Euskalkultura.com: diasporearen ataria
Iratxe Ormatza
Maiatzaren 18an Joseba Etxarri kazetariak komunikabideei aurkeztu eutsen euskalkultura.com web orrialdea. Diasporearen ganeko barriak lantzen dira bertan eta mundu zabalean bizi diran euskaldunen topagunea dogu orrialdea. Etxarri orrialdearen zuzendariak esan ebanez, diasporea Euskal Herriko zortzigarren herrialdea da. Kanpoan be, euskaldun sentiduten diran herritar gehiago bizi da eta, hain zuzen be, horri begira sortu eban 1997an diasporaren ganeko boletina.
Urteek aurrera egin ahala, lan taldea sendotuz joan da eta 2001ean sarerako saltoa egin eben. Gaur egun, orrialdean erderea nagusi bada be, irailerako aurreikusita daukie euskereari tarte handiagoa egitea. Orrialdeko albisteak egunero joarratzen dira. Barri nagusiaz ganera, atal bi dagoz: batak euskal etxeetan eta euskaldunek kanpoan egiten dabezan ekitaldien barri emoten dau eta, besteak, kanpoan euskaldunek egiten dabena jakitera emoten deusku. Orrialdeak loturak daukaz euskal etxeakaz, euskerea ikasteko, hiztegiak, mapak, kontaktuak… Eta bestelako atalak be badaukaz: alkarrizketak, eretxia, hemerotekea, albiste laburrak… Eta, azkenik, diasporearen ganeko argazki bat ataraten dabe: dantza- taldeak, euskadunen tabernak munduan zehar, euskal etxeak…
Aurkezpenean Joseba Etxarri eta Begoña Minaur egon ziran, kazetariak eta berton jaioak. Hareekaz batera Lorea Barturen AEBetako euskalduna eta Carolina Minaberry Argentinako euskalduna izan ziran. Danek azpimarratu eben, garrantzitsua dala diasporan egiten diran jarduerak jakitera emotea eta, era berean, kanpoan egiten dan beharra zabaltzea, kanpokoek euskal identidadeari eta kultureari zelan eusten deutsien ezagutzera emoteagaz batera. Izan be, esan eben: 'gaur egun ez da jakiten egiten daben ekarpena eta horixe da gure lanaren helburua'. Joseba Etxarrik nabarmendu eban diasporako euskaldunek egiten dabezan jardueren barri izateko egarria daukiela.
Euskaldun guztiak ez dira bardinak: Zuberokoak, Enkarterrikoak, Tolosaldekoak, Erriberakoak, Bilbokoak... Danak dira desbardinak. Eta desbardinak dira, baita, diasporakoak. Ez da multzo homogeneoa, aberastasunez beteriko talde zabala baino. Eta horixe bera sano aberasgarria da euskaldun danontzako.