Antxina-barri  IV. urtea // 111. zenbakia

Simon Bolibar ‘Askatzailea’


Lehenengo urteak

Simon Bolibarren arbasoen harian, 1587an Simon Bolibar, Bolibarreko Burdinolaren jaubea Ameriketara doala ikusten dogu liburuetan. Mendeak igaro eta bere oinordekoakandik, Caracasen jaio zan 1783ko garagarrilaren 24an Venezuelako uriburuan, Caracasen, Simon Bolibar ‘Askatzailea’. Umetako urteak pozik igaro baebazan be, zoriontsu ibilteko boladea laster amaitu zan; zortzi urte eukazala gurasoak hil jakozan eta Simon txikia osaba-izekoekaz geratu zan. Dana dala, diru arazorik ez egoan Bolibartarrak lursail handien jaube ziralako.

Gazte zala Ameriketatik Europara etorri zan, hain zuzen be Bilbora, arbasoen inguruak ezagutzera. Bizkaiko uriburuan ezagutu eban bere emaztea izango zana, Mª Teresa del Toro Aiarza. 1802an ezkondu eta barriro Venezuelara joan zan bikotea, baina handik urtebetera, 1803an, emaztea gaixotu eta hil egin zan.

Bolibar Europan

Tristurea gozotuteko Simon Bolibar Europara itzuli zan eta bigarren bidaia honetan Parisen zala Napoleon enperadorea izentetan ikusteko aukerea izan eban. Orduan Parisen bizi zan egoereagaz liluratuta, bertan geratzea erabagi eban. Hurrengo hilebeteetan ospetsu egin zan amerikarra Parisen. Atara kontuak, Bolibarrek erabilten eban sonbrerua modan jarri zan eta izena be Le chapeau Bolibar jarri eutsen.

1805ean Italiara joan zan. Han Aita Santua ezagutu eban eta honegaz izandako batzarrean, Simon Bolibarrek bere izakera bereziaren adibideak erakutsi ebazan; orduan ohiturea zan Aita Santuaren oinak musukatzea baina amerikarrak ez eban holakorik onartu. Italiako uriburuan zala Bolibarrek bere bidea eta etorkizuna zein izan behar zan argi ikusi eban: Espainiaren menpe ziran Hego Ameriketako lurrak askatzea. Horren erakusle, Mendi Sakratuko Sinatzea izenez ezagutzen dan konpromisoa hartu eban. Agiri horretan, Ameriketako lurrak askatzeko asmoa agertu eban.

Hurrengo urteetan, Alemania eta AEBak bisitetan emon ebazan eta 1812an Ameriketarako bidea hartu eban bere bizitzako alderik ezagunenari hasikerea emonaz.

Askatzailea

1812an Indietako Kartagenarantz urten eban eta abenduan Kolonbian ekin eutson ibilbideari. Urtebete geroago Caracasen egoan. Ordukoa dogu bere oitizena: ‘Askatzailea’. Hortik aurrera, Kolonbia (1819), Venezuela (azkenengoz 1821ean), Ekuador (1822an), Peru (1824) eta azkenik Bolivia (1825ean) espainiarren eskuetatik libre itxi eta euren nortasuna aldarrikatzea lortu eban.

Herri horreetako banderak aurrean izan ezkero, ikusi geinke danak daukiezala bardin antzeko koloreak, nahiz eta era desbardinean ipinita egon. Kontua da, kolore horreek Simon Bolivarrek berak izandako amesetan onarritzen dirala; Bolibarren esanetan, amesetan ikusi eban bihotza sutan eukan ulehori eta begi urdindun emakumea. Horregaitik, herrialde horreetako banderatan gorria, beilegia eta urdina dira nagusi.

Simon Bolibar 1830eko abenduaren 17an hil zan, herrien askapenerako makinatxu bat behar eginda baina berak asmautako Hego Ameriketako Herrien Konfederazinoa eratzea lortu barik.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Aurten udalerri bat gehiago ‘sortu’ da Bizkaian: Ziortza-Bolibar izena hartu dau eta Lea Artibaiko eskualdean, Markinatik hur dagozan Bolibar eta Ziortzako kolegiata batzen dauz, inguruko auzo eta baserriekaz batera.

Bolibarko herriak, txikitxua izanda, badauka zer ikusi eta zer kontau. Besteak beste, bertokoak ziran gero Ameriketan ezaguna izango zan Simon Bolibar Askatzailearen arbasoak. Gizon honek orduan Espainiaren parte ziran gaur egungo Venezuela, Kolonbia, Ekuador, Peru eta Bolivia askatu ebazan. Hortik ba bere ezizena.

Oraingoan Simon Bolibarren gainekoak kontauko doguz gure artikuluan.