Bertsotan  IV. urtea // 111. zenbakia

Leiho bat mundura zabalik


Bizkaie!

Ezagun dogu inprobisazinoa ez dala Euskal Herriko fenomenoa bakarrik. Mundu osoan zehar zabaltzen da bat-batekotasuna, kanpokoen barri larregi ez daukagun arren. Eta hain zuzen be, ahozko inprobisazino kantatuaren web txokoa izan gura dau Argo proiektuak. Bat-bateko adierazpenen mundu berezia osotu, eragin eta ikertzen daben hartu-emon eta informazino trukaketarako gunea izateko asmoz jaio da.

Mundu osoko inprobisazinoaren datu basea izan gura dau Arantza Mariskalek 2003ko zemendian Miramar jauregian aurkeztutako proiektuak; www.argodat.com bisitetan dozuenok berehala igarriko dozue ondino informazino ugari falta dala, Euskal Herriko inprobisazinoaren barri baino ez dauelako emoten.

Ahozko inprobisazino kantatuaren inguruan dagozan aditu eta inprobisatzaileek sortzen dabezan ikerketa, azterketa, bilketa eta ganerako lanen, gai honetan lan egiten daben organismoen, eta munduan zehar antolatzen diran jardunaldi eta ekitaldien inguruko informazinoa bildu eta zabalduko dauen datu basea da, oinarrian, Argo proiektua. Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak 2003ko udagoienean antolatutako Ahozko Inprobisazinoa Munduan jardunaldietako aurrera begirako proposamenetan aurkeztu zan proiektua hain zuzen be. Ahozko inprobisazinoaren egoerea aztertzeagaz batera, aurrera begirako proiektu eta plantemenduei erantzuteko helburua dauka.

Esandako lez, gaur egun interneten topau geinkena benetako datu basearen hasikerea besterik ez da; Argo proiektu erraldoi eta zabala danez, denporeagaz garatzen joatea da helburu nagusia. Ahozko inprobisazino kantatuaren inguruan interesa daukien guztien parte-hartzea beharrezkoa izango da aurrera egiteko. Oraingoz, Euskal Herriari buruzko datu batzuk baino ez dagoz sartuta; gauzak holan dirala, aurrera begira Argo proiektua izango danaren oinarri teknologikoa definidu gura izan da. Orain lau hizkuntzatan funtzinonauko badau be (euskerea, gaztelania, frantsesa eta ingelesa), gerora beste hizkuntzetan funtzinonetako preparauta dago. Horretarako,"Aukeratu zeure hizkuntzea" atala dago.

Munduko edozein lekutatik elikatu ahal izango da hau datu baseau, horregatik proposatzen da web bidez elikatzea. Izan be, Argo proiektu kolektiboa da: edozein pertonak erabil leike, bai bilaketeak egiteko, baita informazinoa sartzeko be. Munduan zehar banatutako aditu talde batek oneretxiko dau bertako informazinoa.

Web guneak elikatzeko sistema automatikoa dauka. Proiektuaren lehen etapea edegia da eta interesatu kopuru handienak parte hartzea da helburua. Kopuru horrek muga bakarra izango dau: Aholku Batzordea. Batzorde horren oneretxirik barik ez da informazinorik eguneratuko. Web guneak mundu mailakoa izateko asmoa badau be, etorkizunean, iturrien mantenua eta datu basearen eguneraketak Bertsozale Alkarteak ziurtatuko dauz.

2003ko udagoienean aurkezten dan Argo proiektuaren lehen fase honek lau atal nagusi daukaz: "Mapa", "Lurraldeak", "Bilaketak" eta "Informazinoa gehitu/aldatu".

Mapa atalean munduko hainbat lurraldetako ahozko inprobisazino kantatuaren errealidadea aurkezten da, grafikoki. Lurraldetasuna kontuan izanik, ahozkotasun kantatuaren informazinoa biltzeko modu erreza da. Lurraldeak atalean munduko lurralde batzuen zerrendea aurkezten da, lurralde bakotxeko norbanako, organismo, dokumentu eta ekitaldien kopuruak emonez. Jarraian, erabiltzaileak nahi izan ezkero, kopuruak izen zerrenda bihurtzen dira, bakotxaren fitxeagaz lotuz. Zerrenda hau, Argo datu basean sartutako informazinoaren araberakoa da. Bilaketak aukerea, informazino zehatz bat bilatzen ari diran adituei erantzungo deutsen atala da. Zortzi informazino multzoren araberako bilaketeak egin ahal izango dira: dokumentuen izenburua, persona-izenak (egileak eta norbanakoak), organismoa, lurraldea, dokumentuaren generoa, indikazino berbea, funtzinoa eta alorra. Atal horreek guztiak euren artean erlazionauta dagoz. Informazinoa gehitu/aldatu: atal honetan norbanako, organismo, dokumentu eta ekitaldietako datuak sartu ahal izango dira, baita zuzenketak proposatu be. Edozein kasutan, Argo proiektuaren kudeatzaileak (Xenpelar Dokumentazio Zentroak) mezu bat jasoko dau proposatutako aldaketakaz, hori informazinori Aholku Batzordearen esku jarriz. Proposamen barrien kasu guztietan Aholku Batzordearen oneretxia ezinbestekoa izango da.

Tresna bikaina izan leiteke idatzizkoa baino askoz zaharragoa dan bat-bateko jardunaren munduko egoerea ezagutzeko, leiho bat mundura zabalik!