbiarrak hori berori salatu gura dau. Miloe askoko patente bati uko egiteko gauza izandako zientzialari altruista honek 2001ean bere laborategiaren bahiketeari egin behar izan eutson aurre; bertan malariaren kontrako txertoa preparau zan eta igazlehenean tuberkulosiarena probetan ebilzan.

Craig Venterren kasua guztiz desbardina da; ospea eta dirua lortzeko eukan handinahiak eraginda, orain dala hamar urte ikerketa zentro publikoa itxi eta bere bizitzako proiekturik garrantzitsuenari ekin eutson buru-belarri. Harrezkero, giza zelulen munduan dabil buru-belarri. Bere bidea ondo be ondo ikusi dau: giza geneak harrapau eta patentau. Jakin badaki eskura diamante meategi agortezina dauena eta harribitxi horreen truke planeta osoko enpresa bioteknologikoak ehunka miloe euro pagetako prest dagozana. Multinazional horreexek, hain zuzen be, izan dira Patarroyori bizkar emon deutsienak.

Enpresa horreetako bulegoetan munduko osasun politikearen joko arauak zorrotz ezarten dituen lobby-ak dagoz. Eta geneak oso kotizauta dagoz, batez be diru azokarik garrantzitsuenetan. Botere talde honeek, seguru antzean, ez eben bape gustuko izan Patarroyo inmunologo ospetsu baina apalak, persona guztiek osasunerako daben bardintasuna aldarrikatzen dauenak, euren negozioak kolokan ipini izana. Arrazoia garbia zan: pobreen gaixotasunak ez dira errentagarriak eta are gitxiago, tartean patenterik ez badago.

Giza legeen kontrako filosofia honen emoitza bildurgarria da. Muga Bako Medikuen Alkartearen esanetan, urtero 17 miloe persona hilten dira, HIES edo tuberkulosiaren moduko gaixotasun kutsagarrien kontrako oinarrizko botikarik ez dabelako. Anesvad-en arabera, 'mundu zibilizatua' deritxon honetan hiru euroko penizilina kutxa arrunt batek zazpi edo zortzi bider gehiago balio dau Hirugarren Munduan.

Industria mueta honen azpijokoak

Eta hori guztiori produktua benetakoa bada eta ez imitazino bat, Muga Bako Medikuen Alkarteak behin baino gehiagotan salatu dauenez. Berbarako eta gobernuz kanpoko erakunde honek adierazo dauena kontuan hartuz, Nigerren 'Pasteur Mérieux' eta 'SmithKline Beecham' enpresek 1995ean meningitisaren kontra debalde emondako 88.000 txertoak faltsifikautakoak izan ziran eta 60.000 personari txerto faltsuak ipini jakozan kanpaina osoan barrena.

Logurearen gaixotasunari aurre egiteko eflornitinaren moduko botikak daborduko ez dira egiten, dirurik emoten ez dabelako. Inori ez deutso lebarik 50 miloe lagun baino gehiagok izurri honen mehatxupean bizi behar izateak. Datu bat gehiago: 1975etik 1997ra bitartean egindako 1.223 farmako barrietarik % 13 baino ez dira egin tropikoaren inguruko gaixotasunak tratetako. Patarroyok esandakoa: 'hori guztiori giza eskubideen aurkako bistako atentatua da'. Beharbada, iparramerikarrek, horregaitik, euren gudarosteko zientzialariak be erabili zituen Patarroyo nazinoarteko foroetan desprestigietako eta, bide batez, txertoa desagertuarazoteko. Txertoaren aldaera bat probau ostean, AEBko indar armatuek medikamentu hau ez zala baliogarria ondorioztatu eben. Akatsa eurena ez beste inorena izan zan, defentsak produziduteko prozedurea txarto egin ebelako. Ondino inork ezin izan dau probau akats hau gurata egin zan ala ez, baina askok malariaren kontrako txerto honi boikota egiteko eukien gogoa igarri eutseen. Ganera, euren okerreko ondorioak berehalakoan argitaratu zituen 'The Lancet' mediku aldizkari ospetsuan.